Frantziak euskarari baino eskubide gehiago ematen dio ingelesari; Euskal Konfederazioak euskararen ofizialtasuna egunero herriak emanen duela oroitarazi du (Berria-n)
Frantziak euskarari baino eskubide gehiago ematen dio ingelesari; Euskal Konfederazioak euskararen ofizialtasuna egunero herriak emanen duela oroitarazi du (Berria-n)
24/02/2005
PUBLICIDAD
Eneko Bidegain/Baiona. Euskal Konfederazioak garrantzia kendu nahi izan dio Frantziako Legebiltzarrak eta Senatuak hizkuntza gutxituen aldeko testuak baztertu izanari. «Ez gara harritu», dio Mixel Etxeberri Euskal Konfederazioko lehendakariak. Jakes Bortairuk itxaropenari ateak ireki dizkio. Garai bertsuan elebitasunaren aldeko neurri bat hartua izan da Bretainian, Bortaiuren arabera. «Hango administrazioetan frantsesaz aparte beste hizkuntza bat erabiltzeko aukera izanen dute.» Hizkuntza hori, ordea, ingelesa da. Elebitasun horrek ez duela Frantziako Konstituzioa urratzen zehaztua izan dela ere gehitu du.
Hori horrela izanik, Bortairuk dio «ingelesarekin posible dena» bretoierarekin eta euskararekin ere posible dela. Euskara Erakunde Publikoak (EPP) egoera horretaz ohartarazi nahi du, eta hemengo hautetsiei eta erakundeei bide bera hartzea aholkatu die. «Euskara dakien anitz ari da administrazioan lanean», zehaztu dute bertako ordezkariek.«Udaletxeek eta hautetsiek ulertu dute egiazko ofizialtasuna egunerokoak eta herriak ematen duela, ez testu batzuek», dio Mixel Etxeberrik. Andre Darraidou Auzapezen Biltzarreko lehendakariak auzapez guztiei galdegin die hizkuntzaren aldeko erabaki batzuk har ditzaten, horiek, bide batez, botere publikoei eta diputatuei helarazteko.
Euskal Konfederazioa nahiko haserre agertu da Ipar Euskal Herriko diputatuen kontra, «ez dutelako hizkuntza gutxituen aldeko testua defendatu». Sei emendakinetatik bi izenpetu zituzten, baina ez zuten eztabaidan parte hartu. Euskal Konfederazioak geroztik idatzi die Daniel Poulou eta Jean Grenet diputatuei, baina ez dute erantzunik jaso. Etxeberrik, izandako jarreraren harira, «herritarren ordezkaritza lana ez egitea» leporatu die diputatuei.