euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Apellidos vascos en Iparralde

20/06/2001

PUBLICIDAD

Frantses errepublikako guraso berriek buruhauste handiak izango dituzte hemendik aitzina, ez jakinez zer deitura hautatu lehen haurra sortzen zaienean. Orain arte, frantses kodigo zibilaren arabera, haurrek aitaren abizena hartzen zuten. Frantzian, emazte gehienek ere senarraren izena erabiltzen dute ezkondu orduko, nahiz eta legeak ez dituen horretara behartzen; anitzek ez dakite ohitura soil bat baizik ez dela. Jakinean direlarik ere, diote, hautu hori egin dutela, nahiago dutelako haurren deitura bera izan. Espainiako estatuan ezin da holako eztabaidarik sortu, emazteek beren bizi guzian atxikitzen dutelako sortzeko deitura, baita, beren haurrei ematen ahal dutelako, aitarenaren ondotik.
Berrikitan (2001eko) otsailaren 8an, Frantziako Batzar Nazionaleko diputatuek lege berri bat bozkatu dute deiturei buruz, aldaketa handiak ekartzen ahal dituenak maila horretan. Zer dio legeak? Gurasoek lau hautu izango dituzte beren lehen haurra sortzen delarik:
  • Aitaren deitura ezartzen diote, orain arte bezala
  • Amaren deitura soilik, lehenago bastartentzat baliatzen zena bakarrik, aitaren izena ez zelarik jakina
  • Aitaren deitura eta ondotik amarena
  • Amaren deitura eta gero aitarena
Legegileak azken kasu bati ere pentsatu du: gurasoak ezin baldin badira ados jarri, haurrak bien abizenak izanen ditu alfabetoaren arabera idatzirik.
Haurride guztiek familiako izen berdina izan beharko dute. Beraz, ez pentsatu zaharrenak aitaren izena har dezakeenik, eta ondokoak amarena, edo alderantziz.

Lege berri honek ordezkatuko du kodigo zibileko 333-5 artikulua, ziona: Haurrak aitaren izena hartzen du. Asma dezakegu artikulu hau egina zela aitaren ondorengoa segurtatzeko, bere abizena emanez emazteak ukanen zituen haurrei, bereziki semeei. Badakigu ere kodigo honen aurrekoa, erromatar pater familias-ena dela. Funtsean, frantsesez, deitura, patronyme erraten da; eta hitzaren erroa latinezko pater da. Lege berri honek, hiztegi aldakuntzak ekarri behar lituzke: amak emanen diolarik bere izena haurrari, matronyme bat dela erran behar lukete hemendik aitzina. Segur aski, oraindik zenbait denbora pasatuko da lege hau zabaldu orduko, eta pentsa dezakegu, aita-ama gehienek segituko dutela orain arteko ohiturarekin. Badu hamar urte baino gehiago, frantses gurasoek, amaren deitura ezartzen ahal dutela aitarenaren ondotik beren haurrei, eta arras gutxik egiten du hautu hori.

Batzar Nazionalaren erabaki honek ekartzen duen zinezko berezitasuna, amaren deitura hautuan dago, eta hori gertatu ahal izan da bizimolde eta mentalitate aldakuntza sakon batzuen ondorioz. Lehenik, legeak emaztea atera du aitaren edo senarraren menpekotasunetik. Ondotik, haurraren ardura bi gurasoen artean banatua izan da; orain, deitura biena izaten ahal du. Frantses legegileak segitu behar izan ditu, maiz berantarekin, emaztek eman dituzten pausoak beren askatasunaren alde. Nire ustez hori izan da, kodigo zibilaren aldatzeko funtsezko arrazoia, nahiz eta beste batzuk aipatzen diren; segur ere, lehenik legearen bozkarazteko; eta bigarrenik, tradizionalisten ez izutzeko. Zein dira aitzinean ezarriak izan diren beste arrazoi horiek, nire iduriz, oinarri eskasekoak? Frantzian deitura gero eta gutxiago omen dira, beraz orain diren guztiak atxiki behar dira, ondorioz amaren abizena ematea manera bat da deituren kopurua ez apaltzeko.

Egia da, deitura batzuk desagertzen direla; Frantzian, Euskal Herrian edo munduko edozein herritan, kontuan hartzen baldin badira bertako familia izenak bakarrik. Baina, emigranteek ez ote dituzte etengabe deitura berriak ekartzen, nahiz eta beste jatorri batekoak izan, denborarekin bertakotuko direnak. Beraz, ez du iduri, funtsezko arrazoi bat denik Frantzian; aldiz, sortze kopuru handi eta emigrazio eskaseko herrietan, Txinan, adibidez, homonimia problemak dituzte. Gehienik zabalduak diren abizenekin, arazo berdina izaten ahal da Frantzian, Euskal Herrian edo Espainian. Kanpotik etorritako deiturak, denborarekin bertakotzen dira, eta, maiz inor ez da gehiago ohartzen beste mintzaira batean direla. Iduriz, hola gertatzen da Hego Amerikako hainbat herritan , argentinar andere aberats batek erran zuenaren arabera : «Estos apellidos tan sud-americanos, como Etxegoien o Ugarte!», euskal jatorrizko izen batzuk aipatzean.

Zer eragin duke frantses kodigo zibileko lege berriak, Iparraldeko euskaldunentzat? Frantses eremuan bizi direnen ondorio berdinak: hautu gehiago eta beharbada gatazkak senar-emazteen artean haurraren deitura hautatzerakoan. Funtsezko aldakuntza euskal deituren mailan aspaldi gertatu zen, deia XVII. mendearen bukaeran, apaizak hasi zirenean aitaren abizena ezarri nahian haur sortu berriei. Garai horietan, ez zen deiturarik Euskal Herrian, jendea deitzen baitzen bere etxe izenetik; berdin balio zuen haurra izendatzean, etxea aitarena edo amarena izan zedin. Euskal lege zaharren arabera ez zen sexu bereizkuntzarik egiten ondorengoarentzat, lehen sortua izan zedin neska edo mutikoa. Beraz orain ditugun euskal familia izenak: domonimoak (latinez, domus = etxea) dira, erran nahi duena etxe izenak, aita edo amaren bitartez gutaraino iritzi direnak.

Euskaldunek aspalditik, Erdi Aroan deia, erabiltzen genuen gure ohituretan, orain, berritzat agertzen den legea Frantzian. Iparraldearentzat, zinezko aldakuntza ekarriko duen legea deitura maila, hauxe da: ahala emango diguna gure abizenen idazteko euskal grafia modernoaren arabera. Bitartean, ahalegindu gaitezen euskaraz ahoskatzera gure izenak, eta, ez frantses edo gaztelerazko eran, hola arrunt bestelakotzen ditugulako. Deiturak ere gure ondarea dira, eta, bizirik atxiki behar ditugu, mintzaira bezala gure ondokoentzat.

Marikita Tambourine, irakaslea


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia