euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

On line Bertso Eskola: Nekez baina tinko eusten diote bertsolaritzari AEBetako euskaldunek (Naiz-en)

2025/06/07

Bizimodu oparoago baten bila euskaldunak Mendebalde Urrunera joaten hasi zirenetik, bertsoak Ipar Amerikako diasporaren parte izan dira, eta katea ez da eten. Hala ere, euskal hiztunak gero eta gutxiago dira, eta gehienak zaharrak. Hortaz, bertsolaritza biziberritzeko bide berrien bila ari dira, adibidez, internet bidezko topaketak eginez.

Lotura: Naiz.eus

Jabi Piedra. Pasa den martxo amaieran ehunka lagun batu ziren San Frantziskon, Kalifornian, Johnny Curutchet hilberriaren omenezko bertso saioan. Diasporako bertsolariak zein Euskal Herritik joandakoak elkartu ziren Basque Cultural Center-eko gaualdian, giro bikainean, batzuen eta besteen jaioterrien artean milaka kilometro itsaso eta lur ez baleude bezala. Wyomingeko euskal-amerikar bat izan zen gai-jartzaile, Mikaela Goicoechea; eta bizkaitar bat arduratu zen publikoari bertsoen mamia ingelesez azaltzeaz, Xabi Paya.

Saio biribila izan zen, baina errealitatea gordinagoa da, AEBetan bertsolaritza egoera zailean baita. Bertsolariak zahartzen ari dira eta, Johnny Curutcheten kasuak agerian uzten duenez, baita hiltzen ere. Gazteen artean lekukoa hartuko dutenak aurkitzea ez da erraza, belaunaldi berrietan gehienek ez baitakite euskaraz. Euskal dantzak, kirolak eta ohiturak maite dituzte, baina, noski, bertsotan egiteko hizkuntza ere beharrezkoa da.

«Gazteak erakartzeko arazo bat dugu, bertsotan egiteko euskaraz jakin behar dela», dio Todor Azurtzak. «Azkenaldian sumatu dut hizkuntza berreskuratzeko gogo bat, gazte batzuk Maizpideko [Gipuzkoa] barnetegira joaten dira, baina gero beste pauso bat dator, hau da, bertsotan egiteko gogoa eta gaitasuna izatea; Euskal Herrian ere, euskaldun guztiak ez dira bertsolari», gaineratu du. Luzaroan Idahon bizi izan da Azurtza, eta AEBetan bertsolaritza sustatzeko egiten diren ekimen askoren atzean dago. Horien buru, Bertsolaritzari Arnasa Berritu programa, 2022tik martxan dena.

Estatu Batuetako bost bertsolari beteranori egindako omenaldian jaio zen programa abian jartzeko ideia. Johnny Curutchet, Jesus Goñi, Martin Goicoechea, Gratien Alfaro eta Jesus Arriadari egin behar zieten gorazarrea 2020an, baina, pandemiaren erruz, 2022an egin zen saioa, San Frantziskon. Bost omenduak adinean gora zihoazen, batzuek plazak utziak zituzten eta, kezkaz, Martin Goicoechea eta Franxoa Bidaurreta hurbildu zitzaizkion Todor Azurtzari. «Hura galtzen ari zela eta zerbait egin behar genuela esan zidaten».

Herrialdeko euskal etxeen bilgune den NABOren laguntzaz sortu zuten Bertsolaritzari Arnasa Berritu, hiru helbururekin: aurrenekoa, saioak antolatzea AEBetan, bertako eta Euskal Herriko bertsolariekin; bigarrena, euskal-amerikarrek hain gogoko dituzten festa eta picnic-etan bertsoari lekua egitea; eta hirugarrena, bertsolari berriak sortzea. Azken asmo horri Azurtzak heldu zion eta berehala hasi zen Boiseko bertso-eskola berrirako ikasleen bila.

Azurtzak zehaztu duenez, Boiseko Arnas Berri bertso-eskola izanagatik, egoitza fisikorik ez dago, euskal-amerikarrak ia hamar milioi kilometro koadroko herrialdean sakabanatuta bizi baitira. Interneten elkartzen dira astean behin Idaho, Kalifornia, Oklahoma, Wyoming, Washington DC eta New Yorkeko bertsolariak, Skype bidezko saioetan. «Martinek [Goicoechea] proposatutako erronkari erantzunez hasi nintzen bertsolaritza sakontasunez lantzen eta, Skype bidezko bertso-eskola martxan hasi zenean, neroni jarri nintzen irakasle, aurretik sekula halako lanik egin gabea nintzen arren», dio Azurtzak.

Bertsoari helduko zioten ikasleak aurkitzea ez zen erraza izan, baina gutxi batzuk animatu ziren. New Yorkeko Euskal Etxera iritsitako deialdi baten bidez izan zuen ekimenaren berri Nerea Eceiza Arreguik: «Harrigarria, pozgarria, iruditu zitzaidan Ameriketan birtualki bertso-eskolan parte hartzeko aukera izatea». Hala, 2022ko udazken hartan murgildu zen lehenengoz bertsogintzan. Euskal Herrian jaio eta hazitakoa da Eceiza, baina New Yorken hamar urte zeramatzanean izan zuen lehenengo kontaktua bertsoarekin, Arnas Berri eskolari esker.

Herrialdearen beste muturrean, Ozeano Barearen ertzeko San Frantziskon, agertu zen bertso-eskola birtualerako beste ikasle bat, Oier Pastor. Euskal Herrian bertsotan aritu izan diren kideak ere badabiltza, edo ibili izan dira, Skype bidezko saioetan, esate baterako, Oklahoman bizi den Ibon Ajuria eta Washington DC hiriburuan urte batzuk daramatzan Urtzi Urrutikoetxea. Martin Goicoechea beteranoak ere ez du hutsik egiten, Wyomingetik. “Atzerritar” bat ere badute, Ibon Iza, Dimatik (Bizkaia) konektatzen baita.

«Skypek dakarren abantaila argi dago, elkarrekin egon gabe ere bertso giroa mantentzeko aukera ona da», dio Urtzi Urrutikoetxeak. Washingtonen bizi denetik, Santutxuko Bertso Eskolako osteguneroko hitzorduen hutsunea du, «nolabait hori betetzen lagundu dit». Onartzen du, jakina, bertsolariek nahiago dutela elkarren ondoan egon, «joan-etorriko komunikazioa» baita eurena, interneten galdu egiten dira “keinu txikiak”. Edonola ere, pantailaren bidezkoa «momentu gozagarria» dela azpimarratzen du, «asko estimatzen dut». Nerea Eceizak gaineratu duenez, «pantaila aurrean bertsotan egitea, zuzenean egitearekin alderatuta, oso esperientzia desberdina da».

Hasiera batean igandeetan izaten zen bertso-eskolakoen hitzordu birtuala, goizez. Urrutikoetxeak gogoan du Ekialdeko kostaldean goizeko hamarretan hasten zirela, baina, noski, ordu aldaketen kontura, Wyoming eta Idaho aldean zortziak ziren. Gero, astearteetara aldatu zuten eguna. Eceizak ere aipatu ditu eskualde bakoitzeko ordutegietara moldatzeko egiten dituzten “tetris”-ak.

Ia hiru urteko jardunari esker, bertsolari peto bihurtu dira Oier Pastor eta Nerea Eceiza, oholtzetan ere aritzen dira, jendaurrean. Adibidez, San Frantziskon abestu zuten martxoan, Johnny Curutcheten omenezko saioan. Todor Azurtzak azaldu du Skype bidezko hitzorduak dagoeneko ez direla eskola hutsak, eta topaketa kutsua hartu dutela: «Jada ez dago garbi nor den irakasle eta nor den ikasle». Lanaren eta konpromisoaren ondorioa da, Azurtzaren ustez: «Hasi ginenean, seriotasuna eskatu nien ikasleei, astero-astero elkartuz gero ziur bertsolari izango zirela agindu nien, eta frogatu da baietz. Bertsotan aritzeko gai diren pertsonak sortzeko gai izan gara».

EUSKARAREN BABESLEKU

Euskal identitatearekin lotuta jarraitzeko modua da bertsolaritza Estatu Batuetara joan direnen artean. Esaterako, Nerea Eceizak onartzen du, ama hizkuntza euskara duen arren, hamar urte Ameriketan pasa eta gero «deiak eta mezuak euskaraz artikulatzeko gaitasuna nahiko galduta» zuela. «Bertsoari esker, hizkuntza gaitasuna berreskuratu dut».

Bigarren edo hirugarren belaunaldiko euskal-amerikar gehienentzat, ordea, hizkuntza bigarren mailako elementua da identitatea eraikitzeko orduan, Basque asko baina euskaldun gutxi daude. Hartara, komunitateko kiderik zaharrenak hiltzen doazen heinean, euskara ere urritzen doa Euskal Etxeen bilkura, jaialdi eta abarretan. Egoera horretan, bertsolaritzak har lezake hizkuntza berriro ikusgai egiteko ardura; alegia, bertsolaritzak euskara behar duen bezala, euskarak ere bertsolaritzaren hauspoaren beharra du Estatu Batuetan. «Bertsolaritza aitzakia ederra da euskara plazan jartzeko, bestela, ez da euskara askorik entzuten», dio Todor Azurtzak.

Bereziki herrialdearen mendebaldean, Kalifornian, Nevadan eta Idahon, ohikoak dira euskal jai eta bilkurak, askotan picnic eran antolatuak. Halakoak aprobetxatu behar direla uste du Azurtzak, eta bertso saioak egitarauan sartu. «Batzuek galdetzen dute ea zertarako behar diren bertso saioak picnic-etan, askok ulertu ere ez badute egiten. Bada, batetik, gure kultura azaleratu behar dugulako, ez baduzu zerbait ikusten ez duzu interesik izango; bigarrenik, publikoa sortu behar dugulako, bertsolaritza komunikazioa da, entzuleen erreakzioak eragina du».

Egon badaude bertsozale sutsuak Estatu Batuetan, gero eta gutxiago badira ere. Publiko berria erakartzeko orduan, berriz, zuzeneko itzulpena tresna eraginkortzat jo du Azurtzak. «Behin, saio batean, haur bat entzun nuen galdezka ea bertsolariek zergatik kantatzen zuten abesti bera behin eta berriro; noski, zer gertatzen den ez baduzu ulertzen, bertsolaritzak monotonoa irudi lezake kanpotik». Xabi Payak egiten duen lana goraipatu du, urtero joaten baita San Frantziskoko Basque Cultural Center-eko saiora bertsolarien esanak unean bertan ingelesera itzultzera. Aurten, San Frantziskokoaren biharamunean, beste saio batean ere zeregin horretan aritu zen, Chinon (Kalifornia). «Etorkizuna hori izan daiteke», dio Azurtzak.

XALBADOR ETA MATTIN

Urteak joan urteak etorri, Estatu Batuetako bertsolarien biltoki nagusia bilakatu da San Frantziskon egiten duten “saio mundiala”. Skype bidezko eskolaren fruituak ikusi ahal izan dira aurten, Nerea Eceiza eta Oier Pastor kantuan aritu baitziren Todor Azurtza eta Martin Goicoechearekin batera. Euskal Herritik joan ziren, gainera, Xabat eta Joanes Illarregi anaiak, Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze. 200 entzule inguru batu ziren. Bertsoak entzuteaz gain, bazkari ederra egin zuten eta, iluntzean, Bulego taldearen kontzertuaz gozatu zuten.

Aurtengo edizioa Johnny Curutchet omentzeko erabili dute, 2024ko abenduan zendu baitzen. Curutchetek euskara, euskal kultura, dantzak, pilota eta, jakina, bertsolaritza sustatzen egundoko lana egin zuen Kalifornian. Haren hutsunea betetzea zaila izango den arren, San Frantziskon bertsolaritzaren alde ari dira, nekaezin, Franxoa Bidaurreta eta Philippe Axeritogarai, besteak beste. Orain Oier Pastor batu zaie, eta Martin Goicoecheak ere, Wyoming Kaliforniatik urrun badago ere, egundoko ekarpena egiten du.

San Frantziskoko Basque Club, hain zuzen ere, bertsolaritzari lotutako gertakari batek eraginda sortu zela azaldu du klubeko diruzain Philippe Axeritogaraik: «Euskal etxerik ezean, San Frantziskoko euskaldunak frantsesen eta espainolen klubetan elkartzen ziren, eta behin Xalbador eta Mattin ekarri zituzten kantatzera, frantsesen klubaren picnic batean. Euskaraz aritzeagatik mikrofonoak itzali zizkieten eta euskaldunak biziki atsekabetu zituen horrek, gau hartan bertan, gazte batzuek sortu zuten Basque Club».

1960ko pasadizoa da hori, baina gaur arte ez da bertsozaletasuna itzali Kalifornian. 2010era arte, hala ere, giro informalean baino ez zuten bertsotan egiten. «Hemengo bertsolariak (Johnny Curutchet, Gratien Alfaro eta Jesus Arriada) bertsotan aritzen ziren mezatan edo gure ekitaldietako bazkalosteetan», oroitzen du Axeritogaraik. Klubak 50 urte bete zituenean bururatu zitzaien bertso saio bat oso-osorik antolatzea. Estatu Batuetako bertsolariez gain, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio txapelduna eraman zituzten Euskal Herritik. Harrezkero, ohikoak dira halako saioak.

Udan berriro elkartuko dira Estatu Batuetako eta Euskal Herriko bertsolariak, Boiseko Jaialdi ospetsuan. Bost urtean behin egiten da ospakizuna, baina, pandemia tarteko, 2015etik ez da egin. Egitarau ofizialean sartu dute saio bat, Nerea Ibarzabal eta Onintza Enbeitarekin. Gainera, Convention Center-en Jaialdiko egun guztietan egoten diren agerraldietan bertsolaritzak lekua izango du, dantzekin eta kantuekin batera, Todor Azurtzak aurreratu duenez. San Inazio egunez urtero Boisen egiten den ospakizun tradizionalean ere, aurreko bi urteetan bertsolariak egotea lortu du Azurtzak.

JENDE GEHIAGOREN BILA

Pixkanaka, beraz, bertsolaritza plazak berreskuratzen ari da. Zehazki, Estatu Batuetako mendebaldean ari dira sortzen bertsoaren inguruko ekimen berriak, ekialdeko kostaldean ezer gutxi dago oraingoz. Washington DC-ko euskal komunitatea «txikia eta sakabanatua» dela dio han bizi den Urtzi Urrutikoetxeak. Euskal etxerik ere ez dute eta, hortaz, ekitaldi zehatz batzuen inguruan baino ez dira elkartzen; adibidez, Korrikan.

New Yorken ere hutsunea sumatzen du Nerea Eceizak. Online bidez saio gehiago egin nahi lituzke, diasporako zein Euskal Herriko bertsolariekin eta, jakina, «harreman zuzena, presentziala» ere faltan hartzen du. Behinik behin, han badute Euskal Etxea eta iaz Igor Elortza eta Rafa Rueda gonbidatu zituzten Anonyme Popular saioa aurkeztera. «Amaieran, Igor Elortzarekin bertso bana botatzeko aukera izan genuen», oroitzen du Eceizak. New Yorken bertso saioren bat antolatzeko gogoz dago, «hemen inguruetako bertsozaleak zein diren nolabait identifikatu eta haiekin elkartzeko».

Izan ere, diasporako bertsozale batzuen oinarrizko arazoa da ez dutela inguruan zaletasun bera duen inor; esate baterako, Eceizak online bidezko saioetan ezagutu ditu kantu-lagun guzti-guztiak. Dena den, bertso-eskola birtualean egindako adiskideek ekarpen handia egin diote: «Arnas Berri eskolako kideok lagun handi egin gara. Astero, AEBetan bizi duguna, hemengo egoera sozioekonomiko, politiko eta kulturala bertsotan kantatu eta euskaraz gogoeta egiteko aukera ikaragarri disfrutatzen dut». Dei egin die Ekialdeko Kostaldean bizi diren bertsozaleei Arnas Berrirekin harremanetan jartzera, «Ekialdean ekimenak martxan jartzeko, lana egin behar dugu». Bereziki emakumeak erakarri nahi ditu Eceizak, ez baitu herrialde guztian bertsotan ari den besterik ezagutzen.

Luzera begira, bertsozaletasunari eustea lan nekeza izango dela aitortzen dute Ekialdean zein Mendebaldean. Todor Azurtzak, ia bizi osoa Ameriketan egin eta gero, Donostiara etortzeko erabakia hartu du eta kezkatuta dago ea lekukoa nork hartuko duen, batez ere, epe luzera: «Bertso-eskolakoak lanera joandako euskal herritarrak dira, haiek etxera itzultzen badira, nor geratuko da?». Philippe Axeritogaraik onartu du han jaiotakoak erakartzea ez dela erraza: «Ameriketan, euskal izaerari dagokionez, bertsolaritzak ez du Euskal Herrian duen garrantzia, euskal hiztun gutxi daudelako». Nerea Eceizaren ustez, «lehenengo pausoa, euskal etxeen laguntzarekin, euskaraz dakiten eta bertsotan egiteko gogoa duten ume, gazte eta helduak topatzea litzateke, Estatu Batuetako bertsolaritzaren etorkizuna eraikitzen jarrai dezagun».

Martin Goicoechea: «Zerbait egin nahian ari gara, gure arte honi bizirik eusteko»

Gorritin (Nafarroa) sortua, Martin Goicoechea 18 urterekin joan zen Estatu Batuetara, 1966an, eta Wyoming estatuan bizi da geroztik. Amerikako bidea hartu aurretik Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen. Euskal Herritik urrun egonagatik, ez zaio bertsotarako grina apaldu: bat-bateko saioetan maiz aritzeaz gain, Estatu Batuetako mendebaldean bertsolaritza bultzatzeko ekimen gehienetan engaiatua da.

Martxoaren 22an San Franciscoko Basque Cultural Center-eko oholtzan kantatu zenuen, Estatu Batuetako eta Euskal Herriko bertsolariekin. Nolako gaualdia izan zen?

Oso ongi atera zen, nire ustez, eta otordua ere egin genuen. Gainera, kantatzen ari ginen aldi berean, Xabi Payak ingelesera aldatu zuen guk esandakoa, horrek asko lagundu zuen, ze han bazen jende dezente, 200 pertsona inguru izango ziren. Hurrengo egunean Chinon kantatu genuen, hura ere saio polita izan zen.

Zein egoeratan dago bertsolaritza gaur egun Estatu Batuetan?

Oso zaila dago hemen, baina gutxienez urtean behin erakusten dugu bertsoa zer den, San Frantziskoko saioan. Orain ari naiz urtean bi aldiz egin dadin lortu nahian, udan bat eta neguan beste saio bat, bila ari naiz dirulaguntza nondik lortu. Euskal-amerikar askok ez dakite euskaraz, hor bada arazo bat, baina oraindik badaude zaleak, batzuk oso-oso zaleak. Gehienak handik [Euskal Herritik] etorriak edo haien seme-alabak dira, oraindik euskarari eusten diotenak. Edadetzen ari gara, ordea.

Zu Estatu Batuetara iritsi zinenean, 1966an, giroa desberdina zen.

Bai, eta hala ere, ni etorri nintzenean baino aurreratuagoak gaude egun. 1966an hemen ez zen ezer, ez zen bertsolaririk. Horregatik, hogei urte pasa egon nintzen mutu, bertsotan egin gabe. Behin, Kantari Eguna jarri zuten Gardnervillen, Nevadan, han animatu nintzen berriz kantatzera. Urduri nengoen, baina geroztik segitu egiten dut.

Beterano gehienek oholtzak utzi dituzte. Zuk, ordea, segitzen duzu han eta hemen kantatzen, belaunaldi gazteagoak lagun.

Ez da Euskal Herrian bezalako mugimendurik, baina aritzen gara, bai. Zerbait egin nahian ari gara, gure arte honi, gustatzen zaigun arte honi, bizirik eusteko.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia