euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Munduko euskaldunak soka berean aurreskua dantzatuz (Dantzan.eus-en)

2019/12/06

(artikulu honen jatorrizko bertsioak hainbat argazki dauzka, ikus artikulua argazkiokin ondoko loturan)

Lotura: Dantzan.eus

Euskal Gizataldeak Munduan VII. Kongresuaren baitan, Euskaldunak Kalifornian erakusketa ireki da Bilboko Euskal Museoan urriaren 3an. Bertan izan dira kongresuan parte hartzera etorritako munduko hainbat lurraldetako euskaldunak. Hitzartzeekin hasi aurretik, guztiak batera soka batean batu, eta elkarrekin aurreskua dantzatu dute.

Sokan sartu dira munduko hainbat txokotako euskaldunak, Boise, Montevideo, Londres, Salt Lake City, Reno, Mar de Plata, Gasteiz edo Necocheakoak, eta tartean, William Douglas, euskal kultura eta identitateari buruz nazioarteko ikerketan aitzindaria. Aurresku hori bideratzeaz arduratu dira dantzan.com, Kezka dantza taldea eta Usartza txistulari taldea. 

Sokan Euskal Museoko klaustro ederrean, Mikeldiren idoloaren alboan, ingura-minguran hasi ondoren, desafioa dantzatu dute aurresku eta atzeskuek. Zerbitzariek lehen gonbidatua plazaratu dute aurreskuak agurra dantza diezaion. Patty Miller izan da lehen gonbidatua, Boiseko Euskal Museo eta Kultur Etxeko zuzendaria, eta bere aurrean dantzatu du aurreskuak. Bigarren gonbidatu berezia Asun Garikano, idazlea eta Ameriketako euskaldunen historiaren ikertzailea izan da, eta atzeskuak dantzatu du bere aurrean. 

Banan-banangoa sokako guztiek dantzatzeko aukera izan dute, bakoitzari beren txanda iritsi ahala, pauso batzuk aurrera egin eta bakarka dantzatu dute hainbat kidek. Munduko euskaldunek, beste behin erakutsi dute euskal dantzaren hizkuntza menderatzen dutela, euskal dantzak batzen gaituela bateko eta besteko euskaldunak, gorputz-lengoaia bera konpartitzen dugula. 

Fandango eta arin-arin eta azken kalejira alaiarekin, gorputzak berotuta eta soka-kide guztien arteko harremana tinkotuta bukatu da soka-dantza. Hizlarien ekarpenak entzun eta erakusketa bisitatzeko unea iritsi da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia