euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Jauzarrea, Louisbourgeko gotorlekua: Euskaldunak XVIII. mendean Kanadan izan zirenekoa (El Diario Vascon)

2025/08/24

Urtero zenbait euskaldunek 10 aste igarotzen dituzte Louisbourgeko gotorlekuan (Eskozia Berria, Kanada) egiten den errekreazio historikoan

Lotura: El Diario Vasco

Jon Agirre. Aspaldian entzuten zen euskara Cape Breton uhartean den Louisbourgeko gotorlekuan (Eskozia Berria, Kanada), XVIII. mendean zehar euskal arrantzale mordoa –uda garaian 2.000 arte– biltzen baitzen bakailaoaren bueltan. Gerora, munduaren bilakaera bitarte, hizkuntza-usadioak aldatu ziren, harik eta 2019ko ekainean Jauzarrearen eskutik errekreazio historiko modura berreskuratu arte. Ordutik, udaro 10 astez euskal presentzia berritu da «XVIII. mendeko beren jantziekin, garaiko musika tresnekin, berezkoetan oinarrituz erreproduzituak, dena xeheki zaindua. Kantu, dantza, musika edo euskal historia edo kulturari buruzko beste edozer alderdi ere erakusgai» izanda. Azken txandan, ekainetik abuztura, izan dira Nora Melo eta Jone de Andres.

Frantziar eta ingeles koroek lurraldearen jabetza-eskubidea hartu zuten lekuko Mi'kmaq herriaren gainetik eta Ipar Amerikako berreraikuntza lan handienetakotzat hartzen den indusketa arkeologikoen ondoren –1961ean hasi ziren– eta aurkitu ziren aztarnen eta artxiboetako erregistroei jarraiki, Parks Canadako taldeak eszenaratzea egin zuen. Jauzarreak esan bezala «XVIII. mendeko dokumentuengatik euskaldunok presentzia nabarmena» izan zuten, baina ez zen erreflejatzen, 2019a arte.

Akordio horren eskutik, euskal ikasleek euskaldunen etxeetan 1744 bueltako pertsonaiak antzezten dituzte, haiek izango lituzketen jarduera orotan. Eta 15 minutuero Louisbourg kanpoaldera autobusetan heltzen diren bisitariei, batik bat AEBtako biztanleak baina baita «Kanada, Alemania, Herbehereak, Japonia eta euskaldunak ere». Han egiten diete harrera, azaltzen du Melok. Urtean 150.000 bat omen dira.

Melo eta De Andresen jarduna gotorleku kanpoaldean, «arrantzaleen etxeetan», hasten da. «Zein ziren azaltzen diegu, nor bizi zen, bakailaoa arrantzatzen zutela, euskaldunak zirela...», izan ere, arrantzaleen «%65 edo %70» ziren euskaldunak. «Luis XV Frantziako eta Nafarroako erregea zen eta bertatik asko etorri ziren». Solasaldia Melo eta De Andresen artean egiten dute, biek lehenik euskaraz eta, ostean, frantsesez eta ingelesez hurrenez hurren. Besteak beste, «euskara Europako hizkuntzarik zaharrenetakoa dela, ez duela ahaide ezagunik, ez dela frantses eta gaztelaniaren arteko nahasketa, Euskal Herria Frantzia eta Espainia arteko lurraldean dagoela...». Eta, noski, pertsonaia hautsi gabe. «XVIII. mendean egongo bagina bezala jokatzen dugu, gu herriko epailearen alabak gara». Horretaz gain Louisbourg-en dira unitate zibila deiturikoa, hau da, gainerako biztanleak, unitate militarra, gotorlekua babesten zutenen paperean ari direnak eta antolakuntzakoak, «berdez jantzitakoak, dena ondo doala eta tourrak egiteaz arduratzen direnak».

Euskarazko bigarren interakzioa arratsaldean izan ohi dute, gotorleku barnean den tabernan. «Garai horretan itsasontzi guztiak ate moduko batetik igarotzen ziren eta haren ondoan dago». XVIII. mendeko kantu eta dantzak eskaintzen dituzte, baita kontradantza ingelesak eta frantsesak ere, bi musikariren laguntzaz eta «garaiko musika tresnekin, berezkoetan oinarrituz erreproduzituak, dena xeheki zaindua». Bisitariek galdera ugari egiten dizkietela dio, eta anekdotarako tarteak ere izan dituztela, esaterako Durangoko bikote bat edo euskal famili bat gerturatu zitzaizkienean. Azken hauek dantzara ere animatu omen ziren: «Agurra, Lantzeko inauteriak, zortzikoak...».

Bi hilabeteko jarduna

Ekainaren 23an heldu zen Kanadara eta bi hilabetez izan dira bertan Melo eta De Andres. Errespetuarekin hartu zuen ardura, baina oso gustura aritu da bertan eta azken egunak itzultzeko penarekin bizi dituela dio. «Lankideekin-eta talde ederra egin dugu, oso gustura aritu gara». Eta hori hasiera edo proiektura batzeko modua ez zela ohikoena izan, errebotez jakin baitzuen. «Niretzat bat-bateko kontu bat izan zen». Hasiera batean De Andresekin batera beste pertsona bat zen joatekoa Kanada aldera, baina hilabete pare bat lehenago iritziz aldatu eta ireki zitzaion atea.

Proiektuko arduraduna, Xabi Otero, ordezko bila ari zela Meloren ezagun batekin aurkitu zen. «Dantzaria zen, euskaraz ondo moldatuko zen eta Kanadara joateko prest zen norbaiten bila zebilen». Aukera entzunda, eta etxekoen babesarekin, bat egin zuten donostiarrak. «Zalantzak nituen, baina amarekin hitz egitean argi ikusi nuen bizitzan behin aurkezten den aukera zela Kanadako herritxo batera joatea Euskal Herria ordezkatzera. Eta hemen nago», azaltzen du barre artean.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia