euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Irene Larraza, Etxeparek 15 urte: «Gu ez gaude diskurtsoak eratzeko, gure sortzaileei bide emateko baizik» (Atarian)

2025/12/21

Etxeparek 15 urte bete ditu aurten; urtarrilean, 8 urte beteko dira Irene Larraza Aizpurua bertako zuzendari izendatu zutela. Euskara eta euskal kultura frankofonian ezagutaraztea da institutuaren hurrengo erronka nagusia. Adierazi du, nazioartean ez ezik, etxean ere lan handia dagoela egiteko.

Lotura: Tolosaldeko Ataria

Josu Artutxa Dorronsoro. Urriaren 29an bete zuen 15. urteurrena Etxepare Euskal Institutuak. Irene Larraza Aizpurua (Tolosa, 1970) da bertako zuzendari orokorra. Harrituta dago, ez delako ohartu institutuaren urte erdiak egin dituela kargu horretan. Luze eta zabal hitz egin du institutuaren ibilbideaz, zuzendari izatearen pisuaz eta euskararen nahiz euskal kulturaren orainaz eta etorkizunari begirako erronkez, eta zenbait hausnarketa egin ditu. Aitortu du egunero daramala arduraren karga gainean, baina egunero ikasten duela zerbait berria, eta esan du «luxuzko» lana duela: «Pribilegiatua sentitzen naiz».

Zer suposatzen du institutuarentzat hamarkada eta erdi betetzeak?

Beti da une aproposa atzera begiratzeko, eta berriz ere kontatzeko zergatik daukagun institutu bat; zertarako daukagun eta zein den gure egitekoa. Beraz, horretarako aitzakia bat da.

Azaroaren 19an, Parisen egin zenuten ospakizun-ekitaldia, Frantziako Liburutegi Nazionalean. Zergatik bertan?

Berez, kongresu batek eraman gintuen Parisera. Euskal ikasketak sustatzen ditugu Frantziako bi unibertsitatetan, eta haiekin antolatu genuen ekitaldia. Frantzian eta frankofonian hizkuntza gutxituekin zer gertatzen ari den azaldu nahi genuen, eta berezko izaera duten hizkuntzetako ordezkariak gonbidatu genituen, guk bezainbesteko baliabideak ez dituztenak. Euskara ardatza izan zen, eta euskararen zenbait mugarri eredu izan ziren. Bederatzi unibertsitatetako hogei akademiko elkartu genituen, eta han ginela pentsatu genuen urteurrena ospatzea.

Ondorioz, liburutegi nazionalera jo genuen, normalki han egoten delako Linguae Vasconum Primitiae, Bernart Etxeparek 1545ean argitaratutako liburua. Azkenean, elkarlan baten abiapuntua izan zen ekitaldia, eta jomuga. Izan ere, 2025-2028 epean, helburu dugu frantses hizkuntza duten herrialdeetan euskara eta euskal kultura ezagutaraztea. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun Frantziako Liburutegi Nazionalak euskarari eta euskal kulturari aitortza egitea.

Aspaldian, zenbait ospakizun aldarrikapenerako ekitaldi bilakatu dira, batez ere euskarari lotutakoak. Zuek ere izan zenuten horretarako mezurik?

Guk azpimarratu genuen institutu bat daukagula, eta horrek esan nahi duela ez garela munduko edozein hizkuntza edo kultura baino gutxiago. Munduan hegemonikoak ez garen edo estatu-hizkuntzak ez garen bi hizkuntza eta kultura bakarrik gaude: Herrialde Katalanetako Ramon Llull Institutua eta gu. Guk aldarrikatu nahi genuen Europan beste hizkuntzen egiteko berdina daukagula, eta haiekin buruz buru lanean aritzeko nor bagarela. Horregatik jo genuen Parisera, harrotasunez, eta ez harrokeriaz.

Egon zen beste hausnarketa bat. Gaur egun, euskara zenbait esparrutan dago, hainbat hizkuntzatara itzulita dago, eta posible da euskaraz munduan barrena joatea. Gure sortzaileen lanak munduan zehar daude, eta nahikoa maila dute edozein jaialdi edo programatan egoteko.

Azkenik, adierazi genuen euskarak munduan egoteko gainerako hizkuntzen arrazoi berberak dituela, itzulpengintza daukagulako. Umberto Ecok esan zuen Europako hizkuntza zela itzulpengintza; guretzat ere hala da. Zaila da, baina egingarria da, eta egiten ari gara. Ez daukagu lotsarik. Anjel Lertxundik behin esan zuen ez dagoela unibertsala den ezer, tokian tokikotik ez datorrena. Beraz, zergatik pentsatu ingelesez, frantsesez, alemanez edo portugesez sortzen den edozer gurea baino gehiago dela?

Ez da erronka makala euskara eta euskal kultura frankofonian ezagutaraztea.

Ez. Frantsesak 321 milioi hiztun ditu. Konturatu ginen frankofonian oso ezezaguna dela euskal kulturgintza, euskaraz jaiotzen eta sortzen dena, batez ere garaikidea. Frantzian badago elementu folklorikoa, tradizioetan, baina euskal kulturari ez zaio apenas erreparatzen. Oso nabarmena da. Adibidez, hamabost urtetan, euskarazko 270 literatura-lan itzuli ditugu hainbat hizkuntzatara, baina horietatik hamar baino ez ditugu itzuli frantsesera. Alarma bat piztu zitzaigun, ohartu ginelako frantses hiztun komunitateak bizkarra ematen ziola euskal kultura garaikideari.

Hiru ildo nagusi ditugu 2028ra arte: ahalik eta gorenen eta erdigune nagusietan dauden eragileekin harremanetan jartzea, euskararen irakaskuntza sustatzea, haren erreferentzialtasuna handitzeko, eta euskal kulturak prestigioa hartzea.

«Sortzaile bati diru laguntza emateko ez dugu begiratzen nondik datorren, euskaraz bada»

Euskal Herrian badaukagu muga bat Frantziarekin, politikoa; kulturalki, aldiz, ez daukagu. Baina hango kultura, gertukoa bezain urrunekoa da askorentzat.

Hori abiapuntu bat izan da proiektu honetan. Etxeparen beti landu dugu Euskal Herriko sorkuntza eta hizkuntza, ez soilik EAEkoa. Hasieratik izan da institutu nazional bat. Sortzaile bati diru laguntza emateko ez dugu begiratzen nondik datorren, euskaraz bada. Euskarazko sorkuntza orori ematen diogu erantzuna. Motor ere bagara. Aliantza eta aukera berriak bultzatzen ditugu, euskal sortzaileen sektoreekin adostuta. Haien helburuak gure egiten ditugu, eta urtero errepasatu eta berritzen ditugu ekintzak. Guk ez dugu bereizten, ez dugu mugarik ikusten, eta denak dira ongietorriak.

2018an izendatu zintuzten zuzendari orokor, eta institutuaren urte erdiak egin dituzu karguan. Azkar igaro zaizkizu?

Oso azkar. 2012tik ari naiz lanean; berez, nire postua komunikazio arduradunarena da. Aizpea Goenaga izan zen lehen zuzendaria; gero Miren Arzalluz hasi zen 2017an, eta urtebete egin zuen. Orduan, kultur sustapeneko arduraduna nintzen. Hark Pariserako bidea hartu zuen, eta horrela sortu zitzaidan aukera. Niri eman zidaten konfiantza, eta geroztik mantendu dute. Urte asko dira, eta taldeagatik ez balitz ez nuke iraungo. Oso talde ona daukagu. Hala ere, postua ez da betiko, eta ez nuke ardura honetan auskalo noiz arte egon nahi, ez litzatekeelako logikoa izango.

Urteak azkar igarotzea seinale ona ala txarra da?

Ez dakit. [Barreak] Uste dut ona dela. Batzuetan neure buruari galdetzen diot ea ez ote nagoen erosoegi. Beti dauzkagu proiektu berriak eskuartean, eta mapa batetik bestera gabiltza. Askotan pentsatzen dut ondo ari ote garen, edo zerbait birpentsatu behar ote genukeen. Izpiritu hori beti eduki behar da bizirik, eta kontuan daukagu; ez gaude lo.

Goenaga eta Arzalluz aipatu dituzu. Pisu handia zuen testiguak?

Bazuen, bai. Sekulako emakumeak dira, ibilbide ikaragarria dutenak, eta lagunak. Aizpearen lana oso gogorra izan zen, neurriz txikia den baina oso sare zabala duen erakunde bat martxan jarri zuelako. Nazioartera begira lan egiten dugu, eta herrialde, unibertsitate, jaialdi eta eragile bakoitza mundu bat da. Energia handia eskatzen zuen lana iruditzen zitzaidan. Mirenek beste begirada bat ekarri zuen, eta institutua estrategikoki egituratu zuen; hala ere, gauza gehienak mantendu zituen. Nik tren hori martxan hartu nuen, eta bideari segida ematen ari naiz. Oso harro nago gertuko zerbitzua ematen dugulako, eta dagoeneko ezagutu behar gaituzten horiek ezagutzen gaituztelako; badaukagu aitortza. Parisko ekitaldia normaltasun osoz egin genuen, nor garen azaldu behar izan gabe. Niretzat hori salto ikaragarria izan da.

«Dagoeneko ezagutzen gaituzte ezagutu behar gaituzten horiek; badaukagu aitortza»

Bi aldiz pentsatu zenuen zuzendari izateko proposamena onartu aurretik?

Kultura sailburuak egin zidan eskaintza. Gogoan dut Bilbon izan zela, Mendi Film Jaialdiaren inaugurazioaren ondoren. Ezustean harrapatu ninduen. Uste dut emakumeok askotan inpostore-sindromea edukitzen dugula, eta horregatik, denbora eskatu nion pentsatzeko. Neure buruari zintzoki galdetu behar nion ea hori ondo egiteko gai izango ote nintzen. Gerora, baiezkoa eman nion, institutua barrutik ondo ezagutzen nuelako. Oraingoz, kargua berretsi didate, eta pozik nago, baina egunero gainean daramat arduraren pisua.

Gustura ari zara lanean?

Lana zoragarria da, luxuzkoa. Une honetan, kulturatik aparte lan egingo banu, zoriontasun-maila ikaragarri jaitsiko litzaidake. Aldi berean, kontziente naiz ardura konplexua dela, nazioartera begira gaudelako, eta egunero mahukak jasota aritu behar dugulako. Hori bai, gehien dakitenak ditut aldamenean, eta elkarrekin lanean ari gara. Beraz, nola ez nau poztuko lan honek!

«Kulturatik urrun lan egingo banu, zoriontasun-maila ikaragarri jaitsiko litzaidake»

2012an, New Yorkeko Unibertsitatean Bernardo Atxaga Katedra inauguratu genuenean, idazleak berak esan zuen Etxeparek erresonantzia-kutxa bat izan beharko lukeela. Oso presente eduki dut hori. Gu ez gaude diskurtsoak eratzeko, gure sortzaileei bide emateko baizik. Hori da modua munduari kontatzeko hemen herri bat badagoela, nortasun bat badagoela, bagarela geure buruaren jabe, eta, ahal dugun neurrian, kulturalki gehiago izan nahi dugula. Hizkuntza bat daukagu, kulturgintza daukagu, eta hori daukagu munduari eskaintzeko. Beraz, ahotsa sortzaileena da; gu tresna bat gara, ahots hori kanpoan ozenago entzun dadin.

Hori guztia egitea luxu bat da, eta egunero-egunero asko ikasten dugu. Ezin dut beste ezerekin alderatu. Horrela bizi ez banu, ez nuen hemen egon beharko. Arduraren pisua, lanaren garrantzia eta lanak niri pertsonalki ematen didana ikaragarria da.

Inoiz irudikatzen zenuen zeure burua zuzendari postuan? Eta orain irudikatzen duzu postutik kanpo?

Ez nuen irudikatzen, inolaz ere ez. Orain oso erraz irudikatzen dut postutik kanpo. Etorriko da uzteko unea, lehenago edo beranduago, eta ona izango da, bai Etxeparerentzat, baita niretzat ere. Nik badut nire postua, komunikazio arduradunarena, eta poza ematen dit beste toki batetik erakundean lanean jarraitu dezakedala pentsatzeak. Oso kontziente naiz horretaz.

Oraingoz, jarraitzeko asmoa duzu, beraz.

Ez dago nire esku. Sailburuaren konfiantza behar dut; hari zor diot zuzendari izaten jarraitzea. 2028ra bitarteko ikuspegia marraztu dugu, eta konpromisoa dut ordura arteko ildoak betetzeko.

Zuena izango da zuzendari postuan emakumeak egon diren euskal erakunde bakarrenetakoa.

Tabakalerak ere emakumezko zuzendariak izan ditu. Gurea erraza izan da, historia motza dugulako, baina ez da kasualitatea. Intersekzionalitatea oso presente daukagu kulturgintzan. Ez dugu emakumeok bakarrik praktikatzen, baina bada gauza bat hori baino zabalagoa, eta oso garrantzitsua iruditzen zait mezu hori ematea eta horren kontzientzia izatea.

«Badirudi kulturgintza, pentsamendua eta hizkuntzak ez direla ezinbestekoak, baina oso oker gaude»

Une honetan, giza ikasketak krisian daude; hori ikusten dugu unibertsitateetan. Gizarteak barneratuta dauka, nahigabe, produktibitatea gauza guztien gainetik dagoela. Badirudi kulturgintza, pentsamendua eta hizkuntzak bigarren mailan gelditzen ari direla, ez direla ezinbestekoak, baina oso oker gaude. Espero dut berandu baino lehen konturatuko garela. Izan ere, nora goaz horrekin ez bada? Nora goaz nondik gatozen jakin gabe?

Nire irakasle batek honakoa esaten zuen: «Historiak ez du ezertarako balio, baina historia ez dakienak ez daki ezer». Durangoko Azokara begiratu besterik ez dago. Unibertso propio bat da. Batzuek kultura ogibide dute; beste askok, berriz, ezin diote hala deitu, baina kulturaren alde lanean ari dira, sorkuntzarekin eta hizkuntzarekin duten konpromisoagatik. Guztia dago lotuta, eta emakume begirada ere horrekin lotzen dut.

Nola aldatu da Etxepare 2012tik hona?

Atzera begiratuta, baliabideak eskasagoak ziren, eta taldea txikiagoa zen. Pixkanaka sendotuz joan da institutua, eta hori nabaritu dugu emaitzetan ere. Aldatu da, sendotu delako. Lantokia aldatu dugu, eta taldea handiagoa da orain. Baliabideak gorantz doaz proiektuak gorantz doazen heinean, eta uste dut gorantz egiteko modu jasangarri eta interesgarri bat dela. Oso inbertsio ona da Etxepare, sortzaileengana iristen delako, eta kulturaren nazioarteko ikusgarritasunean eragina duelako, eta esango nuke osasuntsu dagoela. Noski, dena egin daiteke hobeto, baina, zintzoki esanda, ditugun baliabideekin oso emaitza interesgarria lortzen dugu.

Batetik, kalitatezko jarduera artistikoak sustatzen dituzue eta sortzaile profesionalen mugikortasuna bultzatzen duzue. Zubi-lana egiten duzue, beraz.

Euskarazko kultur komunitatea mugatua da, eta hori oso polita da. Komunitate horretatik gertu gaude. Sortzaile guztiei ez zaie interesatzen kanpora joatea, edo ez dituzte betetzen guk jarritako irizpideak profesional gisa identifikatzeko; gure diru laguntza gehienak profesionalei bideratutakoak izaten dira. Badira bestelako diru laguntzak, dantza talde eta abesbatzentzat; nazioartean euskal kulturaren ordezkari garrantzitsu izaten dira.

Halaber, Euskal leiho programa sustatzen dugu. Besteak beste, hiru aldiz egin dugu euskal zinema-ziklo bat Montrealgo (Kanada) zinematekan, zuzendarien presentziarekin. Bogotako Antzoki Nagusian ere izan gara lau aldiz; antzerki eta musika programak egin izan ditugu. Zabal programa ere badaukagu. Helburu du arte-plastikoetan eragitea, eta munduko bienal eta topaketa prestigiotsuenak gonbidatzen ditugu, gure sortzaileen estudioak eta proiektuak ezagutu ditzaten. Honi lotuta, ez ditzagun txiki eta handi nahastu. Itxuraz, gure hiztun-komunitatea txikia izango da, baita sortzaile kopurua ere, baina gero munduko antzoki eta areto esanguratsuenetan egon gaitezke. Nazioarteko jaialdi batekin ezkontzen gara, euskal kulturaren leiho berri bat sortu dezan.

Euskal kulturari buruzko jakin-mina piztea da Etxepareren beste helburuetako bat. Nazioartera begiratu gabe, etxean ba al dugu jakin-min hori pizteko beharra?

Erabatekoa! Neurri batean, euskara eta euskal kultura defendatzeko oso garai zailak bizitzen ari gara. Globalizazioaren unibertso honetan, jasotzen ditugun input eta estimulu guztiak hizkuntza eta teknologia hegemonikoetan gertatzen dira, eta hor kokatzen ez garenontzat zaila da toki bat edukitzea; esfortzua suposatzen du, gainera.

«Euskal identitateak hibridoa izan behar du; bestela, ez da izango»

Gizarteak gero eta mistoagoak dira, hibridoagoak. Beraz, gure hizkuntzak eta kulturak ongi etorria eman behar die besteei. Hizkuntza eskaini behar diegu, guztiz gutarrak izan daitezen, euskaldunak izateko eskubide oro izan dezaten, baina guk ere eurak besarkatu behar ditugu, eta gure egin behar ditugu. Euskal identitateak hibridoa izan behar du; bestela, ez da izango. Baina hibridotasun horretan borroka berri bat egin behar da, gure tokia ez galtzeko.

Hizkuntza ez hegemonikook ez daukagu sekula zapaltzaile izateko tentaziorik, ezta beharrik ere. Gure beharra konexioa egitea da. Kanpora joaten garenean, erakustearekin batera, entzun eta jaso egiten dugu. Horregatik da euskara aberasgarria, eta horrek bereizten gaitu mundua ikusteko beste modu batzuengandik. Zoragarria iruditzen zait hegemoniarik ez izatea.

Eta nola hedatzen da euskal kultura nazioartean, gehiegizko folklorismoan erori gabe?

Oso erraza da. Euskal sorkuntza garaikidea zabaldu behar da, ez besterik. Ez da existitzen euskal zinema, euskal dantza edo euskal literatura. Ez da gai bakarra, ezta estetika edo bide bakarra ere. Euskal literaturak aspaldian ez du hitz egiten Garoak hitz egiten zuen gaiez. Beste literaturek bezala, gauza unibertsalez hitz egiten du. Hizkuntza bera hitz egiten dugu, beste edonorena, eta hori da gakoa.

Itzulpengintza delako Europako hizkuntza. Zuek ondo dakizue hori.

Zenbait arlotan erabiltzen dugu, eta erabili behar da. Oso bitartekari interesgarria da, eta ez da ezer gertatzen. Euskarak ez du galtzen; irabazi egiten du. Geruza bat irabazten du, beste irisgarritasun bat eta beste ikusgaitasun bat ematen diona. Jakina, ofizialtasunaren kontuak kalte egiten digu. Lan ikaragarria egiten ari dira hori lortzeko, eta espero dut lortuko dutela.

Euskara ere irakasten duzue. Nazioartean ba al dute gure hizkuntza ikasteko interesik?

Oinarrizko proiektuen artean, bi sare handi eta egonkor ditugu. Batetik, Euskal Etxeak; 80 etxetan euskara eskolak ematen ditugu, Euskara Munduan programaren bitartez. Bestetik, euskal ikasketak sustatzen ditugu 35 unibertsitatetan, eta katedrak ditugu. Azken horietara puntako ikertzaileak erakarri nahi ditugu, kanpoan ere erresonantzia-kutxa lanak egin ditzaten. Gaur egun hamabi ditugu, eta laster batuko da hamahirugarrena.

Euskal Etxeetan euskara ikasten dutenek badute lotura diasporarekin; zainetatik edo sustraietatik datoz zuhaitzera. Normalki, ez dute euskararekiko interesa zuzenean erakusten; beste dinamika batzuetatik heltzen dira: pilota, musika, dantza... Behin murgiltzen direnean, jakin-min handiagoa izaten dute, eta oso kontziente dira euskarak euskaldun bihurtzen dituela, beste ezerk baino gehiago. Badute eskubidea euskaldun osoak izateko, eta horrek bultzatzen ditu. Unibertsitateetan, berriz, adarretatik datoz enborrera, hizkuntzalaritzatik, gure kulturarekiko jakin-minetik eta gure izaerarekiko interesetik, alegia. Ez dago elementu identitario hori, baina balio izugarria ematen diote euskarari, beste zenbaiti baino handiagoa.

«Euskara aspaldikoa da, baina ez da zaharra; garaikidea da, eta guztiz modernoa»

Ikasleek badute ilusioa, eta berriz ere konbentzitu gaituzte guk geuk pentsatzen duguna baino interes handiagoa duela euskarak. Ez dut gustuko esatea interesarena gertatzen dela euskara zaharra, desberdina eta ustez zaila delako, ez delako egia. Euskara aspaldikoa da, baina ez da zaharra. Garaikidea da, eta guztiz modernoa; bizitzako esparru guztietan dago. Bere misterioak erakartzen du jendea, bai, baina baita beste guztiak ere.

Hemen, arnasguneetan, gazteen artean euskara gutxiago entzuten dela diote adituek. 2021eko elkarrizketa batean esan zenion ATARIAri haientzat euskarak cool-a izan behar zuela, bestela ez zutela erabiliko.

Durangoko Azokaren balantzea egin zutenean, gazte askoren bisita nabarmendu zuten. «Asmatzen ari dira; euskal kulturak erakartzen ditu gazteak» pentsatu nuen. Hori da cool-a izatea, baina baita askotariko generoak jorratzea, interes desberdinak sortzea, influencer-ak edukitzea eta eremu guztietan egotea ere, bonbardaketa hegemonikoa oso indartsua delako. Orduan, iritzi bera dut orain. Hori bai, kontzientzia esnatu behar dugu, denon artean. Erakundeetatik egin behar da, baina herritarrok ere egin behar dugu.

Horri lotuta, abenduaren 27an euskararen etorkizunaren aldeko ekitaldia egingo dute Bilbon. Zer iruditzen zaizu?

Harrogintzan inbertitu egin behar dela, beti, eta ekimen horren atzean hori ikusten dut. Eskatu beharrean, kontzientzia bat piztera goaz, erakustera eta galtzen utzi behar ez dugula esatera. Gu ez gara edonor; komunitate txiki bat gara eta ardura handi bat daukagu. Gure hizkuntza eta gure kultura zaindu eta mantentzen ez baditugu, desagertu egingo dira. Zentzu horretan, ezinbestekoa da beharrizan horri harrotasunez heltzea. Garrantzi handia du piramidearen punta ikusteak, baina kontuan izan behar da eragile txiki ugari egoten direla oinarri zabalean. Ez gara inor baino gutxiago, baina oinarrian denok egon behar dugu, eta guztion artean eutsi behar dugu. Txalo egitea ez da nahikoa, eta gure alea jarri behar dugu.

Begiz jota izango duzue 2045. urtea, 20 urte barru 500. urteurrena beteko baitu 'Linguae Vasconum Primitiae' liburuak. Urte berezia izango da, ezta?

Zifra potoloa da. Horrelako urteurrenak ospatu egin behar dira, eta iraganera atzerako ispilutik begiratu behar da, aurrera egiteko. Gaur egun, behinola Bernartek amestu zuen plazan eta munduan zegoen euskarak badauka egoteko modua; kanpoan ulertzen dute, eta balioa ematen diote. Harro egoteko arrazoi bat izango da, eta orain hori kontatu badugu, milaka gauza gehiago kontatuko ditugu 2045ean.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia