euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Gontzal Mendibil, musikaria: «Iparragirreren bizitza nobela bat egiteko modukoa da» (Berrian)

2021/01/06

Mendibilek azaldu duenez, Urretxuko bardoa munduko leku askotan egon zen, baina «Euskal Herria beti bihotzean» eraman zuen. Haren abenturak kontatu eta kantatuko ditu larunbatean, Gasteizen.

Lotura: Berria

Jone Arruabarrena. Ez da berria Gontzal Mendibilek (Zeanuri, Bizkaia, 1956) Jose Maria Iparragirrerekin duen lotura. Urretxuko bardoa musikal batean lehen aldiz interpretatu zuenetik ia 30 urte pasatu diren arren, berriz jarri da horren azalean. Oraingoan, ordea, musika ikuskizun bat aurkeztu dute Mendibilek eta bere taldeak. Iparragirrek Gasteizekin zeukan lotura estua aitzakia hartuta, larunbatean emanaldi bat eskainiko dute Gasteizko Jesus Guridi musika kontserbatorioan, 19:00etan.

Zer lotura zeukan Iparragirrek Gasteizekin?

Oso hartu-eman estua zeukan. Bere gurasoak gozogileak ziren, eta Iparragirre umea zenean, Madrilera joan ziren lanera, umea Gasteizko Landatxo ikastetxean utzita. Hala ere, ez zuen bertan denbora asko egin, ikusi baitzuen bera ez zela han egotekoa, eta Madrilera ihes egin zuen. Ameriketatik bueltatu zenean ere, lagundu zioten bakarrak gasteiztarrak eta arabarrak izan ziren.

Hala ere, Madrilera ihes egin ondoren ere Euskal Herrira bueltatu zen.

Bai. 1934. urtean, Lehen Gerra Karlista hasi zen, eta 15 urte ere ez zituela, Euskal Herrira bueltatu zen bere herriari laguntzera. Lauzpabost urte egin zituen gerran, eta bi aldiz zauritu zuten. Larri ibili zen.

Horri buruz arituko zarete ikuskizunean?

Hark bizitakoak kontatuko ditugu, kantatuz, ikuskizunaren gehiengoa musika baita. Iparragirreren bizitza nobela bat egiteko modukoa da, eta azken batean, bere kantuak hori dira: berak bizitakoak eta sentitutakoak kantatu zituen.

Zuk zeuk hartuko duzu Iparragirreren itxura ikuskizunean.

Bai, Iparragirre bezala karakterizatuko naute.

Baina ez duzu bakarrik antzezten.

Gasteizko musika bandarekin abestuko dugu, baita Samaniego abesbatzarekin ere. Horrez gain, Marife Nogalesek, Maitane Salvadorrek eta Ainhoa Tabuyok ere abestuko eta antzeztuko dute, eta beste bi aktore ere izango dira.

Nor izan zen Iparragirre zuretzat?

Beharbada, gu nor garen, gure askatasuna eta ikurrak kanporatu zituen lehenengoa izango zen Iparragirre. Kanpoan Euskal Herrian baino gehiago egon zen arren, beti zeraman bere herria bihotzean. Eman eta zabal ezazu zen nolabait bere filosofia, eta nik uste dut gaur-gaurkoa dela bere aldarria.

Ez da Urretxuko bardoaren azalean jartzen zaren lehen aldia.

1995ean Gasteizko zezen plazan egin genuen Iparragirreri buruzko musikala. Garai hartan, neuk koordinatutako liburu bat ere atera genuen hari buruz. Orduan egindakoa pixka bat laburtuz atera dugu ikuskizun hau, eta horri kanturen bat gehituz.

Izan ere, orain arte entzun gabeko kantu bat estreinatuko duzue.

Bai. Bilbori eskaini zion kantu bat da, Bilbao eta Foruak bakearentzat kantua. Abesti horretan, laurak aipatzen ditu: Nafarroa gure ama eta sustraia zen harentzat, eta horri buruz aritzen da kantuan. Mateo Moraza gasteiztarra ere laguna zuen. Iparragirre baino sei hilabete lehenago hil zen Moraza, eta berari eskaini zizkion bertsoekin ere beste kantu bat egingo dugu amaieran.

Ezagunak diren Iparragirreren kantuak ere kantatuko dituzue?

Bai. Egunen baten kantua, adibidez. Iparragirrek guk orain erabiltzen ditugun herrien Europa edo autodeterminazioa kontzeptuak erabiltzen zituen. Gure arbolaren esanahia askatasun ikur gisa ere aipatzen du. Gaurkotasun handia daukate bere bertso eta kantuek.

Izan ere, Iparragirreren Gernikako arbola kantua Euskal Herriko ereserkia izan dadin eskatu duzu beste hainbatekin batera manifestu batean. Zer dela eta?

Bada, ereserkia izan zelako garai batean. Guk kulturatik aldarrikatu dugu, eta ez gaude oraingo ereserkiaren aurka ere, baina gaur egun EAEk berea dauka, eta Nafarroak beste bat. Gure asmoa da lehenengo ereserki hori berreskuratu eta Euskal Herriko probintzia guztietarako balio izatea. Hau da, kolore guztietakoa izatea, zoritxarrez ez baitaukagu zazpi herrialdeetakoa den ereserki bat.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia