euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

'Euskadi' eta 'Euskal Herria', nahas-mahas (Berrian)

2021/11/14

Zer da Euskal Herria, eta nola islatzen da ikasle nerabeei ikastetxeetan ematen zaizkien irakasgaietan? Hori argitu nahian, Berriak aztergai hartu ditu zenbait argitaletxek DBHko Gizarte Zientzien arlorako eginiko liburuak. Oro har, gutxik hartzen dute erreferentziatzat Euskal Herria osorik, eta hala egiten dutenek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskoletan zabaltzen dituzte euren liburuak.

Lotura: Berria

Iñaki Petxarroman. Aitxuri da gailur altuena (1.551) Euskadin». Halaxe dio DBH1eko Geografia eta Historiako Santillana-Zubiaren testuliburuak, Espainiaren eta Euskadiren azterketa fisikoa ataleko pasarte batean (156. orrialdea). D ereduko ikasleek erabiltzen dute liburu hori, eta, adibidez, euskal Pirinioetako gailurrak ez dira erreferentzia propio bat harentzat. Beraz, liburu horretan Hiru Erregeen Mahaia ez da Euskal Herriko gailurrik garaiena. Zehazki, mendikate nagusiak Aralar, Aizkorri, Gorbeia eta Gorobel dira harentzat. Euskal mendiak aipatzen ditu, honela: «Santanderko mendiak dituzte mendebaldean eta Pirinioak ekialdean; hain zuzen ere, horien arteko trantsizioa egiten dute. Higadurak eragin nabaria izan du inguru honetan. Ez dira altitude handiko mendiak: Aitxuri da gailurrik garaiena».

Ez da salbuespen bat ikastetxeetan gehien erabiltzen diren euskarazko testuliburuetan. Geografiaren atalean, gehienetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mapa nagusitzen da Jaurlaritzak agintzen duen eremuko ikastetxeetako testuliburuetan. Nafarroako mapa nagusitzen da, berriz, Nafarroakoetan. Bada salbuespen bat joera horretan: Ikaselkarren testuliburuetan, Euskal Herriko zazpi probintzien mapa erabiltzen da erreferentzia nazional gisa: «3.005.670 biztanle dituen herri bat», non Pirinioak diren mendirik garaienak. Ikaselkarren liburuak, ikastoletan ez ezik —Seaskakoak barne—, Hego Euskal Herriko D ereduko eskola publiko batzuetan ere erabiltzen dira.

Bi ikuspegi horien artean badira erdibideko joerak. Edelvives- Ibaizabalen DBH1eko liburuaren Espainiako eta Euskadiko erliebeak ataleko pasarte batean, «Euskal Mendietako tontorrik altuena Aizkorri» dela aipatzen da (110. orria). Ondoan, baina, kutxa osagarri batean dio Pirinioak direla «Euskal Herriko eta Penintsulako erliebearen multzo nagusietakoa». Pixka bat beherago argitzen du «euskal Pirinioen ardatzean» daudela «Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Nafarroako inguru garaiak eta Lapurdiko, Gipuzkoako eta Bizkaiko erdi mailako mendiak».

Lurraldetasuna jorratzean testuliburuetan aurki daitekeen irizpide bikoitzaren adibide gisa har daiteke Ibaizabalen atzemandako ohar hori. Izan ere, irudietan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mapa nagusitzen bada ere, lerroetan errealitate zabalago bat islatzen da zenbaitetan. Esaterako, «Euskadiko klimaz» aritzen den pasartean (117. orria), Ibaizabalen testuliburuak aipatzen du klima mistoak atlantikoaren eta mediterraneoaren arteko ezaugarriak nahasten dituela, eta «Arabako eta Nafarroako zatirik handiena» hartzen duela. Ibaiak, baina, Gipuzkoa eta Bizkaikoak bakarrik aipatzen ditu, eta naturgune babestuak azaltzen diren atalean (118. orria) Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak daude bakarrik.

Bidasoa, «Frantziako mugan»

Testuliburuetako Geografia ikasgaiko mapetan, Nafarroa edo Euskal Autonomia Erkidegoa azaltzea da ohikoena. Espainiatik zuzentzen diren argitaletxeek, oro har, estatu osorako liburu bat egiten dute, eta hura euskarara itzuli eta egokitu egiten dute, bertako curriculumetara egokitzeko. Ohikoena da Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako argitalpen bat egitea, eta Nafarroarako beste bat.

Horiek hala, Euskal Herria errealitate gisa ukatu egiten da askotan. Santillana-Zubiako liburuak dio Bidasoa ibaiak Frantziarekiko muga egiten duela (158. orria), eta Anaya-Haritzaren DBH1eko liburuak Euskal Autonomia Erkidegoko kokapena eta inguru fisikoa atalean (108. orria) dio EAEk muga hauek dituela: «Iparraldean, Atlantikoko isurialdea eta Frantzia; mendebaldean, Kantabria eta Gaztela-Leon; hegoaldean, Errioxa; eta ekialdean, Nafarroako Foru Erkidegoa».

Espainiako argitaletxeek (Santillana-Zubia, Edebe-Giltza eta Anaya-Haritza) autonomia erkidegoetako informazioa eskaintzen dute Espainiako datu eta informazioekin tartekatuz. Edebe-Giltza argitaletxearen DBH2ko Geografiako liburuak, biztanleria aztertzen duen atalean, honela dio (49. orrialdea): «Euskadin bi milioi biztanle baino gehiago daude 7.234 km2-ko lurraldean; beraz, batez besteko biztanle-dentsitatea 301,99 bizt./km2 da, Europakoa baino handiagoa». Biztanle gehien Gipuzkoan eta Bizkaian daudela zehazten du beherago; eta gutxien, Araban.

Zenbait kasutan, gainera, nahastu egiten dituzte Euskal Herria eta Euskal Autonomia Erkidegoa terminoen esanahiak, eta Euskal Herrikotzat jotzen dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagozkion datuak eta azalpenak. Esate baterako, Anaya-Haritzaren DBH1eko liburuaren 111. orrian, Euskal Herriko klimak atalean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mapa ageri da bakarrik, hiru herrialde horiei dagozkien klimari buruzko datuak dituela.

Historian, ikuspegi irekiagoa

Ikaselkar da salbuespena, baina, bestela, esan daiteke Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zabaltzen diren testuliburuak eremu administratiboetara egokitzen direla Geografia ikasgaian eta Euskal Herriaren osotasuna gehiago errespetatzen dutela Historian.

Adibide bat jar daiteke, horren erakusgarri. DBH1eko ikasleek Historiaurrea lantzen dute, eta, hamaika gairen artean, kobazuloetako labar artearen ondareaz ikasten dute. Ia testuliburu guztiek Isturitzeko (Nafarroa Beherea) kobazuloko aurkikuntza nabarmentzen dute labar artearen adibiderik esanguratsuenetako baten gisa. Halaxe dio Santillana-Zubiaren liburuak, 194. orrialdean: «Paleolitoko euskal labar artearen adibide nabarmenenak hauek dira: Santimamiñe, Altxerri, Ekain eta Isturitze». Anaya-Haritza da Isturitzeko koba aipatzen ez duen bakarra; labar artearen aztarna nabarmenenak Ekaingo haitzuloetakoak eta Santimamiñekoak direla dio argitaletxe horren liburuak (135. orria). Alabaina, Nafarroa ere hartzen du Euskal Herritzat, eta, Euskararen jatorriak izeneko atalean, Euskal Herriko mapa erakusten du. Ondoko orrialdeetan, Espainia eta Euskal Herria antzinaroan atalean, Euskal Herri osoko mapak erakusten ditu, erromatarrak iritsi zirenean bertan bizi ziren herriak erakusteko, batetik; eta herrixkak non zeuden erakusteko, bestetik.

Zenbaitetan Euskal Herria kontzeptua zazpi probintzien lurraldea definitzeko erabiltzen badute ere, ohikoagoa dute argitaletxeek Euskal lurraldea baliatzea. Adibidez, termino hori erabiltzen dute Ibaizabalen Geografia eta Historia 1 liburuan. Erromanizazioa euskal lurraldeetan atalean hau diote: «Metal aroaren amaieraz geroztik, euskal lurraldeetan zenbait tribu bizi ziren: akitaniarrak, baskoiak, barduliarrak, karistiarrak, autrigoiak eta beroiak [...] Erromatarrak Ebro ibarretik barrena sartu ziren Euskal Herrian» (245. orria).

Santillana-Zubiak, berriz, honelaxe dio Erromatarren ondarea euskal lurraldean izenburuko atalean: «Euskal lurraldetik igarotzen ziren erromatar galtzadek mesede egin zioten hainbat eremuren arteko merkataritzari [...] Hauek ziren galtzadetako gune nagusiak: Tullonium (Araba), Arakil, Belate eta Iruñea (Nafarroa), Carral eta Irus (Bizkaia) eta Berrenoa eta Lizarrate (Gipuzkoa)» (307. orria).

Gertakari historikoetan eta urteetan aurrera egin ahala ere, joera berari eusten diote, euskal lurraldeen kontzeptuaren barruan Euskal Herri osoa jasoz. Giltzaren 2. DBHko liburuaren Nafarroako Erresumari buruzko atalean, zera aipatzen da: «Ikusi dugunez, Antso Nagusiaren erregealdian, Iruñeko Erresumak euskal lurralde gehienak bildu zituen» (231. orria). Lerro batzuk beherago, gehiago zehazten du zer jotzen duen euskal lurraldetzat, eremu bakoitzaren gorabehera politikoak jasoz. Esaterako: «Akitania osoa Ingalaterrako errege-erreginen menpe geratu zen, baita Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa ere».

Geografian, beraz, Espainiako argitaletxeek Euskal Herriaren zatiketa administratiboa bere gain hartzen dute aski zorrotz. Historian, berriz, eskuzabaltasun handiagoz aritzen dira, eta errespetu handiagoz jokatzen dute Euskal Herriaren osotasunarekin. Santillana-Zubiaren 2. DBHko testuliburutik hartutako adibide honek grafikoki erakusten du hori. Euskal lurraldeak XI. eta XV. mendeen artean ataleko pasarte batean (166. orria), aipatzen du «Iruñeko Erresuma euskal lurraldeetako batasun politiko nagusia» bihurtu zela XI. mendetik aurrera. Geroxeago, Ondare gotikoa eta erromanikoa euskal lurraldeetan ataleko pasarte batean, besteak beste, hauxe dio: «Nafarroan aipagarriak dira Orreagako kolegiata, Eunateko eliza eta Leireko monasterioa [...] Iparraldean, Leuntzeko (Lapurdi), Donazaharreko (Nafarroa Beherea) eta Urdatxeko elizak (Zuberoa)» (169. orria).

Liburu bereko 332. orrian, berriz, Euskal biztanleriaren egitura eta euskal hiriak atalean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoara mugatzen du euskal adiera horren eremua. «2015ean, Euskadik 2.173.210 biztanle zituen; horietatik %51 emakumezkoa zen, eta %49 gizonezkoa. Lurraldeka, berriz, Bizkaia da probintziarik jendeztatuena, eta Araban bizi da jende gutxien».

Ikaselkar: Euskal Herria ardatz

Datu estatistikoetatik hasi, eta geografiako edukietara, eta testuinguruko datuetatik historiako gertakarietara, Euskal Herria osorik eta ardatz hartzen duen argitaletxe bakarra Ikaselkar da. Elkar argitaletxeak eta Ikastolen Federazioak sortutako argitalpen horrek testuliburuz hornitzen ditu ikastolak eta ikastetxe publiko ugari, eta arlo pedagogiko berritzaileetan oinarritzen da.

Jakinekoak dira Euskal Herri osoko datu estatistikoak lortzeko zenbaitetan dauden gabeziak, eta, horri aurre egiteko, Ikaselkarrek Gaindegiaren datu biltegia erabiltzen du. DBH2ko 3. unitateko liburuko 210. orrian, 2012. urteko Europako datu demografikoen taula erakusten die ikasleei argitaletxeak, eta, horien konparazioan, baita Euskal Herrikoak ere. Biztanleria (3.127.326), jaiotzak (30.207), heriotzak (28.040) eta migrazio saldoa (8.969). Lehen haurra edukitzeko adina eta ugalkortasun tasaren bilakaera erakusten duten bi taula ere baditu: batean, Euskal Herriarena eta Espainiarena erkatzen ditu, eta, bestean, Euskal Herriarena eta Europarena eta munduarena.

Orrialde batzuk aurrerago, eta Gaindegiaren datuak oinarri dituela, Euskal Herriko udalerrietako biztanle dentsitateari buruzko mapa bat ageri da, biztanleria hutsune eta dentsitate handiak dauden munduko mapa baten ondoan (222 eta 223. orriak). Datuak, mapak eta estatistikak ez ezik, munduko lekuetako argazkiekin batera Euskal Herrikoak ere ageri dira, zenbait kontzeptu ulertarazteko. Esate baterako, hirien arteko hierarkizazioa ageri duten sei argazkitan, herria, hiria, megalopolia, metropoligunea, auzoa eta konurbazioa azaltzen ditu, 231. orrian. Horietako hiru —Miarritze, Arrotxapea (Iruñea) eta Bilbo— Euskal Herrikoak dira, eta beste hiru —Cazorla (Espainia), Shanghai (Txina) eta Amsterdam (Herbehereak)—, mundukoak.

DBH1eko lehen liburuxkan eskaintzen ditu oinarrizko datu geografikoak: besteak beste, klima, erliebea eta biztanleriaren ingurukoak. Hala dio erliebeari dagokionez: «Euskal Herriak desberdintasun nabariak agertzen ditu: hiru lerrotan banatutako mendiak (isurialdeen banalerroko mendiak, kostaldeko mendiak eta aurrepirinioak) eta haranak» (10. orria).

Historiari buruzko irakasgaietan ere nabaria da Ikaselkarren berezitasuna. Euskal Herriaren bilakaera historikoa osorik hartzen du aintzat, eta herrialdez herrialdeko ikuspegi berezituak ere eskaintzen ditu. «Dugun informazioaren arabera, Nafarroaz gainerako beste euskal lurraldeak ere Erdi Aroan sortu ziren, eta sortzeaz gain, mende horietan hainbat aldaketa izan zituzten», dio DBH2ko 1. unitateko liburuan, 24. orrian. Eta horren segidan, ordena kronologikoan, Euskal Herriko lurraldeetan bost mendean (XI.etik XV.era) izandako gertaera nagusien aipamena egiten du. Besteak beste, 1076an «Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zatia Gaztelari lotu zitzaiola lehen aldiz», eta «Lapurdi eta Zuberoa Ingalaterraren esku» geratu zirela XIII. mendean. Agerikoa da bertako erreferentzia historiko eta kulturalak nabarmentzeko joera. Esaterako, historiaurrea lantzen duen DBH1eko liburukian, Joxe Migel Barandiaran erlijioso eta arkeologo ataundarraren argazki bat ageri da, historiaurreko etnografia eta antropologia ikerketek izan zuten garrantzia aitortzeko. Pertsonaia historiko ezagunak eta ez horren ezagunak aipatzen dira, sexuen arteko oreka bilatzeko ahalegina eginez. Halaxe aipatzen dira Martin Rada agustindar fraide eta misiolari iruindarra eta Katalina Erauso komentu batetik ihes egin eta gizon jantzita ibili zen abenturazale eta soldadu donostiarra.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia