euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Erronkariko errezeta tipikoak bildu ditu Gardeko talde batek 'Gure Erronkariko amonen errezetak' liburuan (Berrian)

2017/05/13

Erronkariko sustrai gozoak. Erronkariko errezeta tipikoak bildu ditu Gardeko talde batek 'Gure Erronkariko amonen errezetak' liburua osatzeko. Bi ediziotan, 400 liburu saldu dituzte.

Lotura: Berria

Iñaki Berastegi. Erronkariko emakumeei eskainiko diete aurten Uskararen Eguna, Garden (Nafarroa): Erronkaribarko izorroak (sustraiak) leloa hautatu dute. Ideia nagusi hori hartuta, Erronkariko emakumeak omentzeko eta festa bultzatzeko, Gure Erronkariko amonen errezetak liburua osatu dute: «Gure amona guztien oroimenez, Erronkariko negu hotz eta luzeetan, haiek, maitasunez egindako janari goxoekin, etxekoen berotasuna mantentzeagatik. Eskerrik asko». Liburuak Erronkariko amonei zuzenean eskainitako lerroak dira.

Goizargi Barba liburua idazteaz arduratu den taldeko kideetako bat da. Uskararen Eguna bultzatu eta emakumeak omentzeko beste ideia batzuk izan zituztela dio Barbak: «Ideia asko izan genituen. Hasieran, emakumeak lanbide ezberdinetan irudikatu nahi genituen, herrian zehar jarritako txokotan. Konturatu ginen, ordea, lan handiegia zela»

Lehenengo ideia hura alboratu ostean iritsi zitzaien errezeten liburua egitearena: «Ideia nagusia emakumeak ziren, eta, kontuan hartuta Erronkariko euskara, tradizioa eta kultura euskara emakumeei esker gorde zela, ideia ona iruditu zitzaigun Erronkariko errezeta tipikoak hartu, hautatu eta paperean jartzea. Emakumeak izan dira erronkariko sustraia, enborra». Urtero, festak gai nagusi bat izaten du.

Errezetak biltzeko, liburuko idazleek euren amona eta amengana jo dutela argitu du Barbak: «Betidanik egin izan dituzten janarien errezetak eskatu dizkiegu. Horrez gain, guk gogoratzen genituen errezetak ere kontuan hartu ditugu, eta herrian ere galdetu dugu errezeta gehiago lortzeko asmoz».

Liburuak izan duen arrakastarekin harrituta daudela esan du Barbak: «400 liburu saldu ditugu bi ediziotan. Baina jada erabaki dugu liburu gehiago ez egitea. Jendea oso pozik dago liburuarekin. Oroitzapen politak sortzen ditu. Jendeak esan ohi du garai bateko errezetak bilduko dituela, baina azkenean inork ez du egiten. Gauzak ahaztu egiten dira idazten ez badira. Orain, Erronkariko errezetak liburu batean izatea oso polita da».

Arrakastarekin pozik dauden arren, espero zutena baino gehiago kostatu zaie liburua amaitzea. «Askoz ere errazagoa izango zela uste genuen, baina ez da batere erraza izan. 35 errezeta hautatu ditugu, eta bakoitzaren argazkiak egin eta azalpenak idatzi ditugu. Errezeta bakoitza liburuan sartu ahal izateko, platera egin behar izan dugu. Etxean egindako liburu bat da», esan du Barbak.

Lan gogorra izan bada ere, emaitzarekin «oso harro» daudela dio Barbak: «Liburuaren ideia bikaina iruditzen zaio mundu guztiari. Egia esan, ez genuen pentsatzen hain ideia ona zenik. Lehenagotik ez zegoen horrelako ezer, eta horrek ere eragina izan dezake. Lanean hasi ginen zer aterako zitzaigun jakin gabe. Zure lana gustukoa dela esaten dizutenean oso polita da».

Ideiak amonei ere ilusio handia egin diela aitortu du Barbak: «Amonei asko gustatu zaie, baita amei ere. Seme-alabei oparitzeko liburuak erosi dituzte ama askok. Errezeta horiek ez galtzeko bide bat dira. Oroitzapen bat ere badira, emozioa sortzen duten oroitzapenak, azken finean».

Erronkaritik kanpo ere arrakasta izan du liburuak. «Iruñetik, Zangozatik eta beste hainbat tokitatik jaso ditugu deiak liburuagatik galdezka. Esaterako, Almadien Egunean postu bat jarri genuen, eta jende asko inguratu zen espresuki liburua erostera. Altxor moduan eraman zuten etxera», esan du Barbak.

Erronkari ibarreko zazpi herriek antolatzen dute Uskararen Eguna, eta urtero herri bati dagokio festa antolatzea: aurten, hilaren 20an egingo dute. Hirugarrenez antolatuko dute Garden, eta, Barbaren arabera, liburuaren salmenta festa antolatzeko diru iturri garrantzitsua izan da: «Musika ordaintzeko, haurren ekintzak antolatzeko eta bazkaria ordaintzeko diru asko lortu dugu liburuaren salmentarekin».



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia