euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

«Erromantizismotik urrun, errealitate gordina bizitu zuten artzainek AEBetan» (Erran.eus-en)

2025/11/02

Bortz urtetik behin egiten da Boiseko Euskal Jaialdia, baina, pandemia medio, 2015etik ez zen egin. Hamar urte beranduago AEBko euskal diaspora Idahoko hiriburuan elkartu da uda honetan. 

Lotura: Erran.eus

Maite GOIZUETA IABEN, Boiseko euskal jaialditik bueltan.

Duela bi urte Ellis Islandera egindako bisitaren berri eman zigun Arizkunen sortutako Maite Goizueta Iabenek. Baztandik Ameriketara joandako aitatxiren arrastoen bila joan eta berekin batera 1902an New Yorkeko uhartera trasatlantiko berean ailegatu ziren bertze bederatzi baztandarren berri izan zuen orduan (ikusi hemen). Aurten, berriz, 2015etik ospatzen ez zen Boiseko Euskal Jaialdian izan da, hango berri eman du ERRAN.EUS webgunearen bidez eta han bizitutakoarekin hunkitua etorri da. Dantza, musika, azoka eta bertze ospakizunen artean, gure ingurutik Ameriketara joandako zenbait herritarren testigantzak bildu ditu, baita euskaldunen ondorengoak diren hirugarren eta laugarren belaunaldikoena ere.

Goizuetak aipatu digunez, «jaialdia uztailaren 29tik abuztuaren 3ra izan zen eta lehenengo egunetan ez nituen nafarrik ikusi. Kontuan hartu behar da Boisera (Idaho) artzain lanak egitera joan ziren gehienak bizkaitarrak izan zirela. Hura «Bizkaia da». Aldiz, nafarrak eta Iparraldekoak, gehien bat Kaliforniara, Nevadara eta Wyomingera joan ziren. Era berean, «gogora  ekarri nahi dut bertze aunitz Montanan, Arizonan, Utahn, Coloradon eta hainbat lekutan egon zirela lanean. Baztandarrak eta ingurukoak abuztuaren hasieran ezagutu nituen. Boisera hegazkinez etorri ziren, beste estatu batzuetan bizi baitira».

Han bildutako testigantzen artean, hainbertze ezagutzen ez den, edo zabalduta ez dagoen errealitate batekin ere topo egin zuen. Goizuetak dioenez, «urte hauetan guztietan denok ikusi ditugu karro-kanpo edo ardi-kanpo izenekin ezagutzen ditugun artzainen "bizilekuak". Euskal artzainak Ameriketan aipatzen direnean, gehienok, automatikoki, horrekin egiten dugu lotura. Hori horrela izan da, baina, «badago artzain joandakoen bizimodu zati bat jende aunitzendako ezezagun dena, eta nire ustez, ikuspegi zabalagoa izateko garrantzitsua dena: karpak edo kanpin-dendak».

«Karpak, mendian bizitzeko»

Etxeko goxotasunean bakeroen pelikulak ikusiz, bizimodu horrekiko erromantizismoa sortzen da. Aldiz, artzain askorentzat oso gogorra izan zen hango bizimodua. Aunitz, ez denak, bizi izan ziren horrela. Hilabete batzuk ematen zituzten karpetan, lo egiteko, lurrean etzanda. Batzuk, hilabete, batzuk, bertze batzuk, 3, 4 eta 5 urte. Lotara joan aurretik, lurra berotzen zuten sua eginez, gero, gainean lona paratu hotzetik eta hezetasunetik babesteko. Arizkundar batek erran zidan bere aitatxi zena ere artzain ibili zela Ameriketan XX. mende hasieran eta hura ere horrela ibili zela kontatu ziola. Sunbillako Juan Ibarra Galarregik ere berretsi zidan artzain aunitz horrela bizi izan direla. Kalifornian, normalean, bakarrik ibiltzen ziren, baina Wyomingen, Idahon eta Montanan, mendi handiak direnez, binaka. Batek artaldea mugitzen zuen eta besteak, janaria prestatu, karpa antolatu, sua egin, eta abar. Arriskuak bazeuden: basabereak, denboraleak, hotz eta bero handiak, baina gogorren kolpatzen zuen etsaia Bakardadea zen.

Urrasungo Joxe Miguel Urrutiaren testigantza ere horren lekuko da. Berak denbora gutti egin zuen karpapean. Elgorriagako Euskal Artzainak Ameriketan Museoan aukera badago karpa horietako bat ikusteko, baita ardi-kanpoa ere.

Expo Idahon

Arizkungo Antxoneko Joxe Mari Maritorena ere han ezagutu zuen Maite Goizuetak. «Egun bat lehenago, Boise hirian, jende aunitzen artean, jada begiztatu nuen: dotore, bere bonetarekin. “Gizon hori ziur artzain euskalduna dela” pentsatu nuen. Biharamunean Expo Idahora joan nintzen lagunekin. Han nenbilela, burua biratu eta…hara!, gizon horrekin egin nuen topo. Hurbildu nintzaion eta zuzenean galdegin nion: MGI: Barkatu nire atrebentzia. Zu artzain izandakoa zara?, JM: Bai, MGI: Nongoa zara?, JM: Baztangoa. MG: ni ere bai! JM: nongoa?, MG: Arizkungoa, JM: ni ere Arizkungoa naiz. «Hura bai ustekabe ederra! Lastategian orratza aurkitu nuen». Milaka bisitariren artean ezagutzen ez nuen arizkundar batekin topo egitea izan zen ezustekorik ederrena. Josemarirentzat, berdin. Biontzat poz handia. Euskal boneta, txapela, jantzita ikusi nuen gizon bakarra bera zen. Josemarik erran zidan jendea hurbildu zitzaiola euskaraz bazekien galdezka eta baita argazkiak ateratzeko ere. Elkarren berri eman genion mintzatu ginen denboran. Gure ama zenaren sortetxeaz, bere sortetxeaz, herriaz, familiez… Horretan ari ginela, Arizkungo haurtzaroko hainbat oroitzapenen artean “Zure amaren sortetxera joaten ginen gereziak ebastera. Zure izeba ateratzen zen oihuka haserre!” erran zidan irriz. Mintzatzen ari ginela, Arizkungo Batzabaleko Batzabal deitzen dioten gizonaren eitea antzematen niola erran nion. “Nire lehengusua da!!” erantzun zidan. Hau ere ezuste polita!».

Eta horretan ari ginela, Maddi Reca, Josemariren emaztea ere ezagutu zuen. «Nafarroa Behereko Izpura herrian sortua, niretzat ezaguna ere. Poza! Euskal Herritik emakumeak ere emigratu zutela eta hauek egindako lanaz, izan zituzten ardurez, etxetik urrun joateko arrazoiez gutxi aipatzen dela komentatu genuen. AEBetan sortutakoak eta Euskal Herritik bertara joandako euskal emakumeei buruz nire lagun batek liburu bat idatzi zuela eta hura ere une horretan bertan han zebilela erran nien. Liburua Expo Idahoko stand batean salgai jarri zuten eta erosteko asmoa nuela adierazi nien. Josemari Maritorenak erran zidan berak oparituko zidala. Erran eta egin. Maddik ere bertze ale bat eskuratu zuen. Bizitzak gogor kolpatu ditu Josemari eta Maddi. Zuten semea zendu baitzen eritasun baten ondorioz. Agurtzeko, bi besarkada handi eman genizkion elkarri, hurrengoan, Arizkunen edo Izpuran elkartzeko gogoarekin».

Emakumeen garrantzia

Liburua, hain zuzen, Begoña Pecharroman Ferreren Inner Strenght: Portraits of basque women/Barne indarra: emakume euskaldunen erretratuak zen. Antropologoa da Pecharroman eta euskal emakumeak Ameriketako Mendebaldean izan duten garrantziari buruzko lan egin nahi zuen. Horretarako, 1996tik 1999ra bitartean zenbait lekutan bizi izan zen: Renon (Nevada), Boisen (Idaho), Elkon (Nevada) eta San Frantziskon (Kalifornia), euskal emakumeak ezagutzen eta elkarrizketatzen, bertan sortutakoak eta Euskal Herriko zazpi lurraldetatik joandako emakumeak ezagutzen. Haien biografietan mende bat baino gehiagoko testigantzak jaso ditu. Itzaletik argitara atera zituen aipatutako liburu horren bidez. Honen harira, Boiseko Euskal Museoak erakusketa antolatu zuen. Liburuan ageri diren ehun eta hamar emakumeren argazki jarri zituzten, izen-abizenekin, eta euren kontakizunekin. Euskal emakumeen barne indarra ezagutzera eman. Emakume aunitzendako arnasa izan da. Errekonozimenduak goxo egin du.

Zigako Agerreko bordako Ignazio MAISTERRENA: Asto pack-a: karpa eta puskak astoan

Zigako Agerreko bordan sortu zen 1941. urtean Ignazio Maisterrena Huarte. 2024ko martxoaren 24an zendu zen. Goitiko argazkian, Ignazio ageri dena, familiak eskuzabaltasunez utzitakoa da. Bertan, karpa eta bere puska guztiak asto gainean dituela ikus daiteke. 1960ko abenduan ailegatu zen Bakersfieldera, hemeretzi urte zituela. Anaia bat (Gabriel) Kanadara joan zen lanera. Artzain lanetan ibili zen zenbait urtez. Beranduago, aunitzek bezala, lanez aldatu zuen. Alaba baten aita zen eta baita biloba baten aitatxi ere. Euskara, gaztelania eta ingelesa menperatu zituen. Maite Goizueta, Essa Hall, Ignazioren alargunarekin eta Euskal Herritik joandako familiarekin elkartu zen Boisen. Argazki hau da Ameriketara joandako artzainen bizimodu zati baten “lekuko”.

Arizkungo Antxoneko Joxemari MARITORENA: «Euskara da oraino gure hizkuntza»

Arizkungo Antxonean sortua da Joxemari Maritorena eta 82 urte ditu gaur egun. 1964. urtean joan zen Ameriketako Estatu Batuetara (Lancaster, Kalifornia) eta Nafarroa Behereko Izpura herrian sortutako Maddi Recarekin ezkonduta dago. Bakersfielden bizi dira eta lehenengo aldia zuten Boiseko Jaialdian. Lau egun eman zituzten bertan.

Bederatzi urtez lan egin zuen Maritorenak kanpero moduan. Gero, arrantxo batean. Ezkondu eta gero, 25 urtez lorezain lanetan ibili zen. 1987. urtean ardiak erosi zituen. 1990ean, arrantxo bat erosi eta 2003. urtera arte bertan aritu zen lanean. Maddik ere gogor egin zuela lan dio Joxemarik. Gero, saldu zuten. Gaztelania eta ingelesa menperatzen baldin badute ere (Maddik frantsesa ere bai), euskarak segitzen du izaten haien hizkuntza nagusia. 2023an egon ziren azken aldiz Arizkunen eta, osasuna lagun badute, berriz itzuliko dira Euskal Herrira. Bizitzak gogor kolpatu ditu Joxemari eta Maddi. Zuten semea zendu baitzen eritasun baten ondorioz. Hurrengoan, Arizkunen edo Izpuran elkartzeko gogoarekin agurtu ginen.

Urrasungo Tellaxarreko Joxe Migel URRUTIA: «Begi bat itxia eta bertzea zabalik egin lo»

Azpilkuetako Urrasungo Tellaxarren sortu zen Joxe Migel Urrutia Iribarren, 1947an. 1965ean ailegatu zen Kaliforniara. Chinotik hurbil, 5 urte eman zituen artzain lanetan. Boisen (Idaho) ere bertze 5 urtez lanean aritu eta Kaliforniara itzuli zen. Green Card (bertan bizitzeko baimena) lortu zuenean lorezain lanetan aritu zen, «baratzea egiten». Lorezain aunitz euskaldunak ziren eta «norgehiagoka» ibiltzen ziren, lorategirik ederrena nork egin. Lehenengo emaztearekin hiru seme ditu. Lau biloben aitatxi da eta Chinon bizi da. Joxe Migelen bizipena: Otsaila zen. 2.000 ardi zaintzeko, patroiak asto bat eta bi zakur utzi zizkion. «Asto gainean zure gauza guztiak jar itzazu (karpa barne). Poste elektrikoak segitu. Errepide batera iristen zarenean, bertan itxaron gu ailegatu arte» agindu zion. Baldintza horietan, bakarrik abiatu zen. Zortzi egun pasa ziren patroiak errandako lekura iritsi zen arte. Errepide batera iristen zen aldi oro, patroiari itxaron behar zion. «Begi bat itxita eta bertze bat zabalik egin lo. Ikusten baduzu ardiak urruntzen direla, zakurrak bidali» erran zion.

Arizkungo Martintoneko Antonio ELIZALDE: «Euskaldunon pikniketara joaten naiz»

Antonio Elizalde Arizkungo Martintonekoa da. Bere aita, Maurizio Elizalde Etxeberria txistulari ezaguna zen. Haren semea da Antonio, seme zaharrena. Ez zen Boiseko jaialdira joan, bertze konpromiso bat zuelako, baina Juan Ibarra sunbildarrari esker berekin telefonoz mintzatzeko aukera izan zuen Maite Goizuetak. Badira 58 urte herritik joan zela Estatu Batuetara. Badu arreba bat San Frantziskon bizi dena. Ezkonduta dago. Bere emaztea Santanderrekoa da. Arizkunera bisitan joaten da. Azken aldiz, 2024ko azaroan izan da. Diasporako euskaldunek antolatzen dituzten piknik delakoetara joaten omen da ahal duen guztietan. Boisen, azaroaren 1aren inguruan, bai Estatu Batuetan, bai Euskal Herrian hildako senideen omenez meza egiten dutela. Eta aurten, lehen aldiz, azaroaren 1ean, Bakersfielden baztandarrak bazkari batean elkartuko dira, Baztandarren Biltzarra Ameriketan!. 180 lagun espero dituzte. «Nahiz eta elkar ez ikusi, telefonoz mintzatu izana pozgarria izan da biontzat», dio Maite Goizuetak. 

Sunbillako Erratzeneko bordako Juan IBARRA: Sunbillako azkena

Sunbillako Erratzeneko bordan sortua, 70 urte ditu Juan Ibarra Galarregik. 1978. urtean joan zen Estatu Batuetara (Cheyenne, Wyoming). Joan den mendean 300 sunbildar baino gehiago joan ziren AEBetara eta Ibarra azkena dela erran daiteke. Orain, Kalifornian bizi da. Bera joan aitzinetik bere aita eta bi anaia joan ziren AEBetara. Aspaldi dago ezkonduta Estherrekin. Hiru seme dituzte. Urte batzuk artzain lanetan ibili eta gero, Higiezinen Agentzia bat sortu zuen. Orain jubilatua dago eta “menditik” itsas ertzera joan dira bizitzera. Jubilazioaz gozatzen dabil, auto-karabana batekin zenbait lekutan bidaiatzen, toki berriak ezagutzen. Itsas ondoan erosi duten etxearekin, bizi-leku aldaketarekin, oso pozik daude biak.

«Belaunaldi berriekin gauzak aldatzen doaz, baina beti basque!»
Michelle ALZOLA ZELAIETA eta Annie GABIKA, hiruharren eta laugarren belaunaldikoak

«Gero eta zailagoa da euskal artzain izandakoak topatzea, urteak aitzinera doaz. jendea hiltzen ari da… gazteena 70 urtekoa topatu nuen, Sunbillako Erratzeneko Juan Ibarra». Baina denek euskal sentimendua bizi-bizirik mantentzen dute. Horren erakusgarri, beheitiko argazkian ageri dena: Arizkun auto matrikula, Chinon (Kalifornia) bizi den Arizkungo Pertalats Iribarren etxeko Dolores Urrutiak bere autoari paratutakoa. 92 urte ditu Doloresek.

Annie GABIKA, Boiseko euskal museoko zuzendaria

Annie Gabika, erraterako, laugarren belaunaldikoa da, Nevadako Paradise Valley herrian jaiotakoa, Winnemucaren Iparraldean. Bere arbasoak 1890-1905 urteen bueltan iritsi ziren AEBetara. Aitaren aldetik Ispasterrekoak (Bizkaia) ziren, eta amaren aldetik Berriatuakoak (Bizkaia) eta Urepelekoak (Nafarroa Beherea). Arrantxoetan lanean ibili ziren, baita behiekin ere. Boisera joan zen unibertsitatean ikastera eta gaur egun Boiseko Euskal Museoko zuzendaria da, «Estatu Batuetan dagoen euskal museo bakarra». NABOko (North American Basque Organitations, Inc.) presidente izandakoa da. Boise hiriburuan eta bere inguruan jatorri euskalduna duten 10.000 lagun inguru omen daude. Gabikak aipatutakoaren arabera, Ellis Islandeko museoan Hidden in Plain Sight. The Basques/Begibistan ezkutatua: Euskaldunak erakusketa paratu zuten 2010eko otsailaren 16an, Eusko Jaurlaritzak eta Boiseko Euskal Museoak bultzatuta. Inaugurazio ekitaldian, Quebec, Idaho, New York, Kalifornia, Virginia eta Euskal Herritik joandako 300 euskaldun herritar egon ziren. Bisitan joandakoak 10.000 lagun inguru izan ziren. Gaur egun, aipatutako erakusketa Idahoko Museo Historikoan dago.

AEB-Arraioz Connection

Hirugarren belaunaldiko Michelle Alzola Zelaietak, berriz, senideak ditu Arraiozen. Idahoko Gooding hirian sortua, Arraiozko Joxemari Zelaieta zuen aitatxi eta Nevadan sortutako Mary Etxart Bidart amatxi. Jose Luis Egiluzekin ezkonduta dago. Ander eta Ane seme-alabak, laugarren belaunaldia dira. Baztanera etortzen da bisitan eta harreman estua du Arraiozko bere familiarekin: «Jatorrak dira, alaiak, dena ematen dizute…». Arras pozik da beraiekin, besoak zabalik hartu dutelako eta beren alaitasunak eta eskuzabaltasunak “harrapatuta” dauka. Maiz mintzatzen dira: whatsapp talde bat sortu dute elkarren berri izateko. Michellek modu aktiboan parte hartzen du antolatzen diren diasporako jardueretan.

Beti basque!

Ageri denez, belaunaldi berriak ari dira arbasoen lekua hartzen. Bosgarren belaunaldiaz ere mintza gaitezke. Euskal artzainek sustraiak Euskal Herrian zituzten, baina adarrak Ameriketan hedatu dituzte. Belaunaldi berriko gazteak ikusi ditugu, dantzariak, euskaraz kantatzen duten musika taldeak sortu dituzte, euskara ikasten…. Belaunaldi berriekin gauzak aldatuaz doaz, baina beti Basque!, dio Goizuetak. Aurten, lehen aldiz, azaroaren 1ean, Bakersfieden baztandarrak bazkari batean elkartuko dira, “Baztandarren Biltzarra Ameriketan!”.

Eskerrak eta Ohore

Eskerrak eta Ohore gure arbaso haiei eta gaurkoei. Egindako ana eta bizitza, duintasunez egin zuten. Istorioak kontatzen dizkigute, baina HISTORIA egin dute, Euskal Herriaren historia zati bat. Ezin da dena “akatsik gabe” egin, gizakia bera ez delako “perfekto”, baina guztia zein ongi egin zuten hurrengo belaunaldiak harrotasun apalez eta ozenki errateko: “gure aitatxi, aita, osaba… ARTZAIN izan zen". Orain guri dagokigu. Arriskuak bazeuden: basabereak, denboraleak, hotz eta bero handiak, baina gogorren kolpatzen zuen etsaia bakardadea zen.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia