euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakari berria: «Orain arte bakoitzak bere aldetik egin du lan, baina indarrak batzeko momentuan gaude» (El Diario Vascon)

2020/09/26

Lankidetzaren aldeko apustua berretsiz, uste du Eusko Ikaskuntza «ondo kokatuta» dagoela lidergoa bere gain hartzekoAna Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria

Lotura: El Diario Vasco

Nerea Azurmendi. Ana Urkiza Ibaibarriagari (Ondarroa, 1969) ur askotan nabigatzea egokitu zaio. Ikasketaz eta lanbidez, komunikazioaren eta giza baliabideen kudeaketaren arlokoa da. 2007an hasi zen lanean Bankoa Crédit Agricole banketxean, non Barne Komunikazio eta Prestakuntza Sailen ardura duen 2017az geroztik. Irakasle izan da Deustuko Unibertsitatean; Euskararen Aholku Batzordeko kide; idazle; Euskal Idazleen Elkarteko idazkari...

Eusko Ikaskuntzaren babesleetako bat den Bankoaren ordezkari gisa izan zuen aurreneko harremana erakundearekin. Mendeurreneko kongresuko lanen bueltan estutu zuen harremana, idazkari nagusi izendatu zuten gero eta lehendakari aukeratu berri dute, Eguzki Urteagak, Isabel Elizaldek, Zelai Nikolasek, Manu Olariagak eta Asier Etxenikek osatzen duten Kontseilu Errektoreko buru.

– Asko nabarmendu da Eusko Ikaskuntzaren aurreneko lehendakari emakumezkoa zarela. Norainoko garrantzia du zuretzat?

– Pertsonalki ez dit ezer berririk esaten. Sekula ez dut pentsatu, umetatik hasita, neska nintzelako zerbait diferentea egin behar nuenik edo zerbait diferentea eskatu behar zitzaidanik. Eusko Ikaskuntzari dagokionez, momentu honetan gure gizartearen isla den aldetik, normala da tokatzea lehendakari emakumezko bat, zazpi gizonezkoren ondoren. Ulertzen dut albiste izatea, baina besterik gabe.

– Zortzi urtez lehendakari izan den Iñaki Dorronsorekin eskuz esku egin duzu lan azken urteotan. Egoera konplikatuan hartu zuen hark erakundea. Nola jaso duzue zuek?

– Iñaki Dorronsorok aldaketa handiak egin ditu bere zortzi urteetan. Horren emaitza bezala ulertu daiteke mendeurreneko kongresuan erakutsitakoa. Ez bakarrik emaitza bezala, baizik eta emaitza horretara iristeko erabili zen lan metodologiari dagokionean. Guri dagokiguna da Kongresuan aurkeztu zen Liburu Zuria garatzen hastea.

– Lanari ekin aurretik, Eusko Ikaskuntzaren egoeraren diagnostiko zehatza egin duzue. Zein dira une honetan erakundearen indargune nagusiak?

– Hasteko, marka oso indartsua, ehun urtez egindako lanaren ezaugarri, eta legitimitate zabala herritarren eta instituzio publikoen aldetik. Gainera, harreman sare zabala dugu, eta aliantzak egiteko gaitasun handia. Lurraldetasuna ere, euskal lurralde guztietan presente egotea, indargune potoloa da.

– Zertarako baliatu nahi dituzue ezaugarri onuragarri horiek?

– Orain dela 102 urte Eusko Ikaskuntzari eman zitzaizkion funtzioak era berrituan gauzatzeko. Gure egitekoa da gure herriaren etorkizunaren garapenerako erronkak detektatzea eta gizarteak dituen beharrei erantzutea, egitasmo desberdinen bidez. Aurreko ehun urteetan Eusko Ikaskuntzak askotan moldatu behar izan du historiaren eta gizartearen beharren arabera, eta guk ere hori egin behar dugu. Eta gizarteari jakinarazi behar diogu zein den une honetan Eusko Ikaskuntzaren funtzioa eta kokapena. Liburu Zurian daude jasota amestutako herri hori lortzeko egitekoak. Hori oinarri, eta gaur egun gizarte mailan bizi dugun egoera kontuan hartuta, lehenetsi ditugu zenbait gai, badugu agenda propio bat, eta hori landuko dugu.

– Agenda propioa duzue, baina ez duzue zuen kabuz eta barkaka landu nahi.

– Ez, harreman sarea are eta zabalagoa egitea eta aliantzak egiten jarraitzea da gure helburuetako bat, lankidetzan jarraitzeko. Gaur egun bizi dugun krisi egoera honetan, zorionez herri honetan hainbat eta hainbat elkarte ari dira euren proposamenak egiten. Guztiok helburu bera izan arren modu diferentean gabiltza, baina hori ez litzateke planteatu beharko lehia bezala. Horregatik, lan lerro nagusia da erakustea Eusko Ikaskuntza dela erreferentziazko instituzioa arlo horietan lan egiteko.

– Denak kabitzen diren etxea da hortaz Eusko Ikaskuntza?

– Gure berezitasuna da hain justu aniztasuna kontutan hartuta lan egitea. Ezagutza, eskarmentu, profil akademiko eta profesional oso desberdinak dituzten pertsonak lan egiten dute Eusko Ikaskuntzaren proiektuetan. Ideologia desberdinetakoak ere bai. Hori egitasmoen sinesgarritasuna eta bideragarritasuna bermatzeko bide bat da. Beste alde batetik, irekia da. Markoa irekitzen zaie pertsona, lurralde, ikuspuntu eta lankidetzan aritu nahi duten eragile guztiei. Gure lan egiteko moduak hori ahalbidetzen du. Ez da bakarrik zer egiten dugun, baizik eta nola egiten dugun.

– Zenbatek egiten duzue?

– Eusko Ikaskuntzak 2.000 bazkide ditu momentu honetan, eta datu adierazgarri bat emango dizut: Kongresuaren inguruan 1.400 pertsona aritu dira lanean buru-belarri azken hiru urteetan, euren ekarpenak egiten. Hor egon dira akademikoak, profesionalak, erakundeak, instituzio publikoak... Historian zehar argazki asko izan ditu Eusko Ikaskuntzak, eta momentu honetakoa pluraltasunaren eta aniztasunaren argazkia da.

Esaldiak
INDARGUNEAK
«Eusko Ikaskuntzaren indargune nagusietakoa instituzio publikoen eta herritarren aldetik duen legitimitate zabala da»
EGITEKO NAGUSIA
«Gure egitekoa da gure herriaren garapenerako erronkak detektatzea eta gizarteak dituen beharrei erantzutea»
LANKIDETZA
«Gizartearen kezkei ahotsa emateko tenorea da, eta horretarako lankidetzan aritzen ikasi behar dugu»
HELBURUA
«Gurekin ariko diren eragileekin harremanak sendotu, eta elkarrekin lan egiteko behar den zorua prestatu behar dugu»
EGITASMOAK
«Proiektuak ezin dira txosten edo mintegi batean geratu, aplikatu egin behar dira, egitasmo eskalagarrien bidez»
GIZARTEA
«Une honetan gizarteak nahiago ditu berehalako erantzunak luzerako hausnarketa eskatzen dutenak baino»

– Nola artikulatu nahi duzue eragile desberdinen arteko lana?

– Gurea gizarte konprometitua da, beti egon da lanerako prest, baina egia da bakoitza saiatu dela bere lekutik egiten bai ekarpenak, bai lana. Nik uste dut gizartea eta erakunde publikoak konturatu garela beste momentu batean gaudela. Alde batetik, erakunde publikoetan asko delegatu du gizarteak, baina bere kezkei ahotsa emateko tenorea da, eta horretarako lankidetzan aritzen ikasi behar dugu. Orain arte bertikalean lan egin dugu, bakoitzak berean, eta orain zeharkakotasunaren momentua da, indarrak batzekoa.

– Zergatik orain bereziki?

– Politika publiko indartsuak behar ditugu, eta erabakiak hartzen dituztenengana ahots bakar batekin joatea komeni da. Horretarako, ahotsak bateratu egin behar ditugu. Hori da gaur egun –bai Eusko Ikaskuntza bezala, bai gizarte bezala–, dugun erronka: egiten ditugun lan eta ekarpen horiek guztiek izan dezatela norabide bat, erabakiak hartu behar dituztenek kontsentsuz edo modu partekatuan hartu diren proposamenak jaso ditzaten, eta bideragarriak direla ikus dezaten. Ni ez naiz nor esateko norberak zer alboratu behar duen beretik, baina uste dut herri bezala horrek izan behar duela guztion jomuga.

– Planteamendu horretan, Eusko Ikaskuntza prest legoke, eta gai da, lidergoa bere gain hartzeko?

– Lidergo paper horretarako oso ondo kokatuta gaudela iruditzen zaigu, lan egiteko daukagun moduagatik, gure harreman sare zabalagatik eta aliantzak egiteko gaitasunagatik. Eta konfiantza osoa daukagulako orain arte lanean aritu garen agente askotarikoekiko. Horregatik esaten dugu hain zuzen garela erreferentziazko erakundea lidergo hori aurrera eramateko. Hurrengo urteotarako helburu nagusia hori da, eta eskatzen du, besteak beste, gurekin lanean ariko diren eragile guzti-guztiekin harremanak sendotzea eta elkarrekin lan egiteko behar den zorua prestatzea. Eta funtzio eguneratu honen berri gizarteari behar bezala ematea.

– Baduzue sistemaren bat politika publikoen inguruko erabakiak hartzen dituztenek gizartearen ekarpenak aintzat har ditzaten? Txosten interesgarriz beteta daude tiraderak.

– Hori da saihestu behar dena: txostena egin eta bidaltzera mugatzea. Gure aldetik, lan egiteko modua aldatzen ari gara. Orain arte Eusko Ikaskuntza ikerketari lotua egon da, azterketari, baina gero eta indar handiagoa hartzen ari da behatoki funtzioa, ikertzen eta aztertzen hasi aurretik oso beharrezkoa iruditzen zaiguna. Proiektuak ezin dira txosten edo mintegi batean geratu, aplikatu egin behar dira. Hori egin nahi dugu, ia egiten ari gara, proiektu eskalagarrien bidez. Gune txikietatik hasi proiektu horiek inplantatzen, jendea ahaldundu eta gero zabaltzen joan beste eskualde eta lurralde batzuetara. Asmatu behar duguna da guztion artean eta erakunde publikoekin adosten nola egituratuko diren plaza horiek, aurretik ezagutu eta onetsi dezagun zein emaitzatara heldu nahi dugun, erabilitako lan metodologiaren arabera. Ezin dena da bakarrik lan egiten aritu eta gero emaitzak eskaintzera joan, besterik gabe. Lan egiteko modu berri honetan denok dugu lekua, eta gure ustez hori da bidea.
 

«Une hau baliatu nahi dugu barrutik indartzeko eta elkarlanerako sare eta aliantzak indartzeko»
Pandemiak eragindako krisiak kongresuaren ondotik aurreikusi zuen dinamika berrikustera eraman du erakundea

N. A. Donostia. Ziurgabetasuna nagusi den unean hartu du Ana Urkizak EI-ren lema. Batetik, areagotu egingo du pandemiak diru-baliabideen urritasuna, baina baliteke hori kudeatzea kezka eta urduritasun giro nahasian aurrera egiteko bidea aurkitzea baina errazagoa izatea.

– Pandemiaren aurrekoa da Liburu Zuria, zuek proposatutako bost lan lerroen iturburu nagusia. Behartu zaituzte egoerak bat edo beste lehenestera?

– Lerro nagusiak finkatu eta lehenesteko orduan Liburu Zuria kontuan hartu dugu, baina bizi dugun egoera ere bai, jakina. Badago ildo bat pandemiarekin zerikusi zuzen-zuzena duena, ongizatearen ingurukoa. Ongizate eredu zabal eta eraginkor bat proposatu nahi da, arlo denak barne hartuko dituena. Badago beste ildo bat Kongresuko eta Liburu Zuriko bost arloetan agertu zena, euskal identitatearen garapenaren ingurukoa. Gobernantza, eredu demokratikoak sakontzea, eta munduan –batez ere Europan, Euroeskualdearen garrantzia nabarmenduz–, non eta nola kokatu nahi dugun aztertzea dira beste bi ildo nagusiak. Lau lerroek dute lotura dena mugiarazi duen pandemiarekin.

– Nola garatuko dituzue?

– Gai bakoitza ia infinitua da eta, bistakoa denez, zatitu egin beharko ditugu. Horregatik da oso garrantzitsua erakunde publikoekin ondo zedarritzea gauzak, bateragarri eginez helburu zehatzetara heltzeko bidezidorrak eta epe luzerako begirada. Edonola ere, argi daukagu pandemia garaian gaudela eta hasiera ez dela erraza izango. Une hau baliatu nahi dugu barrutik indartzeko eta elkarlanean aritzeko ezinbestekoak dire sare eta aliantza horiek indartzeko.

– Gizartearen arreta erakartzea ere ez da erraza izango.

– Une honetan gizarteak nahiago ditu berehalako erantzunak luzerako hausnarketa eskatzen dutenak baino, ulergarria da. Guztiok gabiltza gure egoerarekin eta arazoekin arduratuta. Kulturaren aldetik ere barren asko astindu ditu krisiak. Hala ere, gu saiatuko gara herritarrei azaltzen zein den gure lan egiteko modua, eta zergatik iruditzen zaigun ezinbestekoa erronkei aurre egiteko indarrak batzea eta konfiantzazko harremanak finkatzea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia