Egun egoera aski aldatu bada ere, gauza jakina da Euskal Herria mundura misiolari gehien igorri dituen herrialdeetako bat dela. Datu gisa, 1820-1960 artean, gutxienez 3.404 izan ziren, soilik Hegoaldean, Euskal Herria misiolari gisa utzi zuten euskaldunak. Hiriburuez aparte, Azpeitia (75), Azkoitia (67), Oñati (47), Zeanuri (44), Zornotza (44), Tolosa (39) Deierri (32) eta Markina (31) izan ziren misiolari gehien bidali zituzten herriak. Hegoaldeko probintzien artean, Nafarroak 1316 misiolari bidali zituen, Bizkaiak 886, Gipuzkoak 810 eta Arabak 392. Ameriketara joan ziren gehienbat, baina baita Filipinak eta Asiara, Afrikara eta Ozeaniara ere.