euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Eraldaroa', Euskal Gizataldeen 8. Mundu Batzarra: balorerik handiena ilusioa eta euskal gogoa (III)

2024/01/05

Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzako teknikari den Benan Oregi argazki eta ekarpen kritikoa eginez batzarkideei
Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzako teknikari den Benan Oregi argazki eta ekarpen kritikoa eginez batzarkideei

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Kursaal Kongresu-Jauregiak baitaratu zituen bi egun nagusiek batzarkideen atxikimendua bildu zuten, solasteko eta eskarmentu, ikusmolde eta iritziak partekatzeko aukera eman baitzuten, batzarkideak hamaika mahai biribil eta taldetan banatuta, kontrastea eta jatorri eta ezaugarri desberdinak elkarrekin eseriaraziz, eta horrekin batera hitzaldi eta aurkezpenak antolatuz batzarkide guztiei zuzenduta, hizpide Araba, Emakunderen zeregina eta parekotasuna, euskal ogasun sistema edota turismo aberastasuna konparazio, horietako batzuk azkeneko artikuluan aipatu genituela. 


Euskal Diasporaren Museoa, Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza bultzatzen ari den proiektu garrantzitsuenetako bat da. Argazkian bertako zuzendari Gorka Álvarez Aranburu batzarkideei zuzentzen azalduz zein inportantea den euren euskal etxe eta komunitateetako kideei partaidetza eskatzea, euren edo euren arbaso migranteen argazki, dokumentu edo edozein motatako objektuak eskatuz, migrazio horren lekukotasunak biltzearren, migrazio prozesukoak edo euren herrialde berriko ibilbide eta ekarpenaren isla eman dezaketenak. Askotan, eguneroko objektu arruntek ere balio handia izan dezakete egun osatzen bidean den Euskal Diasporaren Museoarentzat.


Eusko Jaurlaritza Diasporan garatzen ari den lanaren zati garrantzitsu bat Etxepare Euskal Institutuaren eskutik dator eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria Etxepareren Zuzendaritza Batzordeko kide da. Munduan zehar barreiatutako unibertsitateetako irakurletza sarearekin eta euskal kultura eta sortzaileekin lotutako hainbat ekimenekin batera, Euskal Etxeei dagokienez Etxepareren 'Euskara Munduan' programa giltzarri da euskararen irakaskuntzaren alorrean. Irudian, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza batzarkideei mintzo, alboan eserita dituela 'Euskara Munduan'eko koordinatzaile Kinku Zinkunegi eta Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendari Monika Madinabeitia.


'Argentinan Euskaraz' programa aitzindari izan zen 1990ean euskararen irakaskuntza arautua sartzen Euskal Etxeetan, eta egungo 'Euskara Munduan' bilakatuko zen, FEVA, Etxepare eta Euskal Etxeen ahaleginaren uztarri. Bere helburua, irakasleak Euskal Herritik bidali ordez, bertakoei formakuntza ematea, irakasle berriak bertakoak izan zitezen. FEVAko lehendakari Arantxa Anituak (argazkian mikroan) harro aurkeztu zuen duela 33 urte baino gehiago La Pampako Macachingo Euzko Alkartasuna Euskal Etxeko barnetegi batekin hasitako programa arrakastatsu hau.


Gaztelania abiapuntu ez duten herrialdeetako euskal etxe eta herrialdeak bat egiten hasi ziren denborarekin, besteak beste Estatu Batuak eta ikasle ingelestunak, bertsio berriak emanez metodo eta programei eta eguneratuz etengabe sistematika, mundu digital eta onlinera, irakaspide homologatu eta modernoenekin. Irudian, NABOko Jean Flesher eta Edurne Arostegui, Estatu Batuetako euskararen datuak aurkezten.


Euskara eskolak Bartzelonan, bertako Euskal Etxeko lehendakari Eneko Dorronsorok aurkeztuta. Bartzelonan euskara ikasi nahi dutenek aukera hirukoitza daukate, Euskal Etxean ikastearekin batera unibertsitatean ere egin baitezakete eta baita Hizkuntza Eskola Ofizialean ere, Madrilen gertatzen den bezala. Aurkezpen gehiago egin ziren herrialdeka, esaterako Alemaniako kasua aurkeztuz, ahalegin handia egiten baitute bertan euskal hizkuntza eta kulturan interesa duten guztiengana heltzearren, baita euskaraz eginiko kultur produktuak aurkezten ere, literatura alemanera bihurtzen, zinema azpititulatzen, kantari, dantzari eta artistei bertarako bidea errazten.


Kinku Zinkunegi Euskara Munduan-en egungo errealitatea azaltzen. 2018raino HABEren barruan, geroztik Etxepare Euskal Institutupean koordinatzen du Zinkunegik berak, egun 70 euskaletxe baino gehiagotara iristen dela, Argentina, Uruguai, Txile, Brasil, Estatu Batuak, Kuba, Mexiko, Peru eta Kolonbiatik hasiz, Espainia, Frantza, Alemania, Ingalaterra, Belgika, Japonia, Australia eta abarreraino. Argentina da munduan euskara irakasten duten euskal etxe eta mugimendu gehien duen herrialdea.


Alderdi artistikoan ere, batzarkideek aukera izan zituzten Batzarraren ekutik: asteazkenean Kursaalen Edu Muruamendiaraz zuzendari duen Aukeran euskal dantza garaikide konpainia donostiarraren 'Migratzaileak' ikuskizuna ikusi zuten, eurentzat propio taularatua. Azaroan Argentinako 2023ko Euskal Aste Nazionalean eta ondoren Uruguain emankizunak eskaintzetik zetozen Aukeranekoak, euskal etxe eta komunitateak partaide.


Mundu Batzarreko lehenengo egunean ere, iluntzean, Kalakan entzuteko aukera izan zuten batzarkideek, baita Aguamadera argentinarrak ere, Etxepare Euskal Institutuaren egoitza denTabakaleran hain zuzen, Kalakango Xan Errotabehere eta Jamixel Bereau, gainera, birritan aritu ziren batzarkideentzat, astelehen goizean Mundu Batzarraren inaugurazio ekitaldiak arituak baitziren Urkullu Lehendakaria bertan zela.


'Euskal Australiar Alkartea'ren eskutik, astearte eta asteazkenean "Basques in Australia" erakusketa zabalik egon zen Kursaalen, Batzarreko hallean. Erakusketa honek euskal-australiar emigrazioaren lekukotasuna eskaintzen du (2024an sartuta ere Euskal Herriko leku gehiagotan ibiliko da), beste euskal emigrazio batzuk baino apalagoa izan bada ere, egitate bat baita, eta Batzarrean bertan Sydney eta North Queenland-eko Euskal Etxeetako ordezkariak zeuden, Australian bertan jaiotako eta etxetik hizkuntzaz ere euskaldunak diren Pedro Mendiolea eta Amaya Arrate emigrazio historiko honen adierazgarri, Sydneyko Gure Txokoko lehendakari Jon Urrejola izanik Australiako hirugarren ordezkaria, hau ordea Euskal Herritik joana.

(segituko)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia