euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporakoa zara eta 14-17 urte dituzu? EuskarAbentura 2024k aukera ahaztezina eskaintzen dizu Euskal Herria euskaraz eta doan ezagutzeko

2023/12/29

Martxoaren 8ra arte dago zabalik Euskal Herriko eta Diasporako gazte euskaldunek EuskarAbentura 2024an izena emateko epea
Martxoaren 8ra arte dago zabalik Euskal Herriko eta Diasporako gazte euskaldunek EuskarAbentura 2024an izena emateko epea

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Diasporan bizi zara eta 14 eta 17 urte bitartean dituzu? Euskaraz moldatzen zara? Zabalik da dagoeneko EuskarAbentura 2024 espedizioan izena emateko epea. Zazpi euskal lurraldeetan edo Diasporan jaiotako 125 gazte euskaldun (EHko partaideei 2007an edo 2008an jaioak izana eskatzen zaie) Euskal Herrian barrena ibiliko dira uztailaren 1etik 31era, puntarik punta oinez zeharkatuz, euren adineko lagun berriak eginez eta hamaika paraje, istorio, bazter eta pertsonaia bertatik bertara eta bertakoen eskutik ezagutuz. Hautagaitzak 2024ko martxoaren 8ra arte aurkez daitezke, Zabaldu mesedez honen berri. Proposamen ederra da, doanikoa (Diasporakoen kasuan EHra etortzeko bidaia ere baitaratu dezake), bizitza osoan oroitzen den horietakoa. Iazkoan Diasporako hiru partaide izan zituen, Argentinatik, Estatu Batuetatik eta Valentziako Euskal Etxetik etorrita.

Interesatuek minutu bateko aurkezpen bideo bat eta banakako proiektu bat bidali beharko dituzte, EuskarAbentura elkarteak proposatutako gaia eta formatuen artean bat aukeratuz. Oraingo edizioan, hauek dira hiru gaiak: Euskara batua eta euskalkiak, euskara batuak euskalkiak zapaltzen edota baztertzen dituela uste duzu? Edo alderantziz, euskalkiek prestigio gehiago dutela esango zenuke?; Emakumea eta kirola, egun, kirolaren esparruan parekotasunik ba al dago emakume eta gizonezkoen artean? Emakumeek mutilek adina kirol egiten dutela esango zenuke? Kasualitatea al da hori?; eta Utopia, Nola irudikatzen duzu etorkizuna? Mundu horretako zein elementu ditugu gaur egun eta zeintzuk aldatu dira?


Zeure adinekoekin elkarbizi eta EH osoan lagunak egiteko aukera da EuskarAbenturak 2024

Lanak sei formatu posibletan aurkeztu ahal izango dira: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta sormen digitalekoak. Espedizio taldea osatzerako hoberen baloratutako 125 lanak hartuko dira kontuan, baita hautagaien generoa, errealitate soziolinguistikoa eta jatorria ere, euskal gazteriaren aniztasuna jasoko duen espedizio talde bat osatzeko helburuarekin. Jasotako proiektuak ebaluatu ondoren, apirilaren 24an argitaratuko da parte hartuko duten 125 gazteen behin-behineko zerrenda. Irakurri oinarriak eta egin klik izena emateko formularioan. Informazio gehiago nahi izanez gero, jo euskarabentura.eus web orrialdera. Aukera bakarra eta ederra da! Zeuk ezin baduzu baliatu, egiozu mesedez oparia zure inguruko norbaiti honen berri hedatuz!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia