euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Daniel Salvador gobernadoreorde ohi eta CONADEPn buru zenarekin hasiko dute Lapridan 2024ko elkarrizketa sorta

2024/04/08

Erdian, Buenos Aires probintziako gobernadoreorde ohi Daniel Salvador, alboan Anahí Silvina Bilbao diputatua eta Marita Baliño buruzagi erradikala alboan dituela, demokraziaren 40 urteen aldeko ekitaldi batean, 2023ko abenduaren 2an, Lapridan
Erdian, Buenos Aires probintziako gobernadoreorde ohi Daniel Salvador, alboan Anahí Silvina Bilbao diputatua eta Marita Baliño buruzagi erradikala alboan dituela, demokraziaren 40 urteen aldeko ekitaldi batean, 2023ko abenduaren 2an, Lapridan

PUBLIZITATEA

Laprida, Argentina. Kultur agenda oparoa garatu zuen Lapridako Euskal Etxeak 2023an eta harrera ederra egin zion komunitate osoak. Aurten, bere jarduera tradizionalei berriro ekiteaz gain, igandeetako topaketa ziklo bat ere programatu du, iazkoaren harrerak bultzatuta. Elkarrizketa Zikloaren edizio berriko lehen hitzordua apirilaren 19an izango da, 19:30ean. Buenos Aires probintziako gobernadoreorde ohi eta Pertsonen Desagerpenari buruzko Batzorde Nazionaleko (CONADEP) idazkari ohi Daniel M. Salvador doktorea elkarrizketatuko du Lagunen Etxeko zuzendaritza batzordeko kide Sebastian Aristegui  kazetariak.

Apirilean hasiko ditu tailerrak Euskal Etxeak: musa euskaraz, abesbatza gazteleraz eta euskaraz, dantza haurrentzat eta “Irakurketa eta idazketa sukaldean”. Era berean, Mus Txapelketa Nazionalerako sailkatze fasea hasiko du eta haurrentzako pilota eskolarako izen-ematea zabalduko da. Urtearen erdi aldera, igandeko askariak estreinatuko dituzte, euskal pastela ezinbestekoa osagai. tea edo txokolatearekin batera, “Té lo cuento” (Kontatuko dizut) zikloa iritsiko da, bertako hainbat pertsona ezagunen kontakizunek girotutako gunea. Igande arratsaldean, ekainaren 23an, San Joan gauaren atarian, “Los Chococuentos eta beldurrak ekinoziora botatzeko sua”z gozatzeko elkartuko dira.  

Elkarrizketa Zikloa 2024

Esan bezala, Daniel Salvadorren entrebistak emango dio hasiera Elkarrizketa Zikloaren 2024ko edizioari. Maiatzaren 11n izango da bigarren topaketa, "Landa eremuko Lapridaren Historia" gaia hartuta eta Alberto Bide - César Corriente bikotearen eskutik. Ekainaren 8an, Cacho Mazzeok eta Jorge Galganok "Gure Herriko Pertsonaiak" aurkeztuko  dituzte. Abuztuan, bi topaketa izango dira. Abuztuaren 3an, Jorge Galganok eta Vicky Canaverik "Antzerkiaren historia Lapridan", eta abuztuaren 17an, Jorge Olallak eta Federico Vittetek "Ardoa, historia, lurrinak eta zaporeak. Lapridako lehen mahastia, euskaldun batena" izango dute mintzagai. Irailean, “Francisco Salamone, arkitekturaren atzean dagoen gizona”-z arituko dira. Urrian, "Laprida eta bere biztanleak” izeneko topaketa eskainiko dute, eta azaroan, urteko azken elkarrizketak “Literaturaz mintza gaitezen” proposatuko du; elkarrizketa amaituta, Euskal Etxeko sukaldariek prestatutako afari tradizionala eskainiko dute. Zikloak sarrera libre eta doakoa izango du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia