2013/04/05

Apirilaren 1etik abian da Eusko Jaurlaritzak Boisen (AEB) duen bulego berria, Kanpoko Euskal Komunitateentzako Zuzendaritzaren baitangoa den Miren Perez Egireun lizentziatu bilbotarra buru. Bulegoa, Idaho Estatuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinatutako akordioetan aurreikusten da, eta New Yorkeko Euskadiren Ordezkaritzaren pean dago. "Boisetarrei eta Mendebaldeko euskaldunei nire agurrik beroena helarazi nahiko nieke eta Boiseko bulegoaren ateak zabalik izango dituztela jakinarazi; euren ideiak eta ekimen-proposamenak entzuteko eta aztertzeko guztiz prest nago", adierazi dio Miren Perez Egireunek EuskalKultura.com-i.
Gehiago irakurri...
2013/04/05

Urtero legez, Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxeak bidaia antolatu du Euskal Herrira, eta bihar bertan abiatuko da 24 lagunek osatutako autobusa, asteburua Gipuzka aldean pasatzeko. Bihar Bergara bisitatu eta Usurbilgo Saizar sagardotegian afalduko dute, eta igandean Aiako Txakolinaren Festan izango dira. Horrez gain, elkarteko idazkari Jokin Oncaladak oroitarazi nahi die EuskalKultura.com-eko irakurleei Espainiako estatuko euskal etxeen mus txapelketa eta urteroko bilkura Gure Txokon egingo direla datorren maiatzean.
Gehiago irakurri...
2013/04/05

Korrika 18ren hondar-hondarreko ekitaldia izan da, joan den asteburuan Argentinan. Izan ere, Necocheako Euzko Etxeak euskararen aldeko lasterketa aste pare bat atzeratzea erabaki zuen Aberri Egunarekin batera ospatu ahal izateko. Euskaldunentzat hain bereziak diren bi data hauek martxoaren 29an hasi eta igande 31an bukatutako jaialdi batekin ospatu ziren Buenos Aires probintziako kostaldeko hiri honetan. EuskalKultura.com-ek argazki laburpena ekarri du hona.
Gehiago irakurri...
2013/04/05

Kubako euskal ondorengoentzat egun garrantzitsua da Aberri Eguna eta, aurtengoa, bederatzigarrena, Euskal Etxerik ezean “Casa de la Amistad” ICAPen egoitzan (Instituto Cubano de la Amistad con los Pueblos) ospatu zen. Talde jatorra bildu zen joan den igandean Habanako Vedado auzoan: euskaldunen ondorengoak, Kuban bizi diren hainbat euskaldun eta Euskal Herritik urrun egon arren Aberri Eguna ospatu nahi izan zuen turistaren bat edo beste. Eguzkia ere gonbidapenik gabe baina azaldu zen ospakizunera eta jendeak, kiskali aurretik, ekitaldia itzaletik ikustea aukeratu zuen.
Gehiago irakurri...
2013/04/05

Aberri Eguna New Yorkeko euskal komunitatearen urteroko hitzordurik nagusienetakoa da eta lagun asko biltzen ditu Euskal Etxera. Aurtengoa, jendetsua izateaz gain, oso hunkigarria izan da, elkarteak 2013an Mendeurrena ospatzen duelako. Hori dela eta, zuzendaritzak gonbidatu berezi eta zalapartatsuak ekarri zituen iragan igandean, Nafarroatik zuzenean: Berriozargo Zanpantzarrak. Joaldun taldea aurrenekoz izan zen Sagar Handian, eta irudi ahaztezinak utzi zizkien newyorktarrei.
Gehiago irakurri...
2013/04/04

Floresko Euskal Etxeak bihar abiatuko duen III Euskal Astea egitarau mardularekin dator aurten, eta apirilak 14a bitartean luzatuko da. Elkarteak ekitaldi ugari prestatu ditu, horien artean gastronomia dastaketak, kirolak, mus txapelketa, genealogiari buruzko hitzaldiak, dokumentalak eta Uruguaiko departamentu honetako euskaldunei buruzko erakusketa ibiltaria, besteak beste. Bihar, Euskal Gastronomia eta Ardoaren erakusketak emango dio hasiera 2013ko Euskal Asteari.
Gehiago irakurri...
2013/04/04

Limako Euskaletxeak Mercomus 2013 txapelketa inauguratu zuen atzo, ongi etorria eginez Argentina, Txile, Peru, Uruguai eta Venezuelako euskal etxeetatik etorritako partehartzaileei. Txapelketa astean zehar jokatuko da Liman eta partidez gain, bisita egitarau mardula prestatu du batzorde antolatzaileak. Gaur bertan euskal gastronomia dastaketa afaria egingo da Euskaletxearen egoitzan, muslari, bazkide eta lagun askoren bilgarri.
Gehiago irakurri...
2013/04/04
‘Euskara Landu Cortazar Euskaratzen’ izeneko tailerrak elkar osatzen duten bi helburu ditu. Batetik, Argentinako giro batzuetan euskararen presentzia mantentzen jarraitzea; bestetik, Argentinako literatura landuz norberaren euskara aberastea. Tailerra lau klasetan garatuko da, apirilaren 5, 12 eta 19an eta maiatzaren 3an, La Platako Euzko Etxean, eta eskolak Asier Luzarraga Garbisu irakasle bilbotarraren ardurapean egongo dira. Partaidetza doakoa da baina plazak mugatuak dira.
Gehiago irakurri...
2013/04/03

Etxepare Euskal Institutuak Korrika 18 kari lehiaketa batean parte hartzeko gonbitea luzatu zien munduko hainbat unibertsitatetan euskara irakurletzetako ikasle direnei, eta erantzun aparta izan du proposamenak. Munduko makina bat bazterretatik jasotako hamaika bideoen artean, La Platako Unibertsitate Nazionaleko ikasleek bidalitakoa izan da lehiaketaren irabazlea, Idurre Lekuona irakasle. Sari honi esker irakurletzako kide batek Euskal Herrian AEKko barnetegi batean ikastaroa egin ahalko du. Zorionak!
Gehiago irakurri...
2013/04/03

Oraindik denbora dexente falta bada ere, hasiak dira dagoeneko Boisen, hurrengo Jaialdi antolatzen. Bost urtean behin egiten den euskal festa erraldoi hau AEBetako euskal komunitatearen jai nagusiena eta munduko handiena ere seguruenik, Euskal Herririk kanpo. 2015ean, uztailaren 28tik abuztuaren 2ra egingo da eta antolatzaileak bertan parte hartu nahi duten musika talde, abesbatz edo dantza taldeak aukeratzeko epea ireki berri dute. Bertan jo eta Estatu Batuetako euskal komunitatearen jairik alaienean murgildu nahi baduzu, bidali zure proposamena!
Gehiago irakurri...