euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Plata eta Pringleseko ordezkariak nagusi, 'Zelai eta itsasoaren arteko' festako Mus eta Tortilla txapelketetan

2013/10/17

'Zelai eta itsasoaren arteko' Euskal Sukaldaritza Festa Tres Arroyoseko Hiru Erreka eta 'Pampa Vasca' elkarteen ekimena izan da, Buenos Aires hiritik bostehun kilometro hego-mendebaldera (argazkiaEE) Hiru Erreka Euskal Etxea eta 'Pampa Vasca' Landa Turismo elkartea antolatzaile, 400 bat lagun bildu ziren San Francisco de Bellocq herri argentinarrean 'Zelai eta itsasoaren arteko' izeneko I. Euskal Sukaldaritza Festan. Proposamenak Buenos Aires probintziako zelaietako paisaiak eta euskal kulturaren adierazpen tipikoak batzeko helburua izan du, eta hori dela eta ekintza nagusiak zaldi-ibilbideak eta Mus Txapelketa eta Tortilla Lehiaketa izan ziren. Hiru Erreka euskal etxeak esker beroak adierazi nahi dizkie partaideei, bereziki Cnel. Pringles eta La Platako euskal etxeetako ordezkariei.

Gehiago irakurri...


Atlantikoaren bi aldetako Lizarzaburutarrak lehen aldiz bilduko dira sendiaren oinetxe izan zen baserrian, Lizartzan

2013/10/16

Baserria ikusten izan ziren berriki Euskal Herriko María Lizarzaburu, Patricia Lizarzaburu, Jon Tolosa eta (beltzez) Patxi Goenaga Lizarzaburu, topaketaren antolakuntzan parte hartzen senitartekoa (argazkia F. Lizarzaburu)

Lizarzaburu familiak kide asko ditu Ameriketan, gehienak Peru, Ecuador, AEB, Brasil eta Mexiko artean sakabanatuta. Halarik ere, azken urteotan teknologia berriak baliatuz elkartu egin dira eta Lizartza Klan izeneko taldea sortu dute sarean. Orain, Euskal Herriko senitartekoak ere bildu dituzte bertara eta topaketa handia ari dira prestatzen 2014rako: aurreneko aldiz, familiaren sorburu izan zen baserria bisitatuko dute elkarrekin, Gipuzkoako Lizartza herrian. Han hasi zen familiaren historia XVI. mendean; aurki, etxean bueltan izango dira munduko Lizarzaburutarrak.

Gehiago irakurri...


NYeko Eusko Etxearen Mendeurrena: kabalkadan, 5. Hiribidean zehar, argazki kronika (I)

2013/10/16

Euskal partaidetzaren buruan joan zen pankarta, bertan Iker Goñi (EENY), Asier Vallejo (Eusko Jaurlaritza), Itziar Albisu Kobayashi (EENY), Marijose Sorrondegi, Eusko Etxeko lehendakari Aitzol Azurtza eta Alaitz Goñi daudela (argazkia EuskalKultura.com) Mendeurreneko ospakizun ekitaldiek berez iragan igandean izan zuten gailurra, Manhattanen eginiko Galarekin eta, beraz, astelehenekoa, 'bonus' bat zen, New Yorkeko Euskal Etxearen 100 urteak, kalean eta agerian Etxeorratzen Hiriko jendearekin partekatzea, euskaldunen poza hirian tradizio handikoa den desfile honetara ekarriz, euskal musika, dantzariak, txistulariak, trikitixaren doinuak eta euskal kantua AEBetako banderaren eta ikurrinaren kolorez jantziz eta aireratuz. Joan den astearen errepasoa egin aurretik, asteleheneko kabalkadaren argazki-kronika prestatu du jarraian EuskalKultura.com-ek.

Gehiago irakurri...


Euskaldunak Denak Bat-eko 'Iruki Alaiak' koruak Tandilgo Abesbatzen Topaketan hartu du parte lehen aldiz

2013/10/16

'Iruki Alaiak' korua joan den astean burututako Abesbatzen Topaketan, Tandilgo Gure Etxea-n (argazkiaEE) Mugimendu handiko hilabetea da hau Arrecifeseko euskal etxe argentinarreko lagunentzat eta ez soilik hirian bertan egiten ari diren aktibitateengatik. Izan ere, azken aste hauetan Tandilen, Buenos Aires probintziako Salton eta Llavallolen izan ziren arrescifestarrak: Tandilen, bertako 'Gure Abestiak' abesbatzak antolatutako Topaketan emanaldi bat eskaintzeko; Salton, herriko Gizataldeen Jaian stand bat muntatzeko; eta Llavallolen, Umeen Topaketan parte hartzeko. Ekintza hauez gain, eta Euskal Astera joateko dirua biltzeko asmoz, ‘Chancho movil’ bat prestatu zuten euskal etxeko dantzariek, helduek lagundurik.

Gehiago irakurri...


Mende erdia familiaren eskuetan egon eta gero, Sparks-eko Nugget kasinoa saldu egin dute Ascuagatarrek

2013/10/15

John Ascuaga, Nugget kasinoko orain arteko jabea, kasinoaren barnean dagoen Orozko jatetxearen margo bat erakusten (argazkia EuskalKultura.com) John Ascuaga euskal amerikarrak eta bere familiak Sparks-eko Nugget kasinoa saldu egin dute, 58 urte luzez sendiaren zuzendaritzapean izan ostean. Epe horretan, kasinoa hiriko ekonomiaren motore bihurtu da eta eraikinaren 29 solairudun bi dorreak Sparks-eko irudi ezagunenetako bat bilakatu dira. Orain, beste zenbait kasino kudeatzen dituen enpresa baten esku geldituko da Nugget-a; sendiaren esanetan, hori baita kasinoaren etorkizuna ziurtatzeko bidea. John Ascuaga eta haren familia Sparks-eko kide oso ezagunak eta maitatuak dira, gizarte arloan oso aktiboak izan baitira. Reno Gazette Journal (RGJ) egunkariak plazaratu duen artikulutik ekarri dugu berria.

Gehiago irakurri...


Hiriko euskal ondarea ezagutarazteko Argazki Lehiaketa antolatu du Coronel Pringleseko Eusko Biltzar EEak

2013/10/15

Coronel Pringleseko Euskal Etxearen logoa Lehiaketak bi kategoria izango ditu, Argazki Zaharrak eta Berriak, eta irudiak Coronel Pringles hirian edota inguruan ateratakoak behar dute izan. Lanak bidaltzeko epea azaroaren 15ean bukatuko da eta irabazleen izenak abenduaren 3an ezagutaraziko dira, Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunean. Beste alde batetik, Pringleseko euskal etxeak, irailean izandako bisitaren berri ere konpartitu nahi du. Irailaren 21ean eta lehendabiziko aldiz, FEVAko agintariak Eusko Biltzarren egoitzan elkartu ziren, Federazioaren zuzendaritza nazionalaren hileroko bilera burutzeko.

Gehiago irakurri...


Datorren astean 2013ko 'Balda' eta 'del Río' Xare Txapelketak jokatuko dira Buenos Airesen eta La Platan

2013/10/15

Txapelketaren afixa Urteak antolatu gabe egon eta gero, datorren astean, urriaren 21etik 25era, gazteentzako (22) 'Basilio Balda' eta Lehenengo Kategoriako 'Vicente del Río' Xare Txapelketak burutuko dira Argentinan. Kirol ekitaldia Buenos Aireseko Laurak Bat eta Gure Echea, eta La Platako Euzko Etxea elkarteek antolatu dute eta Argentinako Pilota Federazioaren eta Pilota Federazio Metropolitarraren babesa du. Europa eta Hego Amerikako 25 klubeko ordezkari biltzeaz gain, lehiaketaren baitan Euskal Pilota hobeto ezagutzeko ekintzen programa oparo bat ere burutuko da.

Gehiago irakurri...


Columbus Day-ko kabalkadarekin bukatuko dira gaur New Yorken EENYen Mendeurreneko ekitaldiak

2013/10/14

Irudian agertzen den Midtown Loft & Terrace aretoan, Bosgarren Hiribidean, egin zen atzo Euzko Etxearen Mendeurren Gala. Mikrofonoan, Iban Ubarretxena, EENYeko lehendakariordea (argazkia EuskalKultura.com) Atzo igande iluntzean New Yorkeko Bosgarren Hiribideko areto batean eginiko Gala izan da Estatu Batuetako euskal etxerik zaharrena den 'Eusko Etxea of New York'ek bere Mendeurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien gailurra markatu zuen ekimena, New Yorkeko, NABOko, Eusko Jaurlaritzako (Urkullu lehendakaria zen ordezkaritzako buru) eta itsasoaren bi aldeetan jaiotako euskaldunak partaide. Ekitaldien azken txanpan, gaur Bostgarren Hiribidean barna ibiliko den Columbus Day-ko kabalkada edo desfile famatuko euskal partaidetza izango da, musikariak, dantzariak eta NABO eta Jaurlaritzako kideak lagun, ospakizunen azkeneko ekitaldia.

Gehiago irakurri...


Juan Jose Ibarretxe Mexikon izango da aste honetan, Lehendakari Agirre Center ekimena aurkezteko

2013/10/14

Juan Jose Ibarretxek bihar ITAM-en emango duen hitzaldiaren afitxa New Yorkeko Euskal Etxearen Mendeurreneko ekitaldietan parte hartu eta gero, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia Mexikon izango da aste honetan. Ibarretxek hainbat hitzaldi emango ditu herrialdeko honetako unibertsitate eta erakundeetan, Lehendakari Agirre Center ekimena aurkezteko. Horren karira, Euskal Herriko garapen eredu jasangarriari buruz ere mintzatuko da; izan ere, gai horixe baita LAC delakoaren ikerketa arloetako bat.

Gehiago irakurri...


Euskatzaleak-en eskutik, Triki-poteo bat egingo da datorren larunbatean lehendabizikoz Buenos Aires hirian

2013/10/14

Triki-poteoan parte hartzeko gonbitea Aktibitatea oso ohikoa da Euskal Herrian baina nahiko ezezaguna Argentinako hiriburuan. Koadrila Buenos Aireseko Euskaltzaleak-en egoitzan elkartuko da eta bertatik San Telmoko Defensa Plazara abiatuko da euskal musikaren erritmora. Bidean, gainera, pote batzuk hartuko dituzte auzoko tabernetan eta kaleko jendea animatuko dute dantza egin eta euskaraz abestera. Hitzordua urriaren 19an da, arratsaldeko 6:30etan, Bernardo de Irigoyen kaleko 826. zenbakian.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia