2013/11/29

Argentinako hiriburuan bizi diren kolektibitateen nortasuna azaleratzea du helburu Buenos Aireseko Gobernuak sustatzen duen liburu bildumak eta euskaldunak dira, 2008an sortu zenetik, aurkezgai hartu duen bosgarren kokektibitatea, japoniarrak, italiarrak eta judu eta armeniar genozidioei eskainitako bi ale berezien ondotik. Aurkezpena abenduaren 4an egingo da Hiriko Kultur Etxean. Zeremonian –liburuaren isla bezala – hiriburuko euskal erakunde guztiek hartuko dute parte, tartean Euskadiko Ordezkaritzako eta FEVAko ordezkariek. Euskal Herrian, urtarrilean jendaurretuko da.
Gehiago irakurri...
2013/11/28

Teknikari berria hautatzeko elkarrizketa eta prozedurak bukaturik, NABO Ipar Ameriketako euskal elkarteen batasunak erabakia hartu du eta Itxaso Cayero (Boisetik) eta Aitor Iñarra (San Frantziskotik) izango dira NABOko Euskara alorreko teknikari berriak, Martin Goicoecheak segitzen duela alor horretako arduradun (Euskara chairperson). Hala eman du gaur aditzera NABOk Astero bere astekariaren bidez. Biak eskarmentudunak dira euskararen alorrean eta lekukoa hartuko diote Izaskun Kortazarri urtarrilaren lehenean.
Gehiago irakurri...
2013/11/28

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da abenduaren 3an eta, urtero legez, Diasporan zehar euskaldunek ekitaldi eta jarduera ugari antolatu dituzte. Zenbait gaur bertan hasiko dira euskal hizkuntzaren festa ospatzen, horien artean Madrilgo euskal etxea, esaterako. Abenduaren 3an Etxepare Euskal Institutuak Bruselan egingo du ekitaldi nagusia, "Fenêtre Ouverte" jaialdiaren baitan, eta munduko hainbat unibertsitatetako Euskara irakurletzetan ere egingo dira jarduera bereziak. Euskal etxeen bitartez munduko beste hainbat hirietara ere helduko da euskararen aldeko deia: Sydney, Valentzia, Boise, Cordoba, Necochea, Berlin...
Gehiago irakurri...
2013/11/28

Urteko azken hilabetean sartzeko egun batzuk baino ez dira geratzen eta munduan barreiatutako euskal etxe ugarik San Frantzisko Xabier egunarekin batera Euskal Herrian eta Diaspora osoan abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Eguneko (ENE) programak helarazi dizkigute. Argentinan, uda atarian, ikasturte amaierako festekin bat eginik ospatu ohi dute erakunde batzuetan. Hainbat euskal etxetan datoreen asteburura aurreratu dituzte ekitaldiak. Hona ospakizun euskal-argentinar horietako batzuk.
Gehiago irakurri...
2013/11/27

Miamiko Euskal Etxeak jo eta su darrai Joseba Andoni Larrazabal Bakioko zortzi urteko mutikoari laguntzeko kanpainarekin. Gazteak istripua izan zuen txikitan --itotzeko zorian egon zen-- eta horrek garunean kalteak eta garapenean atzerapena eragin zizkion. 2007an familia Miamira joan zen bizitzera, tratamendu berezi bat jarraitzeko, eta euskal etxeko kideak dira. Orain, Joseba Andonik ama-zelulekin egiten den terapia garesti baten beharra du eta elkarteak kanpaina jarri du abian dirua biltzen laguntzeko. Igandean festa egingo dute dohaintzak jasotzeko, baina Miamitik kanpo lagundu nahi dutenek euskal etxearen webgunean ere eman dezakete diru-laguntza.
Gehiago irakurri...
2013/11/27

Eusko Jaurlaritzak "atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia faltan dauden pertsonak laguntzeko" xedez euskal etxeei diru-laguntzak ematen dizkien ebazpena plazaratu du. Orotara 202.00 euro banatu ditu, iazko kopuru bera. Eskabideak guztira 92 izan dira eta horietarik 35 baztertuak izan dira eskatzen ziren baldintzetakoren bat betetzen ez zutelako; onuradunak, berriz, 57 izan dira, bost herrialdetakoak (Argentina, Txile, Kolonbia, Uruguai eta Venezuela) eta hogei euskal etxeren bitartez bideratuko dira.
Gehiago irakurri...
2013/11/27

Urtero bezala, eta Eusko Txokoa liburutegiaren bitartez, Galdera Lehiaketa batean parte hartzera gonbidatu du Lapridako Lagunen Etxea Euskal Etxeak. Instituzioaren 24. urteurreneko programa barruan burutuko den lehiaketak Argentinako ereserkiaren bigarren mendeurrena ospatzeko helburua ere badu. Kari horretara, Argentinako eta Euskal Herriko ereserkiak ezarri ditu norgehiagokako gai nagusi. Erantzunak bidaltzeko epea abenduaren 3an, Euskararen Egunean, amaituko da. Garaiz zaude!
Gehiago irakurri...
2013/11/26

Caracaseko Eusko Etxeak Koldo Meabe, Maite Uzkanga eta Marilo Bilbaoren arimen alde eskainiko du datorren igandean, abenduaren lehenean, egingo duen hilabeteroko meza. Hiruak azaro honetan zendu dira Chiurgua, Euskadi eta Caracasen, hurrenez hurren. Gabonak gero eta hurbilago daudenez, Euskadin bizi den komunitate euskal-venezuelatarretik iragarri dute posible dela Bilbon 'hallaca' tradizional vcaracastarrak lortzea, Adrianak eta Mikelek eginik.
Gehiago irakurri...
2013/11/26

William Douglass antropologo estatubatuarra Euskal Herrian izango da abenduan, Durangoko Azokako Argizaiola saria jasotzeko. AEBetan euskal kulturaren alde egindako lanarengatik jasoko du aintzatespen hori Renoko Center for Basque Studies zentroko sustatzaile eta zuzendariak. Bidenabar, bi hitzaldi emango ditu Euskal Herrian. Aurrenekoa abenduaren 4an izango da, Deustuko Unibertsitatean egingo den Diasporari buruzko jardunaldien baitan, Unibertsitatea eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta. Bigarrena, abenduaren 5ean, Gasteizko Euskal Herriko Unibertsitatearen kanpusean, Migrazioei buruzko Ikerketa Mintegien 2. seriearen baitan.
Gehiago irakurri...
2013/11/25

Erromako Asociazione Culturale Euskara elkarteak eta UPTER unibertsitateko Euskara Sailak antolatuta, abenduaren 3tik 7ra Settimana Basca jaialdiaren edizio berri bat egingo da Italiako hiriburuan. Euskararen Nazioarteko Egunean abiatuko dira ekitaldiak, "Gartxot" animazio filmaren emanaldiarekin. Ondoko egunetan, Erromako abendu hotza berotuko duten beste zenbait ekitaldi egingo dira: Harkaitz Canoren "Filo d'Erba" liburuaren aurkezpena, "Gazta zati bat" dokumentalaren emanaldia, pintxo dastaketak eta Joseba Tapia eta Luis Fernandezen kontzertua.
Gehiago irakurri...