2014/02/28

Azkue Fundazioak Argia aldizkariaren laguntzarekin abian jarri duen Blogetan! lehiaketak lau kategoriatako hamabi finalisten izenak aditzera eman ditu. Publikoak eta epaimahaiak hautatu dituzte finalista hauek. Irabazleen izenak datorren martxoaren 6an emango dira jakitera, Azkuek eta Argiak antolatu duten euskal blogarien topaketaren baitan. Jardunaldi irekia eta doakoa izango da. Bertan izan nahi al duzu? Jarraian esango dizugu nola.
Gehiago irakurri...
2014/02/28

Erabat finkatuta dagoen ekitaldia da Argentinako euskal gizataldearen egutegian eta ez da gutxiagorako. Eskualdeko euskal etxeei begira jaiotako proposamen hura emeki haziz joan da urtez urte eta gaur egun ehunka kilometro egiten dituzten dantza taldeak ere biltzen ditu programara. Cañuelasko Denak Bat-ek antolatutako Aberri Eguneko Dantzari Topaketa 8. ediziora iritsiko da aurten eta apirilaren 5 eta 6an burutuko da aurtengoan. Festaren xehetasunak eta vaucherren prezioak EuskalKultura.com-en artikulu honetan.
Gehiago irakurri...
2014/02/27

Oregoneko Ontario Basque Center elkarteak 67. Urteroko Dinner & Dance festa egin zuen iragan larunbatean. 450 lagun inguru bildu ziren bertara, euskal kulturaz gozatzeko prest. Ohi bezala, Beti Alai taldeak dantza erakustaldia eman zuen eta festako enkantean bildutako dirua Ontarioko ongintza elkarteen artean banatuko du euskal etxeak. Aurtengo jaiak izar oso berezia izan zuen, baina: elkarteak prestatu zuen "photocall"-a: gazte zein heldu, denak animatu ziren bertan argazkiak ateratzera. Elkarteak ia 250 argazki igo ditu bere Facebook orrira.
Gehiago irakurri...
2014/02/27

Herriko kirolgune garrantzitsuenetako bat bihurturik, 49 urte bete ditu aste honetan La Pampa probintzia argentinarreko Gral. Acha-ko euskal etxeak. Urteurrenaren baitan, datorren urteko jai handia, 50. urtemugarena, antolatzeko gonbitea luzatu diote erakundeko agintariek komunitateari, festarako batzorde antolatzailea sortu nahian. Bitartean, 2014ko ekintzen egitaraua plazaratu du euskal etxeak, kirol eta kultur eskaintza barne. Horretaz gain, euskal etxea Txahalaren 42. Jaiaren egoitza izango da maiatzean.
Gehiago irakurri...
2014/02/26

Pozik agertu dira Bartzelonako Euskal Etxeko arduradunak euskal zinearen alde eginiko apustuak izan duen harrera onarekin: aurten elkartearen zine jaialdiak pantaila handira egin du jauzi, eta 1.200 ikusle bildu dira orotara Girona zinemetan egin diren emanaldietara. "Bai euskaldunen aldetik eta baita katalanen aldetik ere interes handia izan dela ikusi dugu" esan dio EuskalKultura.com-i Ekaitz Garate jaialdiko arduradunak. "Azken egunean, 'Asier eta biok' dokumentalaren emanaldian, adibidez, aretoa bete eta ikusle batzuk kalean gelditu ziren. Hori ikusita filma berrestreinatu egingo dute aste honetan Girona zinemetan".
Gehiago irakurri...
2014/02/26

Buenos Aires Handiko Quilmes herrian jaioa zen Chalo Agnelli irakasle eta historialaria. Idaztea gustuko du Quilmeseko Euskal Echea-ren sortzaileetako baten biloba den Agnellik eta liburu batzuk argitaratu ondoren interneti ere ekin dio. Bere lanak oso harrera ona izan du eta 2009tik hona El Quilmero izeneko bere blog-a elikatzen du. Hiriaren historia azaltzen duten anitz artikulu biltzen dituen web orrian euskaldunak ez dira kanpoan geratu: hona hemen euskal jatorrizko immigranteei buruzko bere artikuluaren laburpena.
Gehiago irakurri...
2014/02/25

Eusko Jaurlaritzak atzo argitaratu zuen 2013ri dagokion euskal etxeentzako dirulaguntza deialdiaren ebazpena. Bertan ageri da laguntza hauek jaso dituzten euskal etxeen zerrenda, eta baita, arrazoi bat edo beste dela medio, ezezkoa jaso dutenena ere. Orotara 88 euskal etxe eta elkartek aurkeztu zuten eskabidea eta horietatik 54k jaso dute laguntza. Jarraian, ebazpena eta zerrenda.
Gehiago irakurri...
2014/02/25

Ez zaio sobera falta Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat-i ehun urtetik gorako Argentinako euskal erakundeen multzoan sartzeko; epe horretan, kultura mantendu ez ezik, zabaldu ere egin du, euskal jatorrizko etorkinak babesteko Buenos Aires probintzian sortu zen instituzioak. Historia luzea da, urratsez urrats egina. Hori ospagai harturik, euren 92. urtemuga ospatzera bildu berri dira euskal etxeko kide eta betiko lagunak. Urtebetetze jaiarekin batera, udan egindako beste ekintzen berri jakinarazi digute euskal elkartetik.
Gehiago irakurri...
2014/02/24

Boise State University-k euskal ikasleei zuzenduriko doktoretza beka sortu du, unibertsitateko Euskal Ikasketa Programaren eta Idahoko euskal komunitatearen babesarekin. Bekek urtebeteko iraupena izango dute eta ikasleak doktoretza egin ahal izango dute Boiseko Ingeniaritza eta Elektronika arloko sailetan. Bekak matrikula osotasunean ordainduko du eta, horrez gain, ikasleak 18.000 eta 25.000 dolar bitarteko diru-laguntza jasoko du ostatu eta gastuetarako. Eskabideak martxoaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira.
Gehiago irakurri...
2014/02/24

30 urte beteko ditu aurten Joseba Gotzon portugaletetarrak (Bizkaia) kantagintzan eta beste ekintza batzuen artean Argentinako bira batekin ospatuko du apirilaren amaieran. Euskal etxeen eskutik eskainiko dituen kontzertuetan bi helburu izango omen ditu nagusi; batetik, bere errepertorioa birpasatu eta ‘Erotisme’ album berriko kantu batzuk aurkeztea eta bestetik, Xoan Curiel kantautore galiziarrarekin garatzen ari den proiektua ezagutaraztea. Bira apirilaren 24tik maiatzaren 3ra arte luzatuko da eta datak oraindik erabat zehaztuta ez egon arren, San Nicolas, Rosario eta Parana hirietan aurkeztuko dira ziur aski.
Gehiago irakurri...