euskal diaspora eta kultura
2016/11/24
Euskal literatura nazioarteko azoka nagusienen parte da aurten ere, Etxepare Euskal Institutuaren sostenguarekin. Hil honetan bertan, esaterako, Miren Agur Meabe idazleak AEBetako Miami Book Fair azokan parte hartu du, eta datozen egunetan Iban Zaldua Mexikon izango, Guadalajarako FIL azokan bere lanari buruz hitz egiteko. Horrez gain abenduaren 1ean Mexiko Hirian izango da Zaldua.
2016/11/23
Eskuartean ditugu dagoeneko EuskalKultura.com-en azaroko zozketako emaitzak eta zozketagai zeuden sei sariek badaukate dagoeneko jaberik. Jarri gara dagoeneko eurekin kontaktuan eta etxean eta posta zertifikatuz jasoko dituzte datozen egunetan opariak. Oraingoan sariak Uruguarira, AEBetara, Argentinara eta Alemaniara doaz. Zorionak irabazleei eta denbora gutxi barru egingo dugu zozketa berri baterako deia, beraz, oraingoan ez bazaizu egokitu, berehala zabalduko dira aukera berriak, erne egon!
2016/11/23
Datorren abuztuan Ternua aldera joango da Euskal Herriko bidaiari talde bat, Iparraldeko, Zarauzko eta Getxoko arraunlariek osatua. Hamar egunetan 400 kilometroko bidea egingo dute traineruan, Placentia hiritik hasi eta Saint Pierre eta Miquelon uhartetaraino, baleazaleen lorratzei jarraika. Saint Pierren, gainera harrera bikaina izango dute, han ospatuko dituzten Euskal Jaietan parte hartuz.
2016/11/23
Eusko Jaurlaritzaren eta lehenengo lehendakaria izan zen Jose Antonio Agirreren 80. urteurreneko urtean 'Agirre lehendakaria' taldeak Agirrek euskal gizarteari bidaltzen zion Gabon mezua berregin nahi izan du. ‘Gabon’ deitu duen ekimenaren baitan, gonbitea luzatu die Diasporako kideei Eguberri bideo-mezuak egin eta bidaltzeko. Bideo laburrak abenduaren 10a baino lehen behar dira bidali eta bideo bakar batera editatuko dira, abenduaren 13an egingo den ekitaldi batean mundu osora streaming bidez emititzeko
2016/11/22
Auzolanaren izpirituak ez du mugarik, hori erakusten du behintzat iragan larunbatean Belgikako Lendelede herrian antolatu zen Txitxiburduntziak. Festaren helburua Bedaroako Olabe baserria biziberritzen eta kultur topagune bilakatzen laguntzea da. Ekitaldiak Bruselako Euskal Etxeko Txalaparta abesbatzaren partehartzea izan zuen. Festarekin 750 euro bildu ziren eta Manu eta Karien Behaeghe antolatzaileek Olabe baserriko teilatua konpontzeko emango dute dohaintzan.
2016/11/22
Munduan dabiltzan euskaldunak biltzea eta elkarrekin aritzeko eta informazioa elkarrekin banatzeko aukera berriak ematea, nazioartean euskal komunitatea eraikitzen eta indartzen lagunduz, asmo horrekin sortu eta abiarazi zuen Eusko Jaurlaritzak joan den udan "Basque Global Network" (Euskal sare globala) tresna berria. Ekimena asmo integratzailez sortu da, eta berdin batzen ditu Diasporako eta euskal komunitateetako kideak zein Euskal Herrikoak izanik epe labur, ertain edo luzerako atzerrian kokatu diren euskal herritarrak zein euskal herritarren lagunak. Egin ezazu aproba eta sartu eta eman izena!
2016/11/22
Hilabete eta egun batzuk falta dira urtea bukatzeko eta Argentinako euskal etxeak hasiak dira dagoeneko 2017rako ekintzak antolatzen. Chascomuseko Udalekua urtarrilaren 3tik 7ra izango da, bertako Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea antolatzaile. Izena emateko epea abenduaren 10ean bukatuko da. Beste alde batetik, Aberri Eguna ospatzeko Cañuelasko Denak Bat-ek antolatzen duen Dantzarien Topaketa apirilaren 8 eta 9an izango da. Apuntatu datak eta hasi zeu ere 2017ko euskal agenda osatzen!
2016/11/21
"Dantzaria eta betidanik euskal komunitateko kidea" zen Tiffany Urresti, joan den ostiral gauean Nevadako Elkon doi-doi aireratu ondoren lurra jo zuen hegazkin medikuak (aire-anbulantziak) izandako istripuan hilik suertatutako 29 urteko erizaina. Albisteak gogor kolpatu ditu Nevada eta Utah-ko euskal komunitateak. Tiffany Urresti Elkoko Euskal Etxeko partaide zen, Ariñak dantza taldeko dantzari izana eta NABOko lehendakari ohi Mary (Urresti) Gaztambideren iloba txikia. Ahaide eta lagunei gure dolumina, bereziki Urresti, Gaztambide eta Cassingham familiei.
2016/11/21
Durangoko Azokak urtero banatzen duen Argizaiola saria, aurtengoan, sariaren 25. edizioan, euskal kulturan lan isilean "inurri-lana" egiten ibili diren eta ibiltzen direnei emango die, eta horretarako bost izen hautatu ditu, hainbat eta hainbat pertsonaren ordezkari. Horien artean, Diasporan euskara eta euskal kulturaren alde egiten den lan eskerga aitortuz, Jose Ramon Zengotitabengoari emango dio. Zengotitabengoak AEBetan garatu du, urtetan, bere lana, gehienbat SBSA - Society of Basques Studies in America elkartetik.
2016/11/21
Hiru hamarkadaren ondoren, publiko izango da aurrerantzean idazlearen jarduna, irakasle ariko baita Habanako Unibertsitatean. Dioenez, idazten jarraitu ahal izatea da bere asmoa, arreta gehiegi erakarri gabe. Elkarrizketa Joseba Sarrionandiarekin Habanan, Jose Goitiak Berrian argitara emana.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus