2007/02/16

Joan den azaroan Lesakako Udaletxeak argitaratu zuen 'Bortzirietako Artzainak Ameriketan' liburu eta DVDak eskatzen zuen jarraipena izango da. Liburu hartan Ameriketan artzain ibili ondoren Euskal Herrira bueltatutako bortziritarrak elkarrizketatu zituzten eta orain Goizalde Urdanpileta eta Edurne Zubieta kazetariak Estatu Batuetara bidaia egingo dute bertan gelditzea erabaki zutenen testigantza biltzeko. 'Hemengoek hangoa dute gogoan, eta Estatu Batuetakoek Euskal Herriarekin amesten dute. Biak elkartu nahi ditugu, itsasoz gaindi', azaltzen du Urdanpilletak. Bi kazetariek ia hiru astetako ibilbidea egingo dute, AEBtako hogei bat hiritan zehar. Bere istoria kontatu eta proiektuan parte hartu nahi duten pertsonei eurekin kontaktuan jartzeko gonbitea luzatzen diete Ttipi-ttapakoek.
Gehiago irakurri...
2007/02/16

Zortzigarren probintzian jaio --Argentinako Mar Chiquita herrian-- eta sei urte zituela itzuli zen Europako Euskal Herrira Jean Etxepare, Etxepare mirikua, geroztikako bizimodua bertan egiteko. Bordelen sendagile ikasi eta Lekornen, Alduden eta Kanbon ibili zen mediku euskal literaturan bereziki emankorra izan den deitura daraman Etxepare euskalargentinar hau. 1919an, Euskaltzaindia sortu berritan, euskaltzain urgazle izendatu zuten eta mediku gisa ere pilotarien eritasunei buruzko tesia idatzi zuen. Atzo, bere bizitzari buruzko liburua aurkeztu zuten Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, Urrutia euskaltzainburuak, Mees EHUko Euskara errektoreordeak eta Kepa Altonaga liburuaren egileak berak.
Gehiago irakurri...
2007/02/15

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 2007ko otsailaren 15eko aleak argitara ematen du 2006ko urritik 2007ko irailera bitarteko euskara klaseetarako dirulaguntzak jasoko dituzten Euskal Etxeen zerrenda. Hogeita bi euskal etxe eta federazio izango dira deialdi honetako dirulaguntzen onuradunak, guztira Eusko Jaurlaritzak 192.900 euro banatuko dituelarik.
Gehiago irakurri...
2007/02/15

Gero eta gutxiago geratzen da Korrikaren 15. edizioari hasiera emateko, martxoaren 22an. Bitartean eta giroa berotzeko, aurtengo ediziorako kanta eta bideoa aurkeztu ditu AEK-k aste honetan. Niko Etxartek sortutako Heldu Korrikari abestiak jarriko dio aurtengo Korrikari soinu banda. Etxartek Hapa-Hapa taldeko musikariak izan ditu laguntzaile eta beraiekin batera Euskal Herriko ahots eta estilo desberdinetako abeslariak kantari: Barricada taldeko El Drogas Enrique Villarreal, Xabaltx, Arima Beltza taldeko Jon Gurrutxaga, Dominic Earl, Betagarri taldeko Iñaki Ortiz de Villalba, Amaren alabak taldeko Luxi, Maider eta Graxi eta Bruno Hollemaert, besteak beste.
Gehiago irakurri...
2007/02/15

Euskal literaturak azken mendeotan emandako lan klasikoak irakurri nahi dituenak, tresna ezinhobea du Klasikoen Gordailua, Armiarma.com literatur webgune-amaraunaren barne. Webguneak ekarpen ederra egiten die ikerlari, filologo eta literatur zaleei, izan ere liburutegietan aurkitzen zailak izan daitezkeen hainbat testu biltzen baititu, XIV mendeko otoitz nafarren bat edo Joan Perez de Lazarragak 1567 aldera idatzitako izkribu famatua kasu. Eta sarean irakurri nahi ez duenarentzat, liburu osoak deskargatu eta inprimatzeko aukera ere ematen du. 'XIX. menderarteko ia dena daukagu', diosku Mikel Elorza, Gordailuko kideak. 'XX mendekoei aurten hasiko gara astindua ematen'.
Gehiago irakurri...
2007/02/15

FEVAk, Eusko Argentinar Bazkun Alkartasunak, euskal etxeetako buruei zuzenduriko ikastaroa egingo du martxoaren 17 eta 18an, Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxean. Ikastaro honen helburua euskal etxeetako zuzendarien prestakuntzan sakontzea da eta oraingo honetan komunikazio arloan euskal etxeetan egon daitezkeen behar eta aukerak aztertu eta nola profitatu izango da ikastaroaren muina.
Gehiago irakurri...
2007/02/14

Euskal Herriko kostaldeen eta euskal itsasgizonen historia Haizalde, Itsasoa eta Euskaldunak, Amerika eta Trafalgar artean liburuan bildu du Jose Cayuela Fernández Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasleak. Esparru honetan aditua den Cayuela Fernandez Euskal Herriko Itsas Foroaren laguntza osoa izan du euskaldunen eta itsasoaren arteko harremana aztertzen duen liburu hau egiteko.
Gehiago irakurri...
2007/02/13

Aurreko bi lehiaketetan izandako arrakasta eta gero Urtxintxa eta Ttakun elkarteak lanean ipini dira aurten ere, eta hirugarrenez jarri dute abian ekimen xelebre hau, Bi ezkero, hiru seguru... goiburuarekin. Lehiaketaren helburua hasierako edizioaren bera da: euskararen erabilera sustatzea, arlo artistikoago batetik landu dezaten gaur egungo gazteek. Lehenengo deialdi hartatik hona geroz eta zailagoa gertatzen omen da 'piroporik onena' hautatzea, maila 'gero eta hobea' baita, antolatzaileek azaldu dutenez.
Gehiago irakurri...
2007/02/12

Kolonbiako Euskal Etxeak toki bereizia zabaldua du interneten, bisitatu nahi duen ororentzat ikusgarri. Presentzia fisikoaz gain presentzia zibernetiko duina izatea garrantzitsua den garai hauetan aspaldidanik zeukan bertako Euskal Etxeak orain emana duen pauso hau gauzatzeko asmoa. Webgunearen xedea, bazkideentzako lokarri eta Kolonbia bertatik zein mundu osotik euskal kolonbiarren berri izan nahi dutenentzako erreferentziagune bilakatzea. Informazioz eta edukiz aski jantzia datorkigu.
Gehiago irakurri...
2007/02/12

Euskokultur fundazioak abian jarri du Nafarroako ahozko ondare aberatsa jasoko duen ekimena. Herrialde honetako mila lagunei eginiko elkarrizketen bidez, Nafarroa osoan gizalditan iraun duen ahozko kultura bildu eta gordetzea da proiektuaren helburua. Aritz Ibañez eta Gaizka Aranguren kazetariak dira lan honen arduradunak eta jardunean hasi badira ere urte batzutarako proiektua izango da: 2010erako bukatzea espero dute.
Gehiago irakurri...