euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Utahko Euskal Etxeak euskal kutixiak saldu zituen Living Traditions jaialdian urtero bezala ipini duen standean

2007/05/31

Euskal standa 'Living Traditions' jaian eta bertan aritu ziren lagunetako batzuk (argazkia Utah BC) Utahko Euskal Etxeak parte hartu du beste urte batez Salt Lake City-ko (AEB) Living Traditions jaialdian. Ekitaldi jendetsu honek aukera ematen die Utahko estatuan biltzen diren komunitate ezberdinei euren kultura, folklorea eta gastronomia erakusteko, eta euskal komunitatearen ordezkari Utahko Euskal Etxeko kideak izaten dira urtero. Euskaldunek ohiko standa jarri zuten, euskalamerikar komunitateko jaki tipikoak eskainiz. Beste urte batez, arrakasta lortu zuten euren proposamenek, eta ez da harritzekoa, puri-purian gertatzen baitira euskal etxekoek bertako bazkideentzat maiz antolatzen dituzten sukaldaritza eskolak.

Gehiago irakurri...


Chillida, Oteiza, Ameztoy... Gasteizko Artium Museoko 12 lan ikusgai daude New Yorkeko Cervantes Institutuan

2007/05/30

'Les amoureuses (Elena & Rrrose)’, Elena del Riveroren lana, New Yorken hilabeteotan ikusgai Gasteizko Artium Museoko bildumako 12 lanek osaturiko erakusketa ikus daiteke hilabeteotan New Yorkeko Cervantes Institutuaren egoitzan. Maiatzaren 7an inauguratu zen eta irailaren lehena bitartean iraungo du Etxeorratzen Hirian. 'Gizon eta emakumeei buruz' da erakusketaren izenburua eta Picasso eta Miró bezalako maisuen lanak biltzen ditu, azken hamarkadetako euskal artista garrantzitsuenetakoekin batera: Jorge Oteiza, Eduardo Chillida edo Vicente Ameztoy. Irailean Chicagora mugituko da, bertako Cervantes Institutuaren egoitzara.

Gehiago irakurri...


Kirmen Uriberen 'Bitartean heldu eskutik' poema liburuak kritika onak jaso ditu Harvardeko literatur aldizkarian

2007/05/30

Kirmen Uribe idazle eta poeta ondarroarra 'Meanwhile take my hand' liburua --edo 'Bitartean heldu eskutik', euskarazko jatorrizko bertsioan-- ibilbide oparoa egiten ari da Estatu Batuetan, joan den urtarrilean Graywolf argitaletxeak kaleratu zuenetik. Tarte honetan hainbat medioetan kritika onak jaso ditu liburuak, azkenetako bat Harvard Book Review aldizkarian. Musika munduan trebatutako Uriberen poemak 'abestiak bezain argiak eta erritmodunak dira', Liza Flum kritikariaren esanetan.

Gehiago irakurri...


Caracaseko Euskal Etxeak elkarteko amak bildu zituen urteroko omenaldia egiteko Amaren Egunaren karietara

2007/05/30

Eusko Etxeako amatxuen bilkuraren irudi bat (argazkiak CaracasEE) Urtero legez, Caracaseko Eusko Etxea-k omenaldia egin zien elkarteko amatxuei, euskal etxearen egoitzako Areto Nagusian egin zen askari batekin. 50 bat ama inguru bildu ziren ekitaldira, 'euskal etxeko zenbait belaunaldi hezitu dituen taldea osatuz', elkarteko iturriek BasqueHeritage.com-i azaldu diotenez. Aitek ere parte hartu zuten oraingoan eta eguna alaitzeko sari ugari banatu zituen bingo bat egin zen, Frank Pernia eta Unai Azpiritxaga aurkezle.

Gehiago irakurri...


Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Filipinetako Nueva Vizcaya-ko beste hiruk lankidetza sinatu dute

2007/05/29

J. I. Perez, EHUko errektorea (Euskonews argazkia) Euskal Herriko Unibertsitateak eta Filipinetako Nueva Vizcaya probintziako beste hiru unibertsitate zentruk lankidetza akordio bat sinatu dute --lau urtekoa hasteko, eta beste lau urtez luza daitekeena-- irakasleak eta gradu eta graduondoko ikasleen trukea errazteko. Nueva Vizcaya State, Saint Mary eta Aldersgate College dira zentruok. Iaz antzeko harremana ezarri zen Ateneo de Manila (sic) Unibertsitatearekin. Azken urteotan EHU gisa honetako tratuak zabaldu ditu Europar Batasunetik kanpoko hainbat unibertsitaterekin, AEBetan, Kanadan, Latinoamerika osoan eta baita Errusian ere, Deiak gogora arazten duenez.

Gehiago irakurri...


Jose Otondo argentinarrak Euskal Herrira bidaian eginiko margoak ikusgai ipini ditu Concepción del Uruguayen

2007/05/29

Erakusketako irudietako bat, 'Iturri' izenburua duena Elizondo, Erratzu, Donostia, Baztan bailarako kale eta txokoak, marra biziekin eginiko Nafarroako zelaiak... horietxek eta beste askok osatzen dute Jose Otondok Concepción del Uruguay herrian (Argentina) aurkezten duen erakusketa. Margolari euskal argentinarrak iaz Euskal Herrira eginiko bidaian margotu zituen eta Concepción del Uruguayen hilabete osoan ikusgai izan ondoren datozen hilabeteetan Rosarion eta Río Cuarton ere erakutsiko ditu.

Gehiago irakurri...


Fermin Muguruza kantariak bisita egin zien UNAMeko euskara ikasleei, Mexikon burutu berria duen biran

2007/05/29

Fermin Muguruza (erdian) UNAMeko euskara ikasleekin Mexiko hiriburuan egin zuen elkarretaratzean Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko (UNAM) euskara ikasleek egundoko sorpresa hartu zuten Fermin Muguruza kantariak egin zien bisitarekin, Mexikora burutu berria duen biran. Musikari gipuzkoarrak ia bi ordu eman zituen beraiekin, musika, bere bidaiak edota ibilbideari buruz hitzegiten. Euskal kantariak tarte bat egin nahi izan zuen bere agendan ikasle hauekin biltzeko. Horietariko batzuk Muguruzaren kantak ulertu nahian hasi ziren ikasten euskara, eta horren jakitun, Gurutzne Etxeberria irakasleak kantaria kontaktatu eta bisita antolatzea lortu zuen.

Gehiago irakurri...


Argazki diferentea utzi dute atzoko udal eta foru bozek Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan: emaitzen berri

2007/05/28

Izango al da Uxue Barkos Iruñeko heldu den alkatea? UPN 13, NaBai 8, PSN 4, ANV-EAE 2 Oso argazki desberdina eman du atzoko udal eta foru hauteskunde egunak Hegoaldeko lau lurraldeetako bakoitzean. Lerroburu gisa, honakoak: Nafarroan UPNk gobernua eta Iruñeko alkatetza gal ditzake, erabateko gehiengoa galdu baitu, CDN ia desagerturik; Nafarroa Bai, indartsu sartu da, PSNren parean edo aurretik; sozialistak, bozkatuenak Donostian, Gasteizen, Araban eta --zinezko ezustea-- Gipuzkoan; EAJk eusten dio Bizkaian, baina gainerakoan motel; PPk Gasteizko eta Arabako gobernuak galdu ditu; Ezker Batua-Aralar apal baino aurrera; EA ez da hondoratu eta duintasunari eutsi dio; ANV-EAEk emaitza onak, eta ordezkatzen duen Ezker Abertzalearen zatia indarrez itzuli da aurkezten utzi dioten bere ohiko barrutietara.

Gehiago irakurri...


Maixan Merkapide, Haize Berri kultur etxeko arduraduna: «Ez da aski indar egiten euskal kultura zaintzeko»

2007/05/28

Maixan Merkapide (argazkia iTelebista.com) Alarma gorria piztu du Izurako (Nafarroa Beherea) Haize Berri kultur etxeak, laster 30 urte beteko baditu ere, arazo ekonomiko eta politikoengatik bere geroa ez du segurtatua. 'Ni ez naiz frantses kulturaren kontra. Anitz kontsumitzen dut, ez da hori. Ikusten duguna da Euskal Herrian oraino frantses kulturaren hedatzeko dela ematen dirua, ahantziz hemengo kultura bat badela', dio bertako arduradun Maixan Merkapidek. 'Ulertu behar da euskal kulturaren bizia dela jokoan' aitortu dio Nora Arbelbide kazetariari, Berriak duela egun gutxi argitara eman eta guk hona ekarri dugun elkarrizketan.

Gehiago irakurri...


Valparaisoko Euskal Etxeko sortzaileetako bat, Pedro Elorriaga Echeverria zornotzarra, hil da Txilen

2007/05/28

Pedro Elorriaga bere ikurrinarekin, Rubila Araya Ariztiak idatzi zuen 'Arrojos, dichas y nostalgia' liburuak argitara ematen duen irudian (argazkia R. Araya) Valparaisoko Euskal Etxeak 1943an elkartea sortzeko abenturari ekin zioten bazkideetako bat galdu du. Pedro Maria Elorriaga Echevarria joan den maiatzaren 12an hil zen, Viña del Mar-en. Hileta Valparaiso ondoan dagoen hiri honetan egin zen eta bertako eta Txileko euskal komunitateko ordezkaritza mardula izan zen bertan. Archibaldo Uriartek, Valparaisoko Euskal Etxeko lehendakariak, hitz batzuk eskaini zituen hiletan, Elorriagaren bizitza eta ibilbidea gogoratuz. Zornotzan (Bizkaian) jaioa 1923an, Elorriaga frankismo eta nazismoarengandik ihesi heldu zen Txilera.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia