euskal diaspora eta kultura

2012/10/08
Mugimendu eta higidura, ekimen, kezka eta gauzapen handiko euskal etxea da Corpus Christiko Eusko Etxea, inguruan duen gizartearekin eta beharrean daudenekin solidario eta sentibera; bitarteko aldetik apaltasunez baina emeki hainbat ekimen xehe baina ekarkorrez ari dena, Buenos Airestik urrun eta natura eta oihanean kokatua den Misiones probintzian, Iguazuko urjauzietara datorren turismoa diru-sarrera nagusia duen Argentina iparraldeko probintzia xehe honetan. Berripapera, honela, euskaraz, du izena elkartearen buletinak, bertako euskaldunen engaimendu bikoitzak eragindako ekintzen berri ematen duena, euren euskal kultura eta jatorriarekin bezain konpromiso sendoa baitaukate bertako eusaldunek txertatuta dauden errealitatearekin eta bertako gizarte eta kultur arloko aurrerapenarekin. 56. zenbakira heldua da irailean Berripapera.
2012/10/08
New Yorkeko Euzko Etxeak Mende bat beteko du datorren urtean eta buru-belarri dabiltza bazkideak 2013an zehar egingo diren ekitaldiak antolatzen. New Yorkeko elkartea AEBetako euskal etxe aitzindaria da, eta urte luzez Euskal Herritik herrialde honetara etorri ziren euskaldunentzat lehen harrera-leku eta laguntza-gunea izan zen. Mendeurrena merezi bezala ospatu nahi dute New Yorkeko euskaldunek eta hasiak dira jada ekitaldien antolakuntzan. Irailaren 22an Fundraising Gala egin zuten, 2013an zehar egingo diren ekitaldiak antolatzen laguntzeko dirua biltzeko, eta urtebeteren buruan egingo den Mendeurreneko Gala bitarteko ekitaldi programaren hasiera markatuz.
2012/10/08
Herrien arteko harremanak sendotzen dituzten bi ardatz hartuz, Mendoza hiriko Udalak bertako kanpoko gizataldeak batu zituen Turismo Nazioarteko Eguna ospatze aldera. Festa iraileko azken asteburuan gauzatu zen eta milaka lagun bildu zituen hiru egunetan zehar. Euskal kolektibitatea ere izan zen jai honen protagonista eta Denak Bat euskal etxeak muntatutako standean Euskal Herriko zapore eta soinu tipikoak ezagutu ahal izan zituzten bisitariek. Turismoaren Nazioarteko Eguneko jaian izandako arrakastak bultzaturik, Denak Bat-ekoek Guaymallen herriko Gizataldeen Azokan ere hartu dute parte joan den asteburuan.
2012/10/05
Ikusgarria, dagokion abentura eta arrisku puntu bizigarriarekin gainera, horrelakoa izan zen Caracaseko Eusko Etxeko mendi taldeak iragan irailaren 29an egin zuen txangoa. Bi mendi-gidarien laguntza izan zuten euskal-venezuelar mendizaleek igoeran. Jomuga, Paurario izeneko mendia zen: 1060 metroko altuera du, baina oso bertikala da. Igoeran bista zoragarriekin gozatu zuten mendizaleek, eta sustoren bat edo beste ere izan zuten, batez ere metalezko eskaileratan gora. Pedro Arriaga, elkarteko presidentea, bertan izan zen eta eguneko argazkiak eta kronika helarazi dizkigu, gure irakurleekin partekatzeko. Sarean argazki erreportai zabala argitaratu du.
2012/10/05
Argentinako Mar del Plata herrian bilkura berezia egingo da igande honetan: Arrachea-Arrechea familiaren hirugarren topaketa. Baztandar jatorria du familiak, baina Argentinan errotu zen XIX. mendean, hara emigratu zuten bi anaiei esker. Harrezkero ondorengoak hainbat herrietara zabaldu dira: Gral. Madariaga, Balcarce, Maipu, Adolfo Gonzalez Chavez, Labarden, Pergamino, La Plata, Buenos Aires, Tandil, Guamini eta beste asko. Familia 2010ean bildu zen lehen aldiz, eta esperientzia hain izan zen aberasgarria aurten hirugarrengoz bilduko direla.
2012/10/05
Bizi-bizi dabil azken asteetan Zingirako Euskaldunak elkartea eta horrela jarraitzeko asmoa dute gainera datozen asteetan, Chascomuseko elkarteak aurkeztu duen agendaren arabera. Hasteko, bihar elkartearen 22. Euskal Jaia ospatuko dute, eta datorren astean euskal sukaldaritza, literatura eta Immigrantearen Eguneko ekitaldiak egingo ditu elkarteak. Horrez gain, irailean egin berri dituen jardueren berri eman du elkarteak: Genero Indarkeriari buruzko Mahaiaren bilera, FEVAko Pilota lantegian partehartzea eta Macachingo Mus Txapelketan partehartzea (Chascomuseko Juan B. Mutuberria eta Luis Moreno izan ziren garaile, gainera!).
2012/10/05
Harrituta geratzen dira askotan Europako euskaldunak Diasporako lagunek euskal kulturaz dakiten guztiaz ohartuta. Historian, geografian, musika eta dantzetan, politikan… gai ugaritan daude jantzita euskal gizataldeetako kideetako batzuk; batzuetan, gainera, bertan inoiz egon gabeak izanda. Baina fenomeno hau ez da kointzidentzia hutsa. Badaude Atlantikoaren alde honetan euskal kulturaren presentzia bermatzeko lan handia egiten duten erakundeak eta honen adibide ona da Buenos Airesen hogei urte bete berri dituen Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordea. Hona bere historiaren laburpena.
2012/10/04
Euskal Herriak eta euskarak presentzia izango dute aste honetan Mexiko Hiriko Centro Cultural del Bosque delakoan egiten ari diren Antzerki-Liburuen 2012ko Azokan. ArtezBlai euskal argitaletxeak eta Yorick liburudendak elkarrekin ezarri dituzten bi standetan euskarazko zein gaztelaniazko testuak aurki daitezke eta datorren igandean bi euskal testuren irakurketa antzeztua egingo da, euskaraz bata, Aizpea Goenagarena, eta gaztelaniaz bestea, Goenaga bezala idazle eta antzezle donostiarra den Teresa Calorena, Mexikoko Euskadiren Bulegoaren eta Etxepare Institutuaren sostenguaz.
2012/10/04
Pozik da Oier Araolaza, Dantzan.com sustatzaileetako bat, webgune honen itzulerarekin, eta batez ere, itzulera hori posible egin duen sostengu kanpainarekin. Euskal Herriko dantza talde eta dantzariez gain, Diasporakoek ere parte hartu dute kanpainan eta Zortzigarren Herrialdea delakoak dantza munduari egin dion ekarpena aipatzen du: "Hemen galtzen ari diren gauza batzuk Diasporan ari dira mantentzen eta badira han hemengoak bezain gogotsu eta zorrotzak diren taldeak. Haiek hona begira izan dira beti, baina agian bada garaia Euskal Herritik ere hara begira hasteko".
2012/10/04
2001ean jarri zuten abian Euzkal Etxea euskal etxeko arduradunek ‘Etxe Nasaia’ programa. Proiektuak bi helburu zituen: krisi ekonomikoaren ondorio larriak eskola-umeen artean leuntzen saiatzea eta, aldi berean, euskal etxearen eta gizartearen arteko lotura sendotzea. Helburuak ondo asko bete dira eta aurten hamar urte egingo ditu San Nicolaseko euskaldunek bultzatutako ekintza solidarioak. Ospatzeko, ‘Etxe Nasaia’ren edizio erraldoia antolatu dute euskal etxeko kideek urriaren 24 eta 25ean. Gonbidatuen artean, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria nabarmentzen da, hitzaldi bat eskainiko baitu, propio gonbidatuta, 24an, asteazkenez, iluntzeko 8etan, bertako Abokatuen Elkartean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus