euskal diaspora eta kultura

2013/06/19
Hego hemisferioan neguari, iparrekoan udari. Buenos Aires probintziako bi herri hauetako euskal gizataldeek elkarrekin ospatuko dute neguaren iristea. Bat egingo dute San Juan ospatzen inguruko hainbat euskal etxerekin. Udazken luze-luze baten ostean, azkenean hotza iritsi da munduko bazter honetara eta Gral. Las Heraseko Zazpirak Bat eta Cañuelas-eko Denak Bat euskal etxeek ongietorria emango diote, San Juan suaren aspaldiko magia gaur egunera ekarriz. Hitzorduak ekainaren 22an (Gral. Las Heras-en) eta ekainaren 29an (Cañuelasen) izango dira eta bi festetan sorgina erretzearekin batera, Euskal Herriko dantzak eta kantak eskainiko dira. Erritua bukatzean, afaria bana eskainiko dute erakundeek.
2013/06/18
Entzun daitekeen hiztegi bat da Ahozko Hiztegia, tresna baliagarria zalantzarik gabe hitzak nola ahoskatu behar diren ikasi nahi duenarentzat. Azkue Fundazioa eta Bizkaiko Foru Aldundia laguntzaile, Euskarazko Ahozko Hiztegia ipini da orain sarean, euskara batuan hitzak zelan esaten diren argitzen diren doaniko tresna. Laukian, topatu nahi duzun hitza sartu eta entzuteko ikonotxoan sakatuz ahots batek hitza irakurriko dizu. Egin zazu aproba.
2013/06/18
Deustuko Unibertsitateak hartuko du gaur eta bihar Bilbon Euskal Herria Mugaz Gaindi Nazioarteko Mintegiaren bederatzigarren edizioa. Bilkuran euskal emigrazio eta Diaspora alorreko nazioarteko adituek parte hartuko dute, eta aurten itzuleraren fenomenoa izango dute hizpide eta aztergai. Hizlariak Argentina, Kanada, AEB, Polonia, Italia, Frantzia eta Espainiatik etorri dira, besteak beste.
2013/06/18
Gure azkeneko liburu-zozketan parte hartzeko galdera 'Zer da euskaldun izatea?' izan da. Batzuentzat galdera xinplea, beste batzuentzeko zaila, bakoitzak bere iritzia, sentimentu eta ikusmoldearekin helarazi digu erantzuna. Jasotako guztien artean, Xamarren “Vascos. Su lengua a través de la historia” liburuaren lau ale zozketatu ditugu (oraingoan gaztelaniazko bertsiokoak). Liburuak Argentinara, Estatu Batuetara eta Mexikora bidaiatuko dira. Zorionak irabazleei!
2013/06/18
uztailean ehun urte beteko dira Jose Vicente Altube oñatiarrak ‘José Clemente Paz’ izena jarri zionetik Buenos Aires probintziako hiri honi. Antolatzaileek gonbidaturik, Toki Eder Euskal Etxeak Mendeurreneko ekitaldian hartuko du parte bere dantza taldearekin. Euskal etxearen aurtengo urtebetetze jaian ere protagonista izan ziren bertako dantzariak. 250 bat lagun bildu ziren ekainaren 9an hiriko Altube Klubean Toki Eder-en 17. urtemuga ospatzeko eta paella ederra dastatzeaz gain, Gure Talde Alai-ren emanaldiaz ere disfrutatu ahal izan zuten. Etxeko alkate berria ere hautatu zuten 2013-14 eperako, Roque Grillo Arturi.
2013/06/17
Txileko Valparaisoko Eusko Etxea elkarteak EuskalKultura.com-i jakinarazi dionez, erakunde honetako hiru ikaslek parte hartuko dute aurtengo Klasikoen Irakurketa Jarraituan. Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta, Bilboko Arriaga Antzokian egingo da ekitaldi hau, eta munduko hainbat euskal etxek bideo bitartez parte hartuko dute. Aurtengo Bernardo Atxagaren "Obabakoak" irakurriko dute.
2013/06/17
Bernardo Atxaga idazlearen "Obabakoak" eleberria 25 urte bete ditu aurten eta urteurrena ospatzeko berau aukeratu dute ostegunean egingo den Klasikoen 6. Irakurketa Jarraituaren izar. Goizeko zortzietatik hasita, Arriaga Antzokian Atxagaren maisulana irakurriko dute jarraian, hala pertsonaia ezagunek nola irakurle anonimoek. Horien artean izango dira ere hogei bat euskal etxetako irakurleak, bideo bitartez. Halaber, Arriaga Antzokiko plazan gaurtik eta ostegunera bitartean, eleberriaren 25 urteak direla eta, zenbait ekitaldi egingo dira.
2013/06/17
Paraguaiko hiriburutik agertzen digunez, Asunciongo Euskal Etxea euskal dantza eskolak ematen hasiko da uztailaren 4ean eta parte hartzeko gonbitea luzatu nahi die bere bazkide, lagun eta interesatuei oro har. Dantza saioak Izar Nazabalen ardurapean garatuko dira eta euskal etxearen euskara eskola eskaintzari emendatuko zaizkio, Jesus Nazabal delarik azken urteotan euskara irakasle.
2013/06/16
Hiriburu uruguaitarreko Euskaro Euskal Etxearen Ohiko Batzorde Nagusiak hauteskundeak egin ditu bere Zuzendaritza Batzordea berritzeko eta elkarteko bazkideek berretsi egin dute bere postuan orain arteko lehendakari Lucia Goñi Spinoglio. Lucia Goñirekin batera izango dira batzordekide Julio García Denis, lehendakariorde; Martha Perdomo, idazkari; Teresita Arcelus, idazkariorde; Carlos Larragueta, diruzain; eta Maria del Carmen Latienda, diruzainorde.
2013/06/14
Eusko Jaurlaritzak datorren asteko ostegunerako aurreikusi du emango duela argitara Gaztemundu 2013rako deialdia. Euskal etxeetako musika eta musikariei eskainitako edizioa izango da. 18 urtetik gorako gazteek har dezakete parte --ez da adin mugarik ipini--, instrumenturen bat jo edo euren elkarteetan musikaz arduratzen badira. Eskabideak aurkezteko epea 2013ko uztailaren 21ean itxiko da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus