Allen Ginsberg-en Howl poemaren euskarazko bertsioa, 'Ulua', sarean ipini du Susak, Harkaitz Canok itzulita
29/05/2006
Allen Ginsberg, 'Beat Belaunaldiaren'ren ikur
PUBLICIDAD
Allen Ginsberg iparramerikarraren Howl poema argitaratu zeneko 50. urteurrena ospatzen den honetan, munduan zehar Estatu Batuetako kontrakultura eta beatnik gazteen zeinu bihurtu zen lana omenduko dute. Euskal kulturak ere egin dio omenaldi xumea, Harkaitz Canok itzulitako euskarazko bertsioa sarean jarri baitu Susa argitaletxe zarauztarrak, bere Literatur e-mailuen bidez. Ginsberg-ek errezitaldi batean irakurri zuen lehenengoz Howl poema 1955ean, eta urtebete geroago argiratu zuten lana, polemika latza sortuz. Garai hartako gazteen ezinegon eta itomenaren adierazgarri, American way of life-aren amets ustela agerian uzten zuen eta liburuaren lehen edizioa debekatua izan zen, 'lizunkeria' eta 'amerikarren moralaren aurka' joateagatik salaketa gogorrak egin zizkiotelarik. Harrezkero Ginsberg amerikar kontrakulturako ikurretako bat bihurtu zen. Bizitzan zehar gazte mugimendu eta artista, idazle eta intelektual berritzaileekin kontaktu estuan mantendu zen, 1997an hil zen arte.
Ginsberg-en lagunen artean 'Beat Belaunaldiko' Jack Kerouac eta William C. Burroughs idazleak, 60. eta 70. hamarkadako musikariak (John Lennon, Paul McCartney, Mick Jagger, Joan Baez, Bob Dylan --Dylanekin bira egin zuen--) edota 80. hamarkadako The Clash talde punk ingelesa --inoiz kantuen letrak idazten lagundu omen zien-- daude. Susa argitaletxeak Howl liburuxka batean argitaratu zuen iaz eta Durangoko Azokan irakurleei oparitu zien. Aurten, Howl argitaratzearen urteurrena ospatzeko, sarean jarri du Harkaitz Canok eginiko itzulpena: 'Ulua'.