euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Airesko Iparraldeko EEak bi liburu kaleratu ditu: ipuin bilduma bat eta 1895etik izan dituen bazkideen zerrenda

2021/06/22

Ezkerrean, ipuin eta kontaketa antologia. Erdian, Norma Rios egile duen bazkide zerrenda osatua (1995-1945). Eskuinean, Norma Beatriz Rios bera
Ezkerrean, ipuin eta kontaketa antologia. Erdian, Norma Rios egile duen bazkide zerrenda osatua (1995-1945). Eskuinean, Norma Beatriz Rios bera

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeak ez ditu alferrik pasatzen utzi pandemia hilabeteak, eta hara non agertu zaigun bertako idazkari Norma Beatriz Rios bi liburu argitaratu berri besapean. Lehenengoak EEak antolatu ohi duen literatur lehiaketan saritutako lanak biltzen ditu. Bigarrenean, berriz, Norma Riosek berak erakundearen barne-historiaren errepasoa egiten du, bazkideei buruzko akta eta memorietan ikertuz eta 1895ean sortu zenetik IEE osatu zuten pertsona guztien datuak argitara emanez.

Lehenengo liburukiak erakundeak antolatutako literatur lehiaketan azken hiru edizioetan saritutako lanak biltzen ditu. Sei edizio izan ditu orain artean lehiaketak, eta hona bildu diren ipuin eta narrazioak 2016koari dagozkio, "Nire sentimenduak" lelopean, 2019koari, "Euskaldunen berri eman zidaten" izenpean, eta 2020koari, "Emozioak" deiturik.

CVF-IEEko ia 130 urteko bazkideen datu zehatzak

Bigarren liburukiak "Centro Vasco Francés Iparraldeko Euskal Etxea, bazkideen zerrenda 1895-1945" du izena eta Norma Beatriz Riosek hainbat urtez zentroko artxibo eta batzar-agirietan murgilduz egindako murgilketa lanaren emaitza da. Normak berak dio "sentimenduz eta emozioz" egindako lana dela, elkarte honetan pasa dituen hogeita hamar urte hauetan euskal etxea bere bigarren etxe bilakatu baita eta bere Euskal Herriarekiko, eta zehatzago Ipar Euskal Herriarekiko bere konexioa, bere lekua munduan.

Paper arteko inurri lana egin du liburua osatzen, urteetakoa, baina emaitza baliotsua izango zaie ikertzaileei edota euren arbasoak kokatu nahi dituzten Euskal Herriko edo Argentina bertako euskaldunei. Izan ere, lehenengo liburuko honetan erakundea 1895ean sortu zenetik 1945 arteko bazkideen zerrenda sartu du, bazkide bakoitzaren honako datuekin: izen-abizenak, jaioterria, lanbidea, bazkide zenbakia, bazkidetze-urtea eta heriotza-data. Finantziazioa lortzen badu, beste bi liburuki plazaratuko ditu, 2020ra arte. Mila esker, Norma!

Norma Beatriz Riosen emaila: ibaitxori@gmail.com.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia