euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Iñaki Goikoetxea eta Maialen Lopez: «Ameriketara joan ziren euskaldunen historia txikiak nahi genituen kontatu» (Naiz-en)

2025/07/04

Iñaki Goikoetxea eta Maialen Lopez irundarrek ‘Hemen gaude. Euskaldunon urratsetan’ egitasmoa egin dute 2022 eta 2023an. 16 urteko auto txiki batean 33.000 kilometro egin dituzte Hego Amerikako 9 herrialdetan, 7 hilabetez. Euskal kulturaren transmisioari buruzko graduondoko masterreko azken lana egitea zen asmoa.

Lotura: Naiz

Roge Blasco. Geldialdiak egin zituzten euskaldunekin harremana zuten lekuetan: euskal etxeetan, mugarri historikoetan eta lankidetza egiten ari diren euskaldunen proiektuetan. Iñakik eta Maialenek 100 elkarrizketa inguru egin zituzten, eta sare sozialetan argitaratu.

Aurretik ez ziren Hego Ameriketan ibili, eta ustekabez betetako abentura bizitzeko aukera izan zuten.

Zergatik nahi izan zenuten euskal diasporarekin harremanak izan? Zer dela-eta, zuen interesa Hego Amerikan utzitako aztarnarekin?

-Iñaki: 2014tik 2015era Boisen (Idaho) egon nintzen bekadun gisa euskal etxeekin lanean. Euskal diasporarekin izandako hasierako harreman horren ondoren, Ameriketara iritsi ziren euskaldunen historia txikiak kontatzeko ideia garatu nahi izan nuen. Liburuetan eta aldizkarietarako erreportajeetan kontatu dira, baina ez hainbeste sare sozialetarako egiten diren bideoen egungo hizkuntzan. Beraz, 2 edo 3 minutuko elkarrizketak egin nahi genituen, ondoren zabaltzeko helburuarekin.

Non arakatu zenuten euskal aztarna Hego Amerikan?

-Maialen: Buenos Airesen hasi ginen, Txilera hurbildu eta Ushuaiara jaitsi ginen, kontinentearen hegoaldeko puntara. Iparralderako bidean, Cartagena de Indiasen amaitu genuen, 9 herrialde zeharkatu ondoren: Argentina, Txile, Uruguai, Brasil, Paraguai, Bolivia, Peru, Ekuador eta Kolonbia.

Nola lortzen zenuten harremanak egitea euskal diasporarekin?

-Iñaki: Gai hori asko landu izan dut sareetan, eta alde horretatik aurretuta nuen lan pixka bat. Buenos Airesen euskal kulturaren jaialdi batera joan ginen Macachinen, La Pampa probintzian. Hainbat lekutako lagun eta ezagunen kontaktuak eskaini zizkiguten han, gu gure helmugetara arazorik gabe iristea nahi zutelako. Babesa eman ziguten eta bikain tratatu gintuzten.

Ostatuarekin laguntzen zizuten?

-Maialen: Argentinan eta Uruguain daude euskal etxe gehien. Oso abegitsuak dira, eta ezustean harrapatzen zaitu jarrerak, hemen ez gaudelako horretara ohituta. Afaltzera eta beren etxeetan gelditzera gonbidatzen gintuzten.

Nissan Micra bat aukeratu zenuten Buenos Airesera eramateko. Milaka kilometroko abentura baterako egokitu zenuten?

-Iñaki: Pentsatu genuen kuriosoa izango zela Irunen erabilitako autoan Hego Amerika zeharkatzea. Beraz, kotxea itsasontzi batean sartu genuen, Anberesko portuan, Buenos Aireserako bidean. Ibilgailu txiki hori gure garraiobidea izan zen, eta baita gure ostatua ere une jakin batzuetan. Etxe ibiltari bat izan zen zazpi hilabetez. Behin Cartagena de Indiasen, Anberesera bidali genuen bueltan, eta orain erabiltzen jarraitzen dugu.

Nola egokitu zenuten bertan bizitzeko 33.000 kilometrotan?

-Maialen: Neurtu egin genuen, atzeko eserlekuak jaitsita, biribilduta garraiatzen genuen koltxoi bat jarri ahal izateko. Larrialdietan auto barruan lo egiteko balio zigun. Sabaian kutxa bat jarri genuen ekipajea sartzeko.

Nola erantzun du, batez ere asfaltoa amaitzen den ibilbideetan edo Andeetako altitudeetan?

-Maialen: Patagoniako errepide asko asfaltatu gabe zeudenez, beldur ginen, baina oso ondo portatu zen. Mantso joaten ginen, kalterik ez eragiteko. Diesela erabiltzen du; beraz, adibidez, Atacaman geundenean, lau mila metrora, asko kostatzen zitzaigun gidatzea, ez zegoelako behar zuen oxigenoa. Sufritu egiten genuen dena ondo joan zedin. Hiru hilabetera Bolivian gurpila zulatu zen. Konpondu eta listo! Hori izan zen gertatu zitzaigun gauza txar bakarra.

Non sentitu duzue emoziorik gehien? Bai bertako jendeagatik, bai paisaiagatik...

-Iñaki: Argentinan, guztira, ia hiru hilabete eman genituen. Hunkigarria izan zen herrialdea sakon ezagutzeko aukera izatea; gainera, euskal etxeetan ezagututako lagunei esker, harreman politak izan genituen hainbat lekutako euskal komunitatearekin, gaur egun mantentzen ditugunak. Hunkigarria izan zen, halaber, San Ignacio de Moxos bisitatzea, Boliviako Amazonian. Irungo GKE batek lan egiten du bertan, Taupadak izenekoak.

Bestalde, bisitatutako tokiei dagokienez, baliteke batzuk tipikoak izatea, baina ukaezina da hunkigarria dela leku jakin batzuetara iristea, bereziki guk egin genuen bezala, gure auto txikian hainbeste kilometro egin ondoren: Argentina eta Txile artean Andeak gurutzatu genituen lehen aldia, Pazko uhartea, Perito Moreno edo Torres del Painera iristea, Ushuaiaraino jaistea, Iguazu, Uyunikoo gatz-lautada, Macchu Pichu, Galapagoak... eta, nola ez, bidaiaren amaierara, Cartagena de Indiasera iristea.

Ozeano Bareko uharte urrunetara iritsi zineten, hala nola Pazko uhartera edo Galapagoetara. Nolatan?

-Maialen: Hain leku berezi eta enblematikoetan egoteko aukera aprobetxatu nahi genuen, agian bizitzan behin bakarrik ikus ditzakezulako. Pazko uhartean %100 Polinesiako itxura zuen pertsona bat ezagutu genuen; Ormazabal zuen abizena, aita euskalduna zuelako.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia