euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Globalizazioko euskaldunen diaspora batua (El Correon)

2018/07/10

«Kanpoko Euskal presentziaren gaineko gogoeta analitikoa egiteko» asmoz antolatu du EHUk 'Migrazio eta mugikortasuna kanpoan den Euskal Komunitatean' uda-ikastaroa

Lotura: El Correo

Amalia Ibargutxi. Kanpoan bizi den euskal komunitateak datozen urteotan egingo dituen lanak zehazte aldera, udako ikastaroa antolatu du Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU). «Kanpoko Euskal presentziaren gaineko gogoeta analitikoa egiteko» asmoz antolatu dute 'Migrazio eta mugikortasuna kanpoan den Euskal Komunitatean' ikastaroa, «arakatze lan horri ikastaroaren hurrengo edizioetan jarraipena emateko bokazioarekin, gero politika publikoak garatzeko asmoz».

Kanpoan den euskal komunitate osora nola hurreratu eztabaidatuko dute ostegunetik ostiralera, hilaren 12 eta 13an, Azkoitiko (Gipuzkoa) Intsausti Jauregian, gaztelaniaz. Herriko Udalak UPV/EHUrekin, Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzarekin eta Euskalerriko Adiskideen Elkartearekin (RSBASP) elkarlanean antolatu ditu jardunaldiok.

Egungo diaspora berria eta euskal herritarren arteko lankidetza eragin eta elkarren aurrerabidea bultzatzeko bideak eztabaidatuko dituzte, etorkizunera begira elkarlanean garatuko dituzten ekintzak zehazteko. Besteak beste, «euskal gazte atzerriratuei euren egoera berrietan nola lagundu, nola gorde hobekien harremana Euskal Herriaren eta kanpoko bere seme-alaben artean, itzulera politikak nola kudeatu, komunikazio eta adierazpen plangintzak» ere landuko dituzte.

Kanpoan den euskal presentziak dituen ahalmenen gaineko aldizkako foroa sortzeko asmoa ere badaukate, globalizazioak eraldatu duen egunerokotasunean, Euskal Autonomia Erkidego «arrakastatsuago eta lehiakorragoa» izan dadin. XXI. mendera egokituko den globalizatutako lurraldea nola sortu landuko dute, beraz, eta zer konpromiso landu behar diren kanpoan bizi den Euskal Komunitatearekin. 

Euskal diasporako talentuaren garrantzian sakondu nahi duteantolatzaileek ikastaro honekin, eta ikertu kanpoko euskal presentzia hori non dagoen, zeintzuk diren eta zer nahi duten, gero presentzia hori agerian jarri eta  gizartearen eta politikarien agendan txertatzeko.

Ikastaroko zuzendaria, berriz, Gorka Alvarez Aranburu da, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria Eusko Jaurlaritzan. Irakasle izango dira: Oscar Alvarez Gila, Imanol Galdos Irazabal, Carmen González Enríquez, Marcos Muro Náajera, Marian Elorza, Gorka Alvarez Aranburu, Xosé Manoel Núñez Seixas, Pedro J. Oiarzabal eta Catalina Uzcanga Lacabe.

Ostegunean, aurkezpena egin eta gero, Oscar Alvarez Gila EHUko Ameriketako Historiako Irakasle titularrak 'Diasporaren aurretik: kanpoko euskaldunak, kofradien, pilotalekuen eta euskal etxeen artean' saioarekin ekingo dio ikastaroari. Jarraian, Galiziako diaspora berriak eta zaharrak aztertuko ditu Xosé Manoel Núñez Seixas Santiago de Compostela-ko Unibertsitateko Historia Garaikideko Katedradunak. Mahai ingurua ere egingo dute, besteak beste, eta ondorioak aurkeztuko.

Ostiralean, bestalde, 'Europako Heagoaldeko emigrazio berria' hitzaldia eta kanpoan den euskal gazteriaren ingurukoa egingo dituzte, ikastaro amaierako eztabaida, gogoeta eta galderen tarteaz gain. Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia Marian Elorzak emango dio amaiera ikastaroari.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia