euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bertso saio ederra larunbat honetan San Frantziskon Europako eta bertako bertsolariekin: segi ezazu online

2024/03/08

Larunbat honetan, martxoaren 9an, NABO Bertsolari saioa San Frantziskoko Gure Euskal Etxean, online segitzeko aukerarekin
Larunbat honetan, martxoaren 9an, NABO Bertsolari saioa San Frantziskoko Gure Euskal Etxean, online segitzeko aukerarekin

PUBLIZITATEA

San Frantzisko, AEB. Estatu Batuetako bertsozaleek egun handia ospatuko dute San Frantziskon larunbat honetan, martxoaren 9an, bertako Gure Euskal Etxeak abegia emango baitio 2024ko NABO Bertsolari Saioari. Euskal Herriko gonbidatuak Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein) eta Maddalen Arzallus (Hendaia) izango dira, eta eurekin batera arituko direla Estatu Batuetako Johnny Curutchet (San Frantzisko), Martin Goicoechea (Rock Springs, Wyoming), Todor Azurtza (Boise) eta Oier Pastor (San Frantzisko). Saioa zuzenean eskainiko da online, bertako 16:00etan hasita (Euskal Herriko igande goizaldeko 1:00etan), gutxi gora behera ordu eta erdiko luzeraz.

Plazer berezia izango da gai-jartzailea gisa estreinatze publikoan ikustea Mikaela Goicoechea, Martin Goicoechearen alaba, azkeneko hiruzpalau urtetan erabat euskaldundu den 24 urteko euskal wyomingdarra, egun zinez euskara ederra mintzo duen gaztea, aita arrazoiz ezin harroago daukala. Saioko azpiegituran egongo dira baita ere Xabi Paya bertsolaria, bapateko bertsoei ingelesezko aldibereko itzulpena ematen, eta Valerie Arrechea, Philippe Acheritogaray eta bolondres gehiagoko talde bat guztia ixtantean pantailan paratzen, euskara jakin ez edo aski ongi ulertzen ez dutenek ere saioaren lerro nagusiak segi ahal izan ditzaten.

Saioaren ostean afaria eta musika Mercedes Mendiverekin

Saioaren ondoren, erabat irauliko da aretoa eta guztia garbitu, mahaiak-eta ipini eta guztia bertan afari herrikoia ein ahal izateko moduan utziko da. Afarian ere, giroa ederra espero da, eta arituko da seguruenik, lasaiago eta lagun arteko giro euskal-amerikarrean bertsolariak, baita bestela ere bertako kantariak, musika aldeko animazioa eta afalosteko dantzarako musika Nevadatik propio ekarrarazitako Mercedes Mendive elkotarrak eta bere akordeoiak bideratuko dutela.

Zalantzarik ez, egun gogoangarria izango dela, bertatik bertara zein online jarraituko dutenentzat, pandemia ondotik hirugarren urtez segidan antolatzen ari den NABO Bertsolari Egun hau, Estatu Batuetako eta Europako bertsolariak elkarrekin partaide. Mila esker handi bat ekitaldiko antolatzaile, babesle eta laguntzaile guziei!

- Gogoratu, saioa internetez segitu nahi baduzu, hemendik egin dezakezu



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia