euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Elebila, bilaketetan euskararen ezaugarrietara propio egokitzen den lehenengo bilatzailea, prest dago sarean

2007/10/19

Elebila euskarazko bilatzailearen logoa Euskararen ezaugarrietara propio egokitutako Elebila euskarazko lehenengo bilatzailearen aurkezpena aste honetan egin da Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Orain arte Google eta Yahoo edota Aurki eta Kaixo bezalako bilatzaileetara jo behar genuen sareko euskarazko informazioa lortzeko, emaitzak mugatuak izan arren. Elebilarekin ordea, esaterako 'kultura' hitza arakatzen badugu, emaitzen artera hitza deklinatua agertzen duten webguneak ere bilduko zaizkigu, 'kulturaren', 'kulturak' edo 'kulturetarako' konparazio, orain arte ez bezala. Bestalde, prest eta eskuragarri dago sarean Euskalbar barra, euskal hiztegi erabilienak erraz, azkar eta egoki kontsultatzeko tresna baliagarria.

Gehiago irakurri...


Magdalenako Ongi Etorri EEk 'Euskal erara egindako IX. Txorizo eta Odolki Festa' antolatu du azaroaren 4erako

2007/10/19

Buenos Aires probintziako Magdalena herriko  Ongi Etorri Euskal Etxeko dantzari gazteak Azaroaren 4ean ospatuko du Ongi Etorri Euskal Etxeak Euskal erara egindako Txorizo eta Odolkiaren 9. Festa, Magdalena-tik gertu dagoen Los Charitos zelaian, Buenos Aires probintzia argentinarrean. 1999. urtean udal intereseko festa izendatu zuten ekitaldi hau nazio mailan mota honetako bakarra da. Lehiaketa irabazteko hestebeteak euskal moldeari jarraiki eginak behar dute izan. Euskal eta argentinar folkloreaz gozatzeko aukera eskaintzen ere zaio publikoari.

Gehiago irakurri...


Vascosmexico.com taldeak, mexikar euskaldunen topagune birtualak, bere laugarren urteurrena bete du

2007/10/18

Taldeko lagunak III. Vascosmexico Eguna jaian VascosMexico posta zerrendak, izen bereko webgune eta elkartearen haziak, lau urte bete ditu egunotan. Bere sorrera urriko larunbat batean gertatu zen, Jaione Arrieta sustatzaileak Mexikoko euskal komunitatea harremanetan jartzeko komunikabide baten beharra ikusi zuenean. Harrez gero, VascosMexico familia handi bat bihurtu da eta posta zerrendak 500 kide inguru eta webguneak 1255 erabiltzaile harpidetu bildu ditu. Orain elkartea babes eta finantziazioa eskuratu nahian dabil, etorkizunari begira Mexikoko euskaldunen topagune birtuala izan den ekimena sendotu ahal izateko.

Gehiago irakurri...


Unai Elorriaga idazlea bira egiten ari da Italian 'S.P.-rako tranbia' eleberriaren italierazko itzulpena aurkezteko

2007/10/18

Unai Elorriaga idazle getxoztarra Unai Elorriaga idazle getxoztarra Italian da egunotan, 'S.P.-rako tranbia' bere eleberriaren italierazko bertsioa aurkezteko. Gran Via argitaletxeak plazaratu du lana eta Lara Cutik itzuli. Idazleak asteartean hasi zuen aurkezpen bira Genoan eta gaur, bihar eta etzi Milan, Bologna eta Bergamon izango da. Eleberria gaztelerara, ingelesera eta alemanera itzulia izan da jada eta zinemara ere eraman dute, 2008an estreinatuko delarik.

Gehiago irakurri...


Euskal Herriko bi enpresarik Chivilcoy-ko EEa bisitatu eta Mungiarekin senidetzeko proposamena sortu da

2007/10/18

Bi enpresari euskaldunak Beti Aurreran afaltzen (argazkia Chivilcoy-ko Euskal Etxea) Kepa Rekakoetxea eta Jose Antonio Torrontegi euskal enpresariak Chivilcoy-ko Beti Aurreran egon ziren joan den larunbatean, azkeneko hau bere emaztearekin batera. Torrontegi, enpresaria izateaz gain, Mungiako alkate ohia da eta senadoreri jeltzalea Espainiako parlamentuan. Vetrano familia bisitatzeko iritsi ziren Chivilcoy-ra eta Euskal Etxea ezagutzeko gogoz. Bertatik esker onez gonbidatu zituzten eta elkarrekin afaltzeko aukera izan zuten. Topaketaren ondorioz Chivilcoy eta Mungia senidetzeko proposamena sortu zen.

Gehiago irakurri...


Akordioa telefono konpainia eta fabrikatzaileekin euskara hizkuntz-menuko aukera bat gehiago gisa eskain dezaten

2007/10/18

Telefono mugikorrak (arg. Wikipedia.org) Eusko Jaurlaritzak akordioa sinatu du aste honetan telefonia arloko konpainiekin eta mugikorren fabrikatzaile nagusiekin, euskararen presentzia bermatzearren eta euskara hizkuntz menuko bat gehiago gisa ager dadin terminaletan eta oro har Euskadiko telefonia zerbitzuetan. Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak sinadura ekitaldian azpimarratu zuenez, 25 urte azpiko gazteen %50etik gora elebidunak dira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bederen eta 30 urtetik beherakoen artean %77,3 gauza da mugikorra euskaraz erabiltzeko. Akordioa, mugikorra euskaraz erabili nahi duten hiritar guztiei eskubide hori bermatzearren sinatu da.

Gehiago irakurri...


Gaur hasiko da Donostian Erbesteari buruzko 8. Mintegia; erbesteratuen biografiak internetez kontsulta daitezke

2007/10/17

Erbestearen 8. Nazioarteko Mintegiaren afitxa Erbesteari buruzko 8. Mintegia gaur bertan hasiko da Donostian, Hamaika Bide Elkarteak eta Euskal Herriko eta atzerriko hainbat unibertsitatek antolatuta. Larunbata bitartean nazioarteko ikerlariek erbesteari buruzko eyren azken lanak aurkeztuko dituzte bertan. Mintegira bildu ezin direnentzako Hamaika Bide elkartearen webgunean euskal erbesteko pertsonaien biografiak eta beste zenbait material dago kontsultagai.

Gehiago irakurri...


Euskal editoreak pozik aurtengo Frankfurteko Azokarekin: euskal literaturak interes handia piztu du, baita kalean ere

2007/10/17

Hemendikan Frankfurteko musika talde euskaldunak emanaldia eskaini zuen Euskal Literatur Gauan (argazkia MPetrus) Frankfurteko Liburu Azokaren azken ediziorekin gustura agertu dira euskal editoreak eta euskal literaturak gero eta jakinmin gehiago sortzen duela baieztatu ahal izan dute Alemaniako topaketa honetan. Aurten euskal idazleek --Arantxa Urretabizkaia, Edorta Jimenez, Xabier Montoia...-- egin dituzten aurkezpen eta irakurraldiek azokaren esparrua gainditu dute eta hiriko kultur eskaintzarekin bat egin dute Café Exzess aretoan eraturiko Euskal Literatur Gauarekin.

Gehiago irakurri...


Victoria Aja pianojole bilbotarrak Paraná-n joko du gaur; ostiralean euskal argazki erakusketa bat zabalduko da

2007/10/17

Victoria Aja pianista bilbotarra Paranako Urrundik Euskal Elkarteak adierazi du lehenengo pianistaren txanda izango dela, hileko 17an eta argazkilariaren erakusketak 19an irekiko ditu ateak. Victoria Ajak Círculo Médico auditorioan eskainiko du kontzertua eta aurreko hilabetean Argentina eta Uruguaytik hasitako nazioarteko birarekin aurrera egingo du. Mikel Arrazolak bestalde, Euskal Herriko jende eta paisaiaren inguruko 60 irudi baino gehiagoko bilduma erakutsiko du Martiniano Leguizamon Museo Historikoan.

Gehiago irakurri...


Kaliforniako gobernadoreorde John Garamendi Euskal Herrian da; Ibarretxerekin bilduko da gaur arratsaldean

2007/10/16

Garamendi, hirugarrena ezkerretik, atzo EHUko Leioako kanpusa bisitatu zuelarik, Campos sailburua eta Perez Iglesias errektorearekin Kaliforniako gobernadoreordea, John Garamendi euskal jatorriko politikari demokrata eta bere emazte Patty Euskal Herrian dira bisitan, Guggenheim Museoaren hamargarren urteurrena dela-eta antolatutako ekitaldietan parte hartzeko. Eusko Jaurlaritzatik eginiko gonbidapena aintzat harturik, Garamendi Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarburuarekin eta Josu Jon Imaz EAJ-PNVko presidentearekin bildu zen atzo goizean, eta arratsaldez Tontxu Campos Hezkuntza sailburuarekin eta EHUko errektorearekin eta Guggenheimeko 10. urteurreneko gala afarian hartu zuen parte, euskal gizarteko hainbat ordezkarirekin batera. Gaur arratsaldez Ibarretxerekin bilduko da Gasteizen Lehendakaritzan.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia