euskal diaspora eta kultura

2008/02/12
AEBetako Alderdi Demokratako Barack Obamak, garaipen sonatua eskuratu zuen Idahon joan den astearteko caucusean. Obamak botoen %80a jaso zuen eta Hillary Clinton aurkariak %17a baino ez. Kanpaina itxierako mitinean Obamak Boiseko alkate Dave Bieterren babesa jaso zuen. Era deigarrian, jatorri euskalduneko Bieterrek Boise Qwest aretoko entzulegoa zutik jarri arazi zuen, Gora Obama! euskarazko aldarriarekin. Momentu horretako bideoa ekarri dugu hona.
2008/02/11
Pantxo Bedialaunetak, 15 urte besterik ez zituela, Tijuanatik (Mexiko) Bizkaiko Ondarroa herriraino egin zuen bidaia. Aita bertakoa du eta ama Guasavekoa, Sinaola (Mexiko), eta jai alaiko partida batean ezagutu zuten elkar gurasoek, aita Tijuanan pilotari baitzebilen. Euskal Herrira iritsi eta hiru urte geroago, gaztea Ondarroako Bar Cantabricon hasi zen lanean eta orain bere lana saritua izan da, izan ere "Urrezko Arzak" deitutako sariarekin, nazioarteko pintxorik onenari kategorian.
2008/02/11
Peio Serbielle musikari zuberotarra Bordelen izango da datorren ostegunean, bertako Euskaldunen Biltzarra Euskal Etxeak antolatu duen musika topaketan parte hartzeko. Kantariak bere azken lana, 'Naiz' diskoa, aurkeztuko du baina ekitaldia ez da ohiko kontzertu bat izango, kantari eta musikazaleen topaketa bat baizik. Izan ere Euskal Etxeko Bestalariak koralak egingo dio harrera Serbielleri. Musikariak diskoa aurkeztuko du eta entzulegoarekin diskoaren sorrera prozesuaz eta bere musikaz mintzatuko da.
2008/02/11
Eusko Argentinar Bazkun Alkartasunak (FEVA) Euskal Herrian edo euskal zuzendariek egindako 20 filme dauzka eta euskal zine emanaldiak antolatzeko eskaintzen dizkie bertako Euskal Etxeei. Lan horien artean honako hauek daude: Alex de la Iglesiaren El Día de la Bestia; Obaba, Bernardo Atxagaren nobelan oinarritua eta Montxo Armendarizek zuzenduta; edota Pio Caro Barojaren 'Gipuzkoa' eta 'Navarra, cuatro estaciones'. Proposamenak arrakasta lortuko balu, federazioa filme gehiago kudeatzeko prest egongo litzateke, hurrengo lau urteetarako programaratu eta zine emanaldiak egin ahal izateko.
2008/02/08
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak emango dituen zortzi beka hauek bi hartzaile talde ezberdin edukiko dituzte: Nafarroako unibertsitate batean ikasi nahi duten nafarren ondorengoak, eta atzerrian UNEDen (Universidad Nacional de Educación a Distancia) elkartekidea den zentro batean ikasketak egin nahi dituzten nafarrak edo ondorengoak. Dirulaguntzak hamar mila eurokoak izango dira gehienez.
2008/02/08
Hego Euskal Herriko lanbide askok ez dute bertan langilerik aurkitzen eta askotan Espainiako estatutik kanpo eskatu behar dituzte. Nafarroan, adibidez, erregistratuta dauden 303.100 langileak, tartean lurraldeko 13.300 langabeek, ez dira nahikoak "okupazio zailekoak" bezala deitzen diren lanpostuak betetzeko. Araban 52 dira 'betetzen zailtzat' jotzen diren lanbideak. Bizkaian 33, eta Gipuzkoan 46. Iparraldeko daturik ez dugu momentu honetan.
2008/02/08
Betidanik egin nahi izan zuen Iratxe Ormatzak horrelako bidaia bat. Bere neba Hego Amerikan zegoen eta harek eman zion falta zitzaion azken bultzada. Irailean pentsatu eta azarorako bere nebarekin elkartu zen Perun. Ormatzak euskalkultura.com-eri adierazi dio jadanik ez zuela uste hogeita hamabi urterekin horrelako esperientziarik bizitzea baina lana eta etxea Euskal Herrian utzita, aurreztutako sosak hartu eta abenturara abiatu zen 2003an. Lekuan lekuko esperientziak eta ikusitakoak eragindako zirrara azalduko ditu bidaia-liburu honetan.
2008/02/07
Argentina uda garaian dago momentu honetan, baina beroak ekar dezakeen nagikeria ez da batere nabaritu bukatu berria den urtarrilean Necochean. Izan ere, zenbait euskal ekintza ospatu dituzte euskal necocheatarrek joan den hilean, tartean Kolektibitateen Azoka eta San Sebastian eguneko danborrada eta jaiak. Gipuzkoako hainbat herri eta hirietan ospatzen den sansebastian oso hitzordu berezitzat hartua dute Necocheako euskaldunek. Danborrak eta barrikak soinean, argentinar kostaldeko hiri honetako kaleak animatzen dituzte urtero.
2008/02/07
Uruguaitik eta Argentinatik etorritako 23 lagun hango euskal etxe eta unibertsitateetan euskara irakasle izateko trebatzen ari dira Lazkaoko (Gipuzkoa) Maizpide barnetegian. Euskal Herriko komunikabideak, euskarazkoak gehienbat, etengabe ari dira Lazkaora hurbiltzen, Diasporako seme-alaba diren hauen euskaltzaletasuna ulertu nahirik. Maitasun istorioak dira gehienak, norberaren erroekiko, familiarekiko maitasun istorioak, bizipen pertsonalenekin lotuak. Erroak fruitua ematen, jende gaztea baitira Ameriketatik etorritako euskaldunok. Ainara Arratibelen artikulu hau Berriak eman zuen argitara joan den igandean.
2008/02/07
Antzerti aldizkaria nahitaezko erreferentzia da euskal antzerkigintzaren historian. 1932ko urtarrilean sortua, ia 50 urteko etenaldia izan zuen 36ko gerraren ondorioz. Antzerti Eskolaren ekimenarekin batera berriro argitaratu zen eta beste 29 ale kaleratu zituen 1982tik 1985era. Orain, Armiarma.com-ek zenbaki guztiak jarri ditu irakurlearen esku sarean. Bertan aldizkariak argitara emandako 64 aleak topatuko ditugu, tartean 47 idazlek idatzitako 74 obra. Zer taularatu nahi duenarentzat altxor polita.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus