euskal diaspora eta kultura

2008/02/15
Euskaltzaindiak eta Bergarako Olaso Dorrea Fundazioak elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten iragan asteazkenean. Hitzarmen horri esker, Fundazioak duen bibliografia eta artxibo ondarea (Georges Lacomberen Biblioteka eta Olaso Dorrea Fundazioaren Artxibo Historikoaren XX. mendeko atala, Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuza emaztearen familiaren ondareak barne) Euskaltzaindiaren egoitzan gordeko da. Horrela, Akademiak ondare honetan biltzen diren hainbat altxorren kargu hartuko du, horien artean Leizarragaren Testamentu Berriaren bi ale.
2008/02/14
South San Frantziskoko Udaletxean goizeko hamaiketan --bertako ordua, arratsaldeko zortziak Euskal Herrian-- hasiko den ikurriña igotze ekitaldiarekin ekingo dio Ibarretxe lehendakariak datorren igandera arte AEBetara egingo duen lau egun eskaseko bisitaldiari. Lehendakariak hitzaldia eskainiko du gaur arratsaldean Stanfordeko Unibertsitatean, azkeneko egun eta asteetan aukera horren kontrako kanpaina gogorra asmatu badu ere bertako espainiar talde batek, Espainiako medio batzuen laguntzaz. Datozen egunotan lehendakaria John Garamendi Kaliforniako gobernadoreordearekin bilduko da eta South San Frantziskoko Basque Cultural Center delakoaren 26. urteurren ekitaldietan hartuko du parte.
2008/02/14
Matteo Manfredi historialari napolitarrak magna cum laude kalifikazioa eskuratu du Euskal Herriko Unibertsitatean 'La fotografía como fuente para el análisis de los procesos migratorios. Metodología, conceptualización y crítica en la Historia de la migración vasca a Uruguay (siglos XIX-XX)' izenburudun tesiarekin. Lana Oscar Alvarez Gila historialariak zuzendu du. Tesiaren proposamena argazkiak migrazio prozesuak aztertzeko tresna berritzaile bezala erabiltzean datza.
2008/02/14
Brasilen jaiotako eta 21 urterekin Euskal Herrira etorritako euskal-argentinarra. Horixe da Maite Iturre, aurtengo Arabako txakolin uztako amabitxietako bat izango denaren deskribapena. Zientzia Politikoak ikasi ditu euskaraz eta orain, Monica Castillorekin batera, Arabako Txakolina Jatorrizko Deiturako Kontseilu Erregulatzaileak larunbatean aurkeztuko duen Arabako txakolin uztaren ohorezko gonbidatua izango da. Bera harrituta dago, baina aldi berean asko eskertzen du gonbitea: «Ez nuen uste halako aitorpenik emango zidatenik Diasporako pertsona izanda».
2008/02/14
Euskalbar euskara, gaztelania eta ingelesaren arteko itzulpenak egiten laguntzen duen Firefox nabigatzailerako tresna-barra bat da. Barra honi esker, euskarazko hiztegietan bilaketak egitea errazagoa da erabiltzaileentzat. Euskalbarren 3.0 bertsioa sarean dago jada eskuragarri, tresna erabilgarri honen webgune berrian. Euskalbar 3.0k 18 hiztegi eta datu baseetan bilaketak egiteko aukera ematen du.
2008/02/13
"Sukal Leku", Juan Mari Arzak presidentea eta German Muruamendiaraz zuzendariaren gidapean, euskal sukaldaritza munduko gastronomiaren lehen postuan kokatzeko sortu den proiektua da. Egoitza nagusia Donostiako Intxaurrondo auzoko "Villa Yeyette" etxe berritua izango du elkarteak, azken urte hauetan kultur arloko hainbat ekintza bildu dituen tokia. Antoiltzaileek adierzai dutenez, datozen hilabeteetan Diasporako sukaldariekin jarriko dira harremanetan egitasmoan parte har dezaten.
2008/02/13
Octavio Cortazar Kubako dokumental zuzendari ezagun bat da eta 1960ean bere lehen lana egin zuenetik ibilbide oparoa izan du. Orain, 'El onceno maestro' filmarekin Cortazarrek bere familiako belaunaldietan atzera egiten du Bizkaiko Otxandio herrira heldu arte. Filmean zuzendariak familiaren baserria aurkituko du eta haien historia berregingo, Jose Luis Loza Cortazar lehengusua bidailagun duelarik.
2008/02/13
Eusko Ikaskuntzak "Ei Gazte!" lehiaketa jarri du abian, erakundeko Gazteria Sailaren logoa diseinatzeko. Logo hori gazte arloko informazioa zabalpenean erabiliko da, batez ere dokumentu ofizialen bidez eta web orriaren bidez. Euskal Herriko 16-30 urte bitarteko gazteez gain, Diasporako lagunek ere parte hartu ahal izango dute ekintza honetan. Saria 1.500 eurokoa izango da eta maiatzaren 15ean amaituko da lanak bidaltzeko epea.
2008/02/12
Otsailaren 3an hasita, eta datorren igandera bitartean, Poloniako hamar gazte euskara ikasten ari dira Zeberioko (Bizkaia) barnetegi batean, paisaia, kultura eta Euskal Herriko jendea ezagutzen duten bitartean. Joseba Perez da beraien irakaslea eta egonaldian ikasleek 60 ikastordu jasoko dituzte guztira, goiz eta arratsaldez. EuskalKultura.com-ek bertako bi ikaslerekin hitz egin ahal izan du, Justyna eta Paulina. Eurak, gainerako zortzi neskekin batera Baiona bisitatuko dute gaur. Hurrengo egunetan Donostia eta Iruñea ere bisitatzeko planak dauzkate.
2008/02/12
Euskal Herrian Santa Ageda bezperan etxez-etxe koplak kantatzeko ohitura zaharra dago. Aspaldidanik Madrilen ikasten ari ziren euskal gazteek usadio hau mantendu zuten eta frankismo garaian galdu ostean Euskal Etxeak 70. hamarkadan berreskuratu zuen ohitura. Hala, joan den otsailaren 4aren gauean euskal elkarteko kideek osatutako koruak Madrileko kale eta bazterrak girotu zituen, makilen kolpeen erritmoarekin Santa Agedaren ohorezko kopla zaharrak abestuz. Bestalde, joan den urtarrilaren 25ean Euskal Etxeak Zuzendaritza Batzordea hautatu zuen, egungo lantaldea beste bi urtetarako aukeratuz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus