euskal diaspora eta kultura

2008/02/29
Ahinitz Gerrikagoitia donostiarra eta David Santesteban iruindarra sei hilabetetan Hego Amerikako sei lurralde ezagutzera abiatu ziren. Denbora tarte horretan hauek izan dira bikoteak ezagutu dituen lurraldeak: Txile, Rapa Nui edo Isla de Pascua, Argentina eta Uruguay. Buenos Airesen, David eta Ahinitz bigarren honen familia argentinarrarekin egon ziren Urtezahar-gaua eta Urteberria ospatzen. Hau dena eta beste zenbait gauza bikoteak sortu duen blogean dago ikusgai.
2008/02/29
Munduari mundo filmea ekoiztu dute Ander Elorza eta Jon Urdangarin gasteiztar gazteak Australian, Japonian eta Gasteizen. Duela hiru hilabete abiatu ziren Ozeaniara, baina bikote honek Joseba Elorzaren laguntza izan du ere. Bera Euskal Herrian geratu da Ander eta Jonen abenturak eguneratuta daraman webgunean idazteko eta argazkiak eta bideoak ipintzeko. Filmeko protagonista Iñaki Albitxuri da eta bere buruari galdera bat egiten dio: Zergatik zait hain beharrezkoa bidaiatzea? Erantzuna topatu nahian, Albitxurik galdera hau aurkitzen dituen bidaiariei egitea erabaki du, eta bidaia-liburu bat idaztea elkarrizketa horiek liburuaren ardatz bihurtuta.
2008/02/28
Eusko Jaurlaritzako Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeak 2006ko Kanpoko Ekintzaren Urtekaria argitaratu du eta bertan urtean zehar arlo honetan egin diren ekimenak jasotzen dituzte Jose Luis de Castro eta Alexander Ugalde egileek. Beste zenbait gaien artean urtekariak euskal etxeen erregistro ofizialean sei elkarte berrien sarrera eta Bruselako Euskal Ordezkaritzaren 20 urteak aipatzen ditu.
2008/02/28
NABOko presidentak, Mary Gaztambidek, gutuna idatzi dio Stanford Unibertsitateko buruari, Ibarretxe lehendakariari eginiko harrera ona eskertuz. Unibertsitateak Ibarretxeri mintzaldia emateko gonbitea egin zion eta duela bi aste lehendakaria bertan azaldu zuen bere proposamen politikoa. Mintzaldiaren aurkako kanpaina hasi zuen Kaliforniako espainiar nazioalista talde batek, baina unibertsitateak irmoki defendatu zuen Ibarretxek bere ideia politikoak azaltzeko adierazpen askatasun osoa zuela.
2008/02/28
Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketa Zuzendaritzaren bitartez, bi fresatzeko makina eman die Argentinako bi eskola teknikori, ikasleen heziketan eta trebakuntzan laguntzeko. Eskolak Las Flores hiriko 1go Eskola Teknikoa eta Fontanako 19. Lanbide Heziketarako Eskola dira. Dohaintza hauek euskal etxeen eta Argentinako Euskadiren ordezkaritzaren laguntza izan dute.
2008/02/28
Erakusketak "Xabier de Landaburu (1907-1963): bizitza osoa Euskal Herriaren kausarentzat" du izena eta berarekin, omenaldi berezia eskaini nahi diote politikari gasteiztarrari Abertzaletasunaren Museoak eta Sabino Arana Fundazioak, beste hainbat erakunderen laguntzarekin, Landabururen jaiotzaren mendeurrena ospatzearen karietara. Besteak beste abokatu, idazle, artikulugile, EAJko kide, parlamentari, pentsalari eta lehenengo Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde izan zen pertsonaia honi buruzko erakusketa martxoaren 9 arte egongo da zabalik Gasteizko Amarica Aretoan.
2008/02/28
Dagoeneko Eusko Ikaskuntzak sareratu duen "Andresare" webguneak Euskal Herriko emakumeen, eta batik bat feminismoaren eta generoaren alorrean, Euskal Herrian edo Euskal Herriari buruz egiten diren azterlanen egoeraren berri emango du. Teknologia berrien bidez, gune honek euskal emakumeen errealitatea erakutsi nahi du, ezagutza, sorkuntza eta zientziaren bidez.
2008/02/27
Euskal Herriko bertsolari eta Argentinako payadore gazteen arteko konexioa bizi-bizirik dago eta eman duen azken fruitua Maialen Lujanbio eta Paya anaiek Brasil, Argentina eta Uruguaira egingo duten bira da. Abentura honetan Wilson Saliwoncyk payadore argentinarra izango dute lagun eta gidari. Ikuskizun erakargarria eta euskaraz hitz egiten ez dutenentzako ulergarria eskainiko omen dute.
2008/02/27
Mexiko Hiriburuko Euskal Etxeak komunitateko haur eta gaztetxoentzako jai berezia egin zuen joan den larunbatean. Topaketa honen helburua umeei euskal lagunak egiteko aukera ematea eta Euskal Etxea bera joko eta jolasetarako tokia bihurtzea zen. Izan ere euskal elkartea bazkide nagusientzat ondo pasatu eta gozatzeko topalekua da eta hamaika adiskidantza sortu izan dira bertan. Txikiek ere bide horretan lehen pausoak eman dituzte jada eta larunbatean euskal etxea 'konkistatu' zuten euren joko eta barre algarez.
2008/02/27
Federico Borrasek gidatu eta igandero --martxotik aurrera 11etatik 12tara, Radio Universidadetik (105.7 Mhz)-- ematen den "Presencia Vasca" irratsaioaren 18. urteurrena ospatzeko Argentinako Paranako Urrundik Euskal Elkarteak pilota txapelketa antolatu du datorren larunbaterako. Hemezortzi urteotan irratsaioak euskal aste nazionalaren berri eman du eta astero euskal etxeetatik bidaltzen dizkioten informazioa zabaltzen du.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus