euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Bou Nabarra' izan daitekeena aurkitu dute, 1937ko Matxitxakoko batailan hondoratua: lehenengo irudiak

2008/03/06

'Bou Nabarra' Euskal Itsas Armadako ontzia AZTI-Tecnalia Fundazioak Bermeon (Bizkaia), Matxitxako lurmuturraren ondoko uretan egindako ikerketek aipatzen dutenez, aztarnak "Bou Nabarra"-renak izan daitezke, 1937ko martxoaren 5ean matxinatu frankisten "Canarias" ontziaren aurka borrokatu zuen Euskadiko Itsas Armadaren ontzia. Dena den, datorren udaberrian, urpekariek bertara jaitsi eta lehorrera laginak ekarri ondoren jakin ahal izango da xehetasun osoarekin zein ontzia den. Eskifaia osatzen zuten 49 marineletatik 30ek galdu zuten bizia batailan. Aurten gertakari haren 71. urteurrena beteko da.

Gehiago irakurri...


Euskara Munduan nazioartera hedatuko da, Txile, Uruguai, Brasil, Peru eta Kolonbian ere irakasleak trebatuz

2008/03/05

Argentinar ikasleak, HABEko arduradunak, Maizpideko irakasleak eta asteotan etxean hartu dituzten familiak giro ederrean sagardotegian (argazkia HABE) Azken asteetan Lazkaoko Maizpide euskaltegian euskara hobetzen izan diren ikasle argentinarrek sagardotegian eta giro bikainean bukaera eman zioten Euskara Munduan programaren aurtengo barnetegiari. Sagardotegiko beste bezeroak apenas entzungo zuten argentinar doinurik euren euskaran, ekimenaren arrakastaren seinale. Hain da horrela, HABEk Diasporan euskara irakasleak trebatzeko programa beste herrialde batzuetara zabalduko duela 2008-2011 lau-urtekoan: Txile, Uruguai, Brasil, Peru eta Kolonbia batuko zaizkio Argentinari.

Gehiago irakurri...


Zortzi herrialdeetako gaztetxoentzat antolatu 'Urbasan bagara' udalekurako izenemate epea ireki da dagoeneko

2008/03/05

'Urbasan Bagara' programaren afitxea EHko zortzi lurraldeetako --Diaspora barne-- 10 eta 13 urte bitarteko haurrek Udalbidek antolatzen duen 'Urbasan bagara' udalekuaz gozatu ahal izango dute bigarrenez. Urbasa-Andia Parke Naturaleko inguruan gazteek, espeleologia, eskalada, ibilaldiak bizikletaz, igeriketa, jolasak, mendi-irteerak, festak eta naturarekin harremanean egoteko aukera edukiko dute, besteak beste. Ekintzok Euskal Herriko zortzi lurraldeetako gazteen arteko harremana natura eta euskararen bidez sustatzea dute helburu. Udalekuko prezioa 100 eurokoa da eta izena emateko epea maiatzaren 9an amaituko da.

Gehiago irakurri...


25 urtez pilotari eta Balear frontoiko buru izan den Paco Aguilók lankideen omenaldia jasoko du Incan, Mallorcan

2008/03/05

Paco Aguiló, gurpil aulkian, Mallorcako pilotari kideek inguratuta (argazkia Matías Barceló) Mallorca eta Euskal Herriko pilotari komunitateak omenaldia egingo dio larunbatean Paco Aguiló pilotariari. Aguiló 25 urtez irlako pilotari ezagunenetakoa izan da eta Balear frontoiaren buru bezala ere jardun zuen. Ekitaldia Inca herrian izango da eta bertara irletako pilotari ohiak bilduko dira --Ortiz anaiak, Matías, Bechi eta Coll-- eta baita ere Markina eta Durango aldetik propio etorriko diren beste zenbait, tartean Berrojalbiz, Bengoa, Kortabitarte eta Arkarazo. Miamiko euskal komunitatetik ere pilotari askok babesa eman nahi izan diote Aguiló lagunaren omenaldiari, EuskalKultura.com-i propio adierazi diotenez.

Gehiago irakurri...


Oskar Arana, EIZIEko lehendakari berria: 'Erantzukizun eta erronka handia da honelako kargua hartzea'

2008/03/05

Oskar Arana euskal itzultzailea izango da EIZIEko lehendakari berria (argazkia Sautrela.com) Iragan larunbatean Euskal Itzultzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) zuzendaritza berritu zuen. Gauzak horrela, Beatriz Zabalondok utzitako kargua Oskar Aranak hartuko du. 'Erantzukizun handia da kargu hau hartzea, baina saiatuko naiz ahal dudan hoberen egiten', aipatzen dio itzultzaile euskaldunak EuskalKultura.com-i. Aranak, besteak beste, George Orwell idazlearen "1984" eta Woody Allenen "Anarkia Hutsa" eleberrien itzulpenak egin ditu. Orain, zenbait itzulpenetan lan egin ondoren, EIZIEn, Itziar Otegi izango du ondoan lehendakariorde postuan. Larunbateko batzar nagusiak ItzulBaita proiektua sendotzeko ildo nagusien finkapenerako balio izan zuen ere.

Gehiago irakurri...


Ekai Txapartegi, Mexikoko UNAM Unibertsitatean ikertzen eta ikasketak zabaltzen diharduen filosofo zarauztarra

2008/03/05

Ekai Txapartegi Kalifornian (argazkia Gaztezulo) Hogeita hamaika urte dauzka eta doktoretza ondorengo beka bati esker Berkeleyko Unibertsitatera (Kalifornia) joan zen, lehenik, filosofia ikasketak jarraitzera. 2005ean 'Desobedientziaz ibiltzen' izeneko liburua kaleratu zuen, ekintzaile gisa zeukan eskarmentutik abiatuz desobedientzia zibilaren gogoeta teorikoa eginez. Orain, ordea, Mexiko Hiriburuko UNAM Unibertsitatean ari da ikerketan eta hausnarketan, buruari eraginez. Gaztezulo aldizkariak orain gutxi egin dion elkarrizketatik laburbildu ditugu segidakoak.

Gehiago irakurri...


Madrilek, Biarritzek eta Iruñea Sarasateren jaioterriak musikaria omenduko haren heriotzaren mendeurrenean

2008/03/04

Irudian, Pablo Sarasate biolinjole iruindarra Pablo Sarasateren (Iruñea 1844-Biarritze 1908) heriotzaren mendeurrena dela-eta, Madril, Biarritze eta Iruñeko hiriek euskal musikaria omentzeko hainbat kultur ekitaldi antolatu dituzte 2008rako. Urte osoan zehar kontzertuak, erakusketak, artistaren bizitzako liburuen edizioak eta Iruñea sorterria eta artistaren bizitzari buruz Panasonic Japon enpresak egindako DVDa aurkeztuko dituzte. Web orrialde batek artistaren heriotzaren mendeurrena ospatzeko antolatu diren ekintzen informazioa emango du, bere biografia eta diskografiarekin batera.

Gehiago irakurri...


I hate Colorado: euskal artzainek AEBetako lertxunetan marraztutako bakardade aieneak galtzen ari dira

2008/03/04

San Juan National Forest basoko lertxun-marra bat (argazkia Colorado Historical Society Office of Archaeology and Historic Preservation) Euskal, perutar eta mexikar artzainek Coloradoko (AEB) basoetan utzi zituzten mezuak, lertxunen oskolean egindako marrazkien forman, galtzen ari dira gutxinaka-gutxinaka. Arrazoia kasu askotan zuhaitzen adina baizik ez da, baina izurriteak eta suteak ere kaltea eragiten ari dira. Adituen esanetan artzainen bakardadearen testigantza bizi hauen %75a galdu egin da jada. Denver Post egunkariak arazoa aipatzen zuen bere atzoko zenbakian, Jason Blevins-ek sinatutako artikuluan.

Gehiago irakurri...


San Luiseko Euskal Etxeak argentinar mendilerroak eta Euskal Herria batzen ditu aurkeztu berri duen armarrian

2008/03/04

San Luiseko Euskal Etxearen armarria San Luiseko Euskal Etxeak omenaldia egiten die armarri berriarekin Argentinan euskal kulturaren alde lan egin duten kide eta euskaltzaleei. Juan Domingo Arrascaeta eta Juan Ramon Escudero Alzola dira diseinuaren egileak eta bertan elkarteari nortasuna ematen dioten zenbait sinbolo biltzen dira: bertako mendi argentinarrak, Euskal Etxea eta bi herrialdeetako banderetan erroa hartzen duten bi zuhaitz, euskal haritza eta argentinar ceibo-a.

Gehiago irakurri...


New Yorkeko sukaldaritza ikasle talde bat Hondarribian izan da euskal gastronomia zuzenean ezagutzeko

2008/03/03

Ikasleak San Fermin Berria ontziko tripulazioarekin Bisitaldia oso zalapartatsua eta bizia izan zen: goizean goiz jaiki eta 6:45tan hitzordua zuten Hondarribiko lonjan arrainaren deskargatzea zuzenean ikusi ahal izateko. Ondoren San FerminBerria ontzira igo eta itsasora atera ziren eta eguna borobiltzeko pastelgintza lantegi batean ere izan ziren. 'Ikasleek egun hau bidaiko onenetarikoa izan dela diote', azaldu dio EuskalKultura.com-i Joseba Encabo irakasleak. Encabo irundarra da eta Estatu Batuetan bizi da orain dela hogei urte. Bera izan da New Yorkeko The Culinary Institute of America zentroko 20 ikasle Euskal Herrira ekarri dituen bidaiaren antolatzailea.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia