euskal diaspora eta kultura

2008/06/05
Chivilcoyko Euskal Etxeko kideek, Argentinan, zenbait jarduera bizi eta koloretsu gauzatu zituzten joan den maiatzean. Susana Rioja Samaniego chef euskaldunak eskainitako euskal sukaldaritza ikastaroan, Euskal Herriko zenbait kutixia prestatzen ikasi zuten bildutako zaleek. Euskal Etxeko egoitzan antolatutako tango topaketak, berriz, bikote bazkide eta ez-bazkideak bildu zituen gaua dantzatzen pasatzeko aukera emanez. Afarien arloan, 400 pertsona inguruk parte hartu zuten urteko lehenengo elkarretaratzean.
2008/06/05
Argentinako euskal diasporak biltoki berria inauguratu du Buenos Aires probintzian, Ayacuchoko 'Euskal Odola' Euskal Etxeak zabaldu berria duen egoitza medio. Ekitaldiak Dario David Ayacuchoko alkatearen presentzia bildu zuen eta, izan ere, berak eta Mariano Oillataguerre Euskal Etxeko lehendakariak moztu zuten inaugurazio zerrenda, dantzarien partaidetzak eta adineko Margarita Arenaza bazkideak propio eginiko olerki batek modu hunkigarrian koloreztatu zutelarik saioa. Esan, bestalde, azken bi hilabeteotan Ayacuchoko Euskal Etxeak bereziki emakume eta haurrei zuzendutako tenis txapelketa bat antolatu duela, bere jarduera egitarau aberatsaren baitan.
2008/06/04
Joan den ostegunean euskal kulturari buruzko lehenengo jardunaldiak ospatu ziren Poloniako hiriburuan. Bertara bildu zirenek euskal produktuen dastapenaz gozatu, filme eta argazki aurkezpenak ikusi eta Mikel Urdangarin kantariaren kontzertua entzun ahal izan zuten. Jardunaldiak Varsoviako euskal lektoregoak antolatu zituen, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Varsobian ezarritako Kategora eta Bmp Abogados euskal enpresen laguntzarekin.
2008/06/04
2008/06/03
Eusko Ikaskuntzak Asmoz Fundazioko internet bidezko Eusko Ikasgaietan Graduondokoa egiteko Diasporako ikasleentzako matrikularen osotasuna ordaintzen duten hogei beka eskaintzen ditu. Ikastaroa munduko edozein tokitik egin daiteke, klaseak eta ikas-materiala internet bidez jasotzen dituztelako ikasleek. Ikastaroa lizentziatu eta diplomatuei zuzendua dago eta nahiz eta datorren urrian hasiko den, beka eskuratzeko aukera izan nahi dutenek hilaren 15a baino lehen eman behar dute izena. Non eta nola, artikulu honetan azaltzen dizugu.
2008/06/03
Azken egunetan EuskalKultura.com-en gure irakurleen mezu dexente jaso ditugu, Sakelako Hiztegia izeneko euskara-gaztelania / gaztelania-euskara hiztegia Diasporatik telefono mugikorretara nola jaitsi daitekeen galdetuz. Sakelako Hiztegia sustatu duten Donostiako Euskara Patronatoarekin eta Eleka Ingeniaritza enpresarekin harremanetan jarri gara, gure irakurleen zalantzak argitu nahian. Hiztegia munduko edozein lekutik deskargatu daiteke, wap sistema edo internet bidez, jarraian azaltzen ditugun pausu erraz hauek jarraituz.
2008/06/03
Argentinako Chaco probintziako 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeak azken asteetan egindako eta datozen egunetan egin beharreko jarduerei buruz eman du aditzera. Iragan maiatzaren 25ean, bertako bazkideek Resistenciako Udalak antolatutako Maiatzaren 25eko aberri desfilean parte hartu zuten. Bihar, bestalde, Euskal Zine Zikloari ekingo dio Euskal Etxeak, 'Aupa Etxebeste' filmearekin, eta bihar bertan baita ere ekingo dio bere lehenengo bilkurari Euskal Abesbatza sortzeko lanean ari den taldeak, interesa izan dezaketen guztiak gonbidatuta daudela.
2008/06/02
Eusko Jaurlaritzak aurten euskal etxeak dauden lurraldeetan bira kulturalak egiteko deialdian laguntza lortu duten talde eta artisten zerrenda argitaratu du. Horietako batzuk dagoeneko egin dituzte euren emanaldiak, baina datozen hilabeteetarako honako kontzertu eta bira agenda iragar dezakegu: Trikizio (AEBetan), Maddi Oihenart (AEBetan), Antton Valverde (Argentinan), Aretxabaletako Akordeoi Orkestra (Argentinan), Juan Mari Beltran (Argentinan), Elai Alai Dantza Taldea (Kolonbian) eta Araba Korala (Argentinan).
2008/06/02
Patagonia aldeko euskal argentinar elkarteak oso pozik agertu dira joan den maiatzaren 17 eta 18an General Roca herrian egin zen Patagoniako Euskaldunen Lehen Topaketaren emaitzarekin. Giroa aparta izan omen zen, hara bertaratzeko aukera izan zutenen esanetan, eta orain mundu osoko euskaldunek zuzenean ikusteko aukera izango dute Gure Etxeako antolatzaileek euren webgunean jarri duten argazki sortari esker. Eurek azaltzen dutenez bideoak igotzeko aukera ere badago eta topaketan izan zirenei euren argazkiak eta ikusentzunezko materiala bidaltzeko gonbitea egiten diete.
2008/06/02
Hona, irakurle, EuskalKultura.com-en bertsio berritua. Erditze ahalegintsua, baina emaitza sendotuz geroa erraztuko duena deritzogu. Erabateko aldaketa da, Diasporak dauzkan harreman eta komunikazio alorreko beharrei hobeto zerbitzatu nahiak bultzatua. Beta bertsioa da esku artean daukazuna. Datozen egun eta asteetan pixkanaka moldatzen, zuzentzen, fintzen eta gehitzen joango gara, eta lan horretan ere partaide nahi zaitugu. Izan ere leku eta esparru berriak zabaldu dizkiogu buletin berrian partaidetzari. Emaizkiguzu guztia sendotzeko aste batzuk, eta ondoren iritzia eskatu eta eskertuko dizugu.PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus