euskal diaspora eta kultura

2008/06/23
Chacoko Kotoiaren Lurrak urteko lehen Euskal Afaria egin zuen iragan ostiralean Resistenciako Don Bosco Ikastetxean (Argentina). Elkarteko lagun eta bazkide asko bertaratu ziren eta arduradunek Kotoiaren Lurrak urtero antolatzen dituen jardueren berri emateko aukeraz baliatu ziren, jarduera hauek doakoak eta elkarteko kide zein kanpoko edozeini irekiak direlako. Ekimen hauen artean aipagarria izan zen 'Aurrera Goaz' Bokaziozko Antzerki Taldearen aurkezpena. Taldekideek euskal gaia ardatz zuen lana antzeztu zuten. Afaria zozketa, euskal kanta eta monologo komikoekin osatu zuten.
2008/06/23
Rio Gallegoseko Hegoalde Argentinarra Euskal Etxearen I. Urteurren Jaiak berrehun kagun inguru bildu zituen, jarduera egitaraui mardulaz gozatzeko prest: euskal gastronomia, Euskal Herriko argazki emanaldia, dantza ikuskizuna, euskal kantak eta zozketak, besteak beste. Zentroko zuzendaritza batzordeak Euskal Etxearen egoitzaren irekiera iragarri eta datozen asteetan egingo diren jarduerak aurkeztu zituen, horien artean, Euskararen Eguneko afaria. Afari honetan Euskal Herria bisitatzeko bi bidai zozketatuko dituzte.
2008/06/20
Urdaneta 500-Ordiziako Udala Batzordeak, Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin, 'Las rutas marítimas en la globalización: el tornaviaje de Urdaneta' ikastaroa antolatu du uztailaren 21, 22 eta 23rako. Klaseen helburuetako bat Asia, Amerika eta Europako herrien arteko ekonomia eta kultur trukaketan Urdanetak egindako ekarpena ezagutaraztea izango da. Jardunaldiak Donostiako Miramar Jauregian eta Ordizian egingo dira. Matrikularen prezioa 84 eurokoa da.
2008/06/20
Euskara Munduan programaren baitan, Europako zenbait Euskal Etxeetako irakasleen topaketa egin zen joan den asteburuan Bartzelonako Euskal Etxean. Ekimena Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak HABEren bidez antolatu zuen eta helburua irakasleak arlo desberdinetan trebatzea zen. Ikastaroaren gaia 'HEOK (Helduei euskara irakasteko oinarrizko kurrikuluma) eta IKTak (Informazio eta Komunikazio Teknologiak) euskararen irakaskuntzan’ izan da. Euskara Mundua programaren koordinatzaile J. Fco Zinkunegik gidatu zuen ikastaroa eta bertan Bartzelona, Madril eta Valentziako Euskal Etxeetako irakasleak eta Bartzelonako Hizkuntza Eskola Ofizialekoak, Universitat de Barcelona eta Universitat Autónoma de Barcelonakoak bildu ziren.
2008/06/20
San Juan Gauaren bezperaren hurbiltasuna eta udako solstizioaren indar magikoetaz baliatuz, Zugarramurdiko herri nafarrak 'Sorginaren Eguna' ospatuko du bihar. Egunean zehar hitzaldiak, kobazuloetara bisita gidatuak eta ekitaldi ugari egingo dituzte. Diasporan ere euskal etxe askok bat egingo dute izpiritu honekin eta San Juan gaua ospatuko dute. Kristau santuaren egunak udako solstizioaren tradizioarekin (neguko solstizioa hego hemisferioan) bat egin du, eguzkiaren boterea eta suaren indar garbitzaileari buruzko sinismen jentilak barneratuz. Buenos Airesen, Chivilcoyn, Mexiko DFn, Madrilen... euskal etxeko kideek tradizioa jarraitu eta suaren gainetik salto egingo dute, aro berrirako gurariak eskatuz.
2008/06/19
Gaurko goizeko zortzietan hasi eta arratsaldeko zortzietara bitartean, Bilboko Arriaga Antzokian Axularren 'Gero' euskal literaturaren maixulan klasikoaren Lehen Irakurraldi Jarraitua egiten ari dira. Ekitaldia Elkarlan Euskaltegiak (Bilbo Zaharra, Gabriel Aresti y Juan Mateo Zabala) antolatu dute, Bilboko Euskara Arloaren eta Ipar Kutxaren babesarekin. New York, Boise eta Buenos Airesetik jaiarekin bat egingo dute Diasporako euskaldunek, aldez aurretik grabatutako bideoetan liburuaren pasarteak irakurriz. Ekitaldia zuzenean ilus daiteke ETBren webgunean.
2008/06/19
Eusko Jaurlaritzak IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak ezagutzera eman zituen atzo Donostian eginiko aurkezpenean. Emaitza horiek aztertuz zera ondorioztatu daiteke, ‘euskararen indarberritze prozesua asko sendotu dela Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) eta astiroago Nafarroan', azaldu zuen aurkezpenean Patxi Baztarrikan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordeak. ‘Iparralden, aldiz, hiztun kopuruak behera egiten jarraitzen du, baina joera aldatzen ari da, eta belaunaldi gazteei esker euskararentzako aukera berriak sortzen ari dira'.
2008/06/19
EuskoMovie 2008 laburmetrai lehiaketa mundu osoko zinemazaleei zuzendua dago --Diaspora barne noski--, adin mugarik gabe. EuskoSarek antolatu du ekimena, Euskadiko Filmategia eta Eusko Ikaskuntzako Zinematografia Sailaren laguntzarekin. Euskal tematika ardatz hartuta, partaideek sakelekoa, argazki edo bideo kamerarekin eginiko laburmetraiak --gehienez bost-- aurkeztu ahal izango dituzte. Lanak aurkezteko epea uztailaren 20an itxiko da. Hiru kategorietako irabazleen artean 1.200 euro banatuko dituzte saritan.
2008/06/19
Mallorkako Artea Euskal Etxeak hilabete aktiboa izaten ari da eta ekaina tenore onean bukatu asmoz hainbat ekitaldi antolatu ditu azken hamabostaldi honetarako ere. Bihar 'Observatori Astronomic de Mallorca'-ra bisita egingo du eta partaideek udako konstelazioei buruzko hitzaldiak entzun ahal izango dituzte, San Juan gauerako prestatzeko asmoz. Etzi gaztetxoek haur festa batekin gozatu ahal izango dute euskal etxearen egoitzan eta hilaren 28an Arteako bazkideak Sollerrera abiatuko dira bertako ondare hidraulikoa ezagutzeko. Ekaineko jarduerei bukaera emanez, hilaren 29an elkarteko II. Igel Txapelketa egingo dute.
2008/06/18
AusArt Records disketxe euskaldunak ingelesezko webgune bat aurkeztu du, euskal musikagileen lana hizkuntza horretako hiztunei ezagutarazteko asmoz. Hemendik aurrera munduko musikazaleek --eta oso bereziki AEBetako eta Australiako euskal diasporako kideek-- Aita Donostia, Jesus Guridi, Aita Madina edo Andrés Isasi bezalako egileen lana ezagutzeko bide berri bat izango dute. AusArt konpainia 1994an jaio zen eta hasieratik hiru helburu argi izan ditu: euskal musika klasikoa munduan zehar ezagutarazi, euskal artistentzako plataforma bihurtu eta arrazoi historikoak direla medio galdutako edo ahazturiko antzinako grabazioak errekuperatu eta aurkeztea. Eginahal horretan disketxeak dagoeneko 140 lan argitaratu ditu eta internet bidez eskuratu daitezke.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus