euskal diaspora eta kultura

2008/07/01
Trikizio taldeak marka duen euskal musika tradizional eta rockaren arteko fusioa eramango du aurtengo udazkenean AEBetara, euskal etxeetan egingo duten biraren bidez. Taldeak Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza lortu du horretarako eta urriaren 16tik 27ra egingo du bidaia. Momentuz Elko, Boise eta San Frantziskoko euskal etxeekin hitz egin dute, baina taldekideek gogoa agertu dute euskal elkarte gehiagotan kontzertuak antolatzeko. Taldeak harreman estua du Diasporarekin. Bartzelonako eta Suitzako euskal etxeetan kontzertuak eman ditu eta bere kideak arituak dira dagoeneko Estatu Batuetako zenbait euskal etxetan ere.
2008/07/01
Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxeak San Juan Gauaren magia ospatu eta neguko Solstizioari harrera (Ipar Hemisferioan udako Solstizioa da) egin zion. Plaza Nagusian hasi eta Guernica Plazan eta euskal elkartean amaitzen zen ibilaldi batekin hasiera eman zitzaion jardunaldiari. Bidean dantzariek euskal dantzak eskaini zituzten eta kamioneta batetik euskal musika zabaldu zuten hiritar guztiei ekitaldian parte hartzeko gonbidapena luzatuz. Euskal Etxeko aretoan zenbait ikuskizun antolatu ondoren, partaideek 'San Juango Euskalduna' --bertako euskal komunitateko lagunek egindako panpin erraldoia-- sutzarretan erre zuten.
2008/07/01
Mexikoko Euskal Etxeak lehen 'Pintxo Eguna' ospatu zuen iragan larunbatean eta elkarteko kideek antolatutako lehiaketan Trinidad de la Ordenek eta Mari Carmen Arrecheak osatutako bikotea izan zen irabazle. 'Ipar-Sur' izeneko pintxoa aurkeztu zuten, euskal eta andaluziar kulturak nahasten zituen mokautxoa. Bigarren saria Arantxa eta Miguel Larregui anai-arrebek egindako 'Hogazita' pintxoak jaso zuen, eta hirugarren tokia Jorge Robles eta Luis Miguel Zugarramurdiren 'Fusion' pintxoarentzat izan zen.
2008/07/01
Argentinako 2008ko Euskal Aste Nazionala La Platan izango da, Buenos Aires probintziako hiriburuan alegia. Hona deitu berriak diren eta sariak bertan emango diren lehiaketetako oinarriak. Datak hurreratzen joan ahala, Euskal Asteari buruzko xehetasun gehiago nahi duenak La Platako Euzko Etxea-ren webgunea kontsulta dezake (www.centrovasco.com). Oinarriak bertatik bidali dizkiguten hizkuntzan eta moduan bildu ditugu hona.2008/06/30
Bordeleko euskal komunitateak Fête de la Musique deritzon jaialdiaren bostgarren edizioan parte hartu zuen joan den ekainaren 21ean. Urtero legez jaia Euskal Etxetik gertu dagoen Eskualdunen Plazan egin zen eta euskal dantza eta musika ikuskizunak bildu zituen. Taulagainetik euskal etxeko Bestalariak abesbatza eta dantzari ttipien taldea, Pessaceko Bildu dantza taldea eta Peio Serbielle kantaria igaro ziren.
2008/06/30
Azken urteetan munduko euskal etxe asko internet erabiltzen hasi dira euren jarduerak eta elkarteei buruzko informazioa webguneen bidez aditzera emateko. Talde horretara gehitu den azkenetakoa Miamiko Euskal Etxea izan da. Elkarteak, Txoko-Alaiko egoitza ordaintzeko arazoak zirela-eta, bertako euskal komunitatearen azken berriei buruz informatzeko eta bazkideen arteko harremana mantentzeko web orrialdea sortu du. Tresna 'Dnewmedia' enpresak diseinatu du eta egilea euskal jatorria duen elkarteko bazkide ohia da.
2008/06/30
Leioako Ostalaritza Eskolako ikasketa zuzendari Jose Angel Iturbek egin du 'Cocinar a ciegas' liburua, Bizkaiko ONCEren (Espainiar Itsuen Erakunde Nazionala) babesarekin. Liburuaren helburua pertsona itsuei sukaldaritzan aritzeko aukera eskaintzea da. Helburu horrekin, labe tradizionalak eta lapikoak bezalako tresnak alde batera utzita, mikrouhina bihurtzen da erremintarik garrantzitsuena. Liburua braille sisteman, paperezko edizioan eta liburu-CDan eskuratu daiteke. Pertsona itsuek, sukaldaritzan ezagutza gutxi dutenek zein denboraz larri dabiltzanek marmitakoa eta beste ehun plater era erraz eta azkarrean prestatzen ikasiko dute liburu honekin.
2008/06/27
Nafar hiriburuko Aizaga Ganbera Abesbatza Erroman izango da uztailaren 3tik 7ra, italiar hiriburuan lau kontzertu eskaintzeko. Lehen emanaldiak datorren ostiral eta larunbatean izango dira, 'I Castelli Incanti' Nazioarteko Jaialdiaren bigarren edizioan. Hurrengo egunean taldekideek jaialdiaren itxiera ekitaldian parte hartuko dute, hainbat herrialdetatik etorritako taldeekin batera kontzertua eskainiz. San Fermin egunean, uztailaren 7an, abesbatzak Vatikanoko San Pedroko mezan kantatuko du eta gauean kantariak Iruñeko patroiaren eguna Erromako euskaldunekin afari bat eginez ospatuko dute.
2008/06/27
Jose Alcayaga gazte Euskal Herrian euskara ikasten aritu da azken hilabetean, USAC (University Studies Abroad Consortium) ikasle truke programaren bidez. Donostian eman dituen aste hauetan lehen aldiz euskal senitartekoak aurkitu ahal izan ditu, Baionan eta Zaldibian. Gipuzkoar herrian bizi den Mari Sol Alcayaga lehengusina, gainera, Hondarribian jatorria duen abizenari buruzko liburu batean lanean dabil. Josek senitarteko berriak bere interneteko posta zerrendara gehitu ditu: 'Alcayaga' abizena duten 200 lagun ingururen bilgunea, Txile, Argentina, Estatu Batuak eta Filipinetako senitartekoekin.
2008/06/27
General Rodriguezeko Eusko Aterpeak abian duen 'Palabras Mayores' zikloak topaketa berria eskaini zuen hilaren 14ean eta Angel Conema argazkilaria izan zen mintzaldiaren protagonista. Topaketa hauek herriko pertsona adinduei euren bizitza eta lan esperientzia azaltzeko aukera ematen diete. Bere mintzaldian Conemak 50 urteko ibilbide profesionaleko etapa ezberdinetan ateratako argazkiak aurkeztu zituen: paisaiak, emaztegaiak, airez ateratako herriko argazkiak...
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus