euskal diaspora eta kultura

2008/07/15
Gauerdiarekin batera iruindarrek 2008ko Sanferminen bukaera aldarrikatu dute, penaturik eta 'pobre de mi' kanta ezaguna abestuz. Jai gogoarekin gelditu direnentzako kontsolamendu bakarra datorren urteko jaietarako denbora gutxiago falta dela pentsatzea izango da, baina euskal Diasporatik oraindik ere nazioartean ezagunak egin diren jai hauen irudiak eta ekitaldien lekukotasunak heltzen zaizkugu. Argentinan, adibidez, asko izan dira jaiarekin bat egin duten euskal etxeak.
2008/07/15
Argentinak Uztailaren 9a (Independentziaren Eguna) ospatu zuen iragan asteazkenean. Chacoko Kotoiaren Lurra Euskal Etxeak eta San Luis probintziako Villa Mercedeseko Euskal Etxeak bakoitzak bere herrian egiten ziren desfileetan aprte hartu zuten, egun berezi hau ospatzeko. Resistenciako elkarteak bazkideekin eta antzerki taldeko kideekin batera egin zuen festa eta villamercedestarrek aldiz, 'Scout 998-Alfa y Omega' taldea alboan zutele parte hartu zuten probintziako eta herriko arduradunen aurrean egin zen ekitaldian.
2008/07/15
Filipinetako hiriburuko 'Manila Standard Today' hedabideak berri kezkagarria kaleratu zuen hilaren 10ean. Eusko Basque frontoi bat eraikitzen ari da Santa Ana herrian eta albisteak aipatzen zuenez, lanek atzerapena edukiko lukete ustez gobernu filipinarrak bere lurren zati txiki bat eskatu duelako. Euskal enpresa pilotazaleko Aitor Totorikaguena zuzendariak aipatzen duenez, 'arazo hau ez da oztopo bat guretzat'. Are gehiago, 'frontoiaren eraikuntza epe barruan dago'.
2008/07/14
Jon Bagues, Eresbil Musikaren Euskal Artxibo Nazionaleko zuzendari eta AIBM Musika Liburutegien Nazioarteko Elkarteko lehendakariordea, Argentinan aritu da azken aste hauetan ikastaroak, hitzaldiak eta bilerak eginez. La Platako Euzko Etxean eta Unibertsitate Nazionalean (UNLP) eta Buenos Aireseko Eusketxe Eusko Kultur Etxean euskal artxiboei buruz aritu da eta euskal elkarte horietako ikusleen artean gaiak sortu duen jakinminak asko harritu duela azpimarratu du hizlariak.
2008/07/14
Aurtengo Eako Poesia Egunen edizio berria hilaren 19an eta 20an egingo dira Bizkaiko kostaldeko herri horretan. 'Herrijari emon arnasa' elkarteak antolatutako kultur jardunaldiak Gabriel Aresti poetaren omenez egiten dira, mahai-inguru, olerki errezitaldi eta beste zenbait ekitaldiren bidez literatura kalera atera asmoz. Edizio honetan poesiari buruzko mahainguruak eta Salvador Puig Antichen omenezko filma eskainiko dira, beste zenbait gairen artean.
2008/07/14
Erdi zezen eta erdi goitibera, horrelakoxeak ziren Seattle-go euskaldunek joan den uztailaren 7an hiri estatubatuarreko kaleetara atera zituzten zezenak, San Ferminetako entzierroa egiteko. Carolin eta Joseba Jiménez, Harvest Vine eta Txori Bar euskal jatetxeen jabeak, izan ziren jaiaren antolatzaileak eta lagun asko bildu ziren euren deialdira zuri eta gorriz jantzita besta alai honetan parte hartzeko. Ekimenean Puget Sound Blood Center izeneko zentroarentzako dirua bildu zuten.
2008/07/11
2008/07/11
Gernikako urriko azken asteleheneko azoka, Bilbo, Donostia, Lapurdiko kostaldea, eta baita Madril eta Bartzelona hiriak dira Anita Anacabek urrian gidatuko duen bidaian parte hartzen dutenek ezagutu ahal izango dituzten lekuetako batzuk. Bidaia Educational Tours agentzia estatubatuarrarekin batera antolatua da eta ikasle eta helduei eskaintzen zaien kultur esperientzia bikaina da. Bidaia urriaren 21etik 30era izango da , Salt Lake City (Utah) hiritik irtenda, baina nahi duenak bere kabuz egin dezake bidaia, taldearekin Madrilen bat eginez. Zenbat eta partaide gehiago prezioa merkeagoa izango da, baina horretarako izena emateko epea abuztuaren 31an itxiko da.
2008/07/10
Akitania probintzian dagoen Berenx izeneko herria izango da datorren abuztuaren 18an Iparralde eta Frantziako genealogistek egingo duten bilkuraren egoitza. Hitzordu honetan, gainera, euskal Diasporako hainbat kide ere izango dira, urtetan internet bidez eginiko ikerketetan aurkitutako familiak eta sorterriak ezagutu nahian. Bilkura informazioa trukatu eta sarean ikerketak egiteko laguntza eskaini dieten ikerlariak ezagutzeko aukera aparta izango da. Genealogian interesa duen orori egiten diote parte hartzeko gonbitea antolatzaileek; izena emateko epea irekita dago.
2008/07/10
Euskal Herrian eta Diasporan ere ospe handia duen Juan Mari Arzak sukaldariak jasoko du Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Kutxak ematen duten Euskal Herritar Unibertsalaren saria. Hamasei hautagairen artean donostiarra izan da bozkatuena, besteak beste, bere lanaren bidez Euskal Herriari buruzko irudi positiboa eskaintzen duelako atzerrian. Horrela, donostiarra Ainhoa Arteta soprano tolosarra, Pedro Migel Etxenike zientzilaria eta Bilboko Guggenheim Museoa bezalako saridunen zerrendan sartu da. Dononstiako jatetxea zuzentzeaz gain, Mexikoko Tezka jatetxeetan bere zigilua jarri eta aholkulari gisa dabilen sukaldariak datorren urriaren 7an jasoko du saria Gasteizen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus