euskal diaspora eta kultura

2007/03/30
Pampa probintzian kokaturiko Macachin hiria bertako Mugica familiak antolatu duen lehendabiziko elgarreratzearen lekuko izan zen, joan den martxoaren 10ean. Bergarako Jose Mugica eta Francisca Garitano euskaldunen ondorengoak dira Mugica famili honetako kideak eta bost belaunaldi biltzea lortu zuten topaketan. Bileran gainera La Florida izena duen arrantxua erosi zuteneko mendeurrena ospatzeko aukera izan dute, are gehiago etxeak oraindik familiaren eskutan jarraitzen duela kontuan izanda. Bergarako Usati baserritik sortutako familia zabal honen Argentinako oinetxea bilakatu da La Florida.
2007/03/30
Barkatu eragozpenak.2007/03/29
Atzean utzi dute Peruko Euskaletxekoek --honela idazten dute euskal-peruarrek euren elkartearen izena-- orain artean euren buruaren interneteko erakuslehio izan duten behin-behineko orrialde estatiko zaharra. Urrats berriak behar bezalako sarrera ematen die munduko euskal etxe webgunedunen artera. Egia esan, merezi zuen halako zerbait munduko euskal komunitateetan seguruenik historia antolatu zaharrena daukan Limakoak, bertakoa baita 1613an ofizialdutako araudia eta guzti jardun zuen Arantzazuko Amaren Anaiartea, Peruko hiriburuko euskaldunak biltzen zituena eta Euskal Herritik kanpoko munduko euskal elkarterik zaharrena izan daitekeena. Ez da marka txarra XVII. mendeko historia zaharra XXI mendeko tresnez ezagutarazi eta gisa horretan kateari segida ematea.
2007/03/29
Euskal Herrian emigrazioaren historia jasoko duen zentru baten beharrean sinetsita, eta munduko Euskal Etxeek hala eskaturik, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak Emigrazioaren Euskal Museo bat egiteko proiektua jarri du abian. Egitasmoak 30.000 euroko aurrekontua dauka momentuz, datorren legealdian proiektuan sakontzeko. Dagoeneko Europa eta Ameriketako gisa honetako museoak bisitatu dituzte, euskal museorako ideiak jasotzeko. Euskal Etxeak aldizkariaren azken aleak museo hauetan zehar bidaia proposatzen digu, tartean Boiseko Basque Museum edo 'Euskal Aztarna Argentinan' erakusketari bisita eginez.
2007/03/29
Eusko Kultur Etxeak 2006an egindako lana jasotzen duen memoria plazaratu du. Buenos Aires-eko elkarteak euskal kultura zabaltzeko egin dituen lanen inguruko balorazio baikorra eginez itxi du egoitza berrira egokitzeak markatu duen iragan urtea. Ikastaroek eta hitzaldiek bete dute erakundearen egitarauaren tarte nagusia; txostenaren egileek Eusketxe Arte Galeria berriz ere abiarazte azpimarratu nahi izan dute.
2007/03/28
Edizio bakoitzean gero eta leku gehiagotara heltzen da Korrika, munduan zehar sakabanatuta dauden euskaltzale eta euskal etxeen lanari esker. Oraingoan Txinaren txanda izan da eta bertako Beijing hiriburuan bildu da euskaldun eta txinatar talde bat lasterketari hasiera emateko prest. Ondotik Shenzen hirian egingo du bigarren eguna Korrika TX1ek eta larunbatean Shanghain bukatuko da. Bertako Euskal Etxeko kideek hirian zehar ibilbidea egin eta bazkaria egingo dute, KorrikaJaia deitu duten ekitaldian.
2007/03/28
Korrika Madrileraino heldu zen asteburuan, Madrileko Euskal Etxeak antolatutako ekitaldiarekin. 150 bat lagun bildu ziren bertan: Euskal Etxeko ikasle, guraso, haur eta irakasleak eta baita Madrileko Hizkuntza Eskolako eta Universidad Complutenseko hainbat ikasle-irakasle ere. Eguraldi ezinhobeak agurtu zuen euskararen aldeko lasterketa Madrileko kaleetatik zehar eta ibilbidean Diputatuen Kongresuaren paretik pasatzean 'Lehoiak ere Korrikaren alde!' oihua izan zen nagusi.
2007/03/28
Erakundearen araudiak dioenari segituz, Buenos Aires probintzia argentinarreko José C. Paz herriko 'Toki Eder' Euskal Etxeak bere Zuzendaritza Batzordeko kideak berritzeko pausoak eman ditu, eta epe berri baterako agintariak hautatu. Euskal Etxeak berak plazaratu duen idazki batean azaltzen duenez, Horacio Marotto Etxezahar izango da aurrerantzean 'Toki Eder'eko lehendakari, María Angeles Oñederra idazkari eta César Carlos Mohr diruzain, beste zenbait kargu berrituren artean.
2007/03/28
Coloradoko Grand Junctioneko euskaldunen artean aski ezaguna zen Jean Pierre Doyhenard lapurtarra urtarrilaren 23an hil zen estatu horretako prentsak aste honetan jaso duenez. Doyhenard-ek berrogeita hamar urte baino gehiago eman zituen Estatu Batuetan, horietatik asko euskal komunitateko eragile aktiboa izanik. Uztaritzen jaioa, Doyhenardek Grand Junctioneko Urrutia frontoia salbatzeko kanpainan lan handia egin zuen. Egun frontoia Grand Junctioneko udalaren parke sarean sartuta dago.
2007/03/28
Euskaltzaindiak berritu egin du bere Euskera agerkariaren edukiak internet bidez eskuratzeko aukera ematen duen kontsultarako trenza. Hemendiak aurrera Euskaltzaindiako arduradunak aldizkariaren edukiak erabiltzaileentzako eskuragarriago egotea espero dute. Euskaltzaindiaren Euskera agerkari ofizialaren lehenengo alea 1919an argitaratu zen eta bertan hainbat egileren idatziak eta txosten akademikoak jasotzen ditu. Erabiltzaileen eskariei erantzuna emanez eta Euskera agerkariak orian arte izandako bereiztasunak kontuan hartuz bilaketa trenza berria garatu dute Euskaltzaindiako arduradunel. Azkue Liburutegiak orain arte katalogatutako 407 agiri kontsultatu eta eskuratu daitezke agerkariaren bilatzailea erabiliz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus