euskal diaspora eta kultura

2015/06/30
Urtero bezala, etxeko kide eta lagunak bildu ziren Iparraldeko Euskal Etxean San Juan Gaua eta Ipar Hemisferioko udako solstizioa ospatzeko. 'Sorgin Afaria' topaketan, menu ederra dastatu eta jolasak ere egin zituzten bildutakoek. Sorgin Txapelketa ere antolatu zuten eta irabazlea Eva Turun Barrere izan zen. Ekitaldi honen berri ematearekin batera, Iparraldeko Euskal Etxeak ostegun honetan Augusto Bedacarratz itsas pilotoak eskainiko duen hitzaldira gonbidatzen du.
2015/06/29
Uztailaren 10ean, Vancouver-eko (Kanada) Propaganda Coffee-k itxura aldatu eta Euskal Herriko edozein taberna emango du barra pintxoz, txakolinaz eta sagardoz beteta. Jefferson Alvarez sukaldariaren eta Txotx Basque Imports enpresa kanadarraren arteko elkarlana izango da hirira “euskal zaporeak ekartzea”. “Sukaldari legez, zapore berrietara ohitu behar dut jendea”, esan dio Álvarez-ek EuskalKultura.com-i. “Ilusio handiz gaude”, gehitu du Txotx Basque Imports-eko zuzendari Kelly Chomat-ek.
2015/06/29
Udako Ikastaroen barne egingo da, aurten ere, "Excellence in Basque Studies" ikastaroa, Etxepare Euskal Institutuak sustatuta. Ikastaroaren helburua zera da, Etxeparek nazioarteko hainbat unibertsitatetan dituen euskal irakurleak --edo irakurle izan nahi dutenak-- trebatzea. Ikastaroa uztailaren 8tik 10era egingo da Donostian, eta Etxeparek bertan parte hartu nahi dutenei bekak eskaintzen dizkie.
2015/06/29
Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxea babesle, lau hiri bisitatu ditu Pascual Barturen musikari bizkaitarrak 2015eko bere bira argentinar honetan, leku bakoitzeko eliza nagusietan errezitalak eskainiz. Tokian tokiko euskal gizataldeek, emanaldiak antolatzeaz gain, apaiz euskaldunarekin elkartzeko aukera ere izan dute. Kontzertuok ateak zabalik izan dituzte organo musika zale guztientzat eta harrera eta oihartzun polita lortu dute.
2015/06/26
Datorren astean ailegatuko dira. Hirugarrenez hartuko du parte Nevadako (AEB) Elko Indar nesken futbol taldeak Donosti Cup nazioarteko txapelketan. Eta hirugarrenez ere izango da klubeko presidente Ramon Zugazaga gernikarra bidaiako burua. “Ez dakit irabazi ahalko dugun baina ondo jokatuko dugula badakit”, esan dio EuskalKultura.com-i. Elko, euskal eragin handiko herria da Estatu Batuetan, eta izan ere datorren astean, Indar-koak hemen direla, ospatuko ditu herriak bere euskal jai entzutetsuak.
2015/06/26
Azken bolada honetako berri batzuk irritsi zaizkigu Chivilcoytik, tartean euskal etxeak gauzatuko duen liburuaren proiektuarena eta ‘Gernikako Arbola’ izeneko literatura lehiaketarena. Horretaz gain, Beti Aurrera-koek jakinarazten dute Facebook kontua berria ireki behar izan dutela, komunitate birtualarekin kontaktuan izateko.
2015/06/25
Habanako "Asociación Vasco Navarra de Beneficencia" elkarteak -Kubako Euskal Etxeak, alegia- bere sorreraren 138. urteurrena ospatuko du datorren uztailaren 12an. Elkartean festa handi bat ari dira prestatzen egun horretarako, Habanako Rumbaren Jauregian. Ekitaldian elkarteko Ohorezko Bazkide izendatuko dute William C. Douglass (Center for Basque Studies, Reno) antropologo eta euskaltzale ipar-amerikarra. Horrez gain, kontzertuak, repentistak eta bazkide eta lagunentzako bazkaria ere egongo dira.
2015/06/25
Etorri berria da Kuba, Mexiko eta Estatu Batuetatik eta, Madril eta Bartzelonatik pasatu ostean, aste gutxi barru abiatuko da berriz ere euskara eskolak koordinatzera Argentinara. Jose Francisco Zinkunegi --Kinku gehienek ezagutzen duten bezala-- HABEren Euskara Munduan programako koordinatzailea da eta, beraz, bere ardura dira munduko euskal etxeetan ematen diren euskara eskolak.
2015/06/25
Bidaiaren helburu nagusia ICANN korporazioak antolatutako kongresu batean parte hartzea izan badu ere, PuntuEus egitasmoaren zuzendari Josu Waliñok Argentinako hiriburuko euskal gizataldeko lagunekin elkartzeko aukera ere izan du egunotan. Euskalkultura.com-ekin izandako elkarrizketan, ‘.eus’ domeinua Diasporan ere zabaltzearen garrantzia gailendu du zumaiar informatikariak.
2015/06/24
Aurten 40 urte betetzen ditu Jon Bilbao eta William Douglassen "Amerikanuak. Basques in the New World" liburuak. Euskaldunen historia Amerikan jasotzen du lan honek. Urteurrena dela eta, Renoko Center for Basque Studies-ek eta beste zenbait unibertsitatek "1975 - The Year of Amerikanuak -2015. Basque Studies in a Global World" egitasmoa jarri dute abian.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus