euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lekurik ez da geratzen Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak EEak antolatutako Urdaiazpiko Jairako

2013/10/18

Urdaiazpiko Jaiaren V. edizioko afixa Ospakizuna bihar da, urriaren 19an, Argentinako Trenque Lauquen hirian. Urtero bezala, asmoa lagun arteko momentu goxoak pasatzea da, kalitate handiko janariaz eta aldi berean euskal folkloreaz disfrutatuz. Urdaiazpikoaren Jaia Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxearen ekimena da eta aurten, Jaiaren bosgarren edizioaren baitan, 'probintziaren interesekoa' izan da izendatua. Antolatzeko helburua herri mailan euskal festa handi bat finkatzea izan zen eta komunitatearen erantzunari begira, helburua ederki bete dela esan daiteke.

Gehiago irakurri...


NYeko Eusko Etxearen Mendeurrena: kabalkadan, 5. Hiribidean zehar, argazki kronika (II)

2013/10/17

Zahar eta gazte, dantzari, kantari, euskal etxe eta ordezkari, eta baita familia osoak ere kolorez eta bizitasunez bustu zuten kabalkadako euskal partaidetza (argazkia EuskalKultura.com) New Yorkeko Eusko Etxearen Mendeurrenaz hasia dugun argazki-kronikarekin jarraituz, joan den astelehenean, urriaren 14an, Bosgarren Hiribidean zehar euskaldunak partaide egin zen kabalkadari buruzko bigarren partearekin gatoz. Euskal zatiko partaide izan ziren: NYeko euskal etxeko kideak, Eusko Jaurlaritza, NABOko kideak, beste zenbait lekutatik etorritako euskaldunak --hala nola Quebec, Uruguai eta Paris-- eta Euskal Herrikoak, baita dantzari, musikari eta kantariak ere, ozeanoz bi aldeetakoak. Taldea St Patrick katedral aurretik igarotakoan, Josu Iriondo apezpikua atera zitzaien errezibitzera, Timothy Dolan hiriko kardinalarekin. Horren eta guztiaren irudiak, jarraian.

Gehiago irakurri...


Zinea, San Antolinak eta gehiago Caracaseko "Jazoera" berri buletinaren urriko alean

2013/10/17

Imanol Zubizarreta Eusko Etxeko kidea, Valdiviako Zinemaldian (Txile) hitzaldia ematen, Avid Technology enpresaren ordezkari (argazkia Jazoera) Caracaseko Eusko Etxeak lanean darrai, jo eta su, eta Jazoera albistari digitalaren bidez elkartean egin diren ekitaldien berri zabaldu du. Urriko ale honetan irailean zehar egin ziren ekitaldiak jaso ditu buletinak, esaterako San Antolin eguneko ospakizunak. Zineak ere tartea du oraingo honetan, Imanol Zubizarreta bazkideak Valdiaviako Zinemaldian (Txilen) eman zuen hitzaldiarekin eta Donostian saria jaso zuen "Pelo Malo" filmarekin. Horrez gain, azaroan Andoni Ortuzar EAJko EBBeko presidenteak Eusko Etxean emango duen mintzaldia ere iragarri du.

Gehiago irakurri...


La Plata eta Pringleseko ordezkariak nagusi, 'Zelai eta itsasoaren arteko' festako Mus eta Tortilla txapelketetan

2013/10/17

'Zelai eta itsasoaren arteko' Euskal Sukaldaritza Festa Tres Arroyoseko Hiru Erreka eta 'Pampa Vasca' elkarteen ekimena izan da, Buenos Aires hiritik bostehun kilometro hego-mendebaldera (argazkiaEE) Hiru Erreka Euskal Etxea eta 'Pampa Vasca' Landa Turismo elkartea antolatzaile, 400 bat lagun bildu ziren San Francisco de Bellocq herri argentinarrean 'Zelai eta itsasoaren arteko' izeneko I. Euskal Sukaldaritza Festan. Proposamenak Buenos Aires probintziako zelaietako paisaiak eta euskal kulturaren adierazpen tipikoak batzeko helburua izan du, eta hori dela eta ekintza nagusiak zaldi-ibilbideak eta Mus Txapelketa eta Tortilla Lehiaketa izan ziren. Hiru Erreka euskal etxeak esker beroak adierazi nahi dizkie partaideei, bereziki Cnel. Pringles eta La Platako euskal etxeetako ordezkariei.

Gehiago irakurri...


Atlantikoaren bi aldetako Lizarzaburutarrak lehen aldiz bilduko dira sendiaren oinetxe izan zen baserrian, Lizartzan

2013/10/16

Baserria ikusten izan ziren berriki Euskal Herriko María Lizarzaburu, Patricia Lizarzaburu, Jon Tolosa eta (beltzez) Patxi Goenaga Lizarzaburu, topaketaren antolakuntzan parte hartzen senitartekoa (argazkia F. Lizarzaburu)

Lizarzaburu familiak kide asko ditu Ameriketan, gehienak Peru, Ecuador, AEB, Brasil eta Mexiko artean sakabanatuta. Halarik ere, azken urteotan teknologia berriak baliatuz elkartu egin dira eta Lizartza Klan izeneko taldea sortu dute sarean. Orain, Euskal Herriko senitartekoak ere bildu dituzte bertara eta topaketa handia ari dira prestatzen 2014rako: aurreneko aldiz, familiaren sorburu izan zen baserria bisitatuko dute elkarrekin, Gipuzkoako Lizartza herrian. Han hasi zen familiaren historia XVI. mendean; aurki, etxean bueltan izango dira munduko Lizarzaburutarrak.

Gehiago irakurri...


NYeko Eusko Etxearen Mendeurrena: kabalkadan, 5. Hiribidean zehar, argazki kronika (I)

2013/10/16

Euskal partaidetzaren buruan joan zen pankarta, bertan Iker Goñi (EENY), Asier Vallejo (Eusko Jaurlaritza), Itziar Albisu Kobayashi (EENY), Marijose Sorrondegi, Eusko Etxeko lehendakari Aitzol Azurtza eta Alaitz Goñi daudela (argazkia EuskalKultura.com) Mendeurreneko ospakizun ekitaldiek berez iragan igandean izan zuten gailurra, Manhattanen eginiko Galarekin eta, beraz, astelehenekoa, 'bonus' bat zen, New Yorkeko Euskal Etxearen 100 urteak, kalean eta agerian Etxeorratzen Hiriko jendearekin partekatzea, euskaldunen poza hirian tradizio handikoa den desfile honetara ekarriz, euskal musika, dantzariak, txistulariak, trikitixaren doinuak eta euskal kantua AEBetako banderaren eta ikurrinaren kolorez jantziz eta aireratuz. Joan den astearen errepasoa egin aurretik, asteleheneko kabalkadaren argazki-kronika prestatu du jarraian EuskalKultura.com-ek.

Gehiago irakurri...


Euskaldunak Denak Bat-eko 'Iruki Alaiak' koruak Tandilgo Abesbatzen Topaketan hartu du parte lehen aldiz

2013/10/16

'Iruki Alaiak' korua joan den astean burututako Abesbatzen Topaketan, Tandilgo Gure Etxea-n (argazkiaEE) Mugimendu handiko hilabetea da hau Arrecifeseko euskal etxe argentinarreko lagunentzat eta ez soilik hirian bertan egiten ari diren aktibitateengatik. Izan ere, azken aste hauetan Tandilen, Buenos Aires probintziako Salton eta Llavallolen izan ziren arrescifestarrak: Tandilen, bertako 'Gure Abestiak' abesbatzak antolatutako Topaketan emanaldi bat eskaintzeko; Salton, herriko Gizataldeen Jaian stand bat muntatzeko; eta Llavallolen, Umeen Topaketan parte hartzeko. Ekintza hauez gain, eta Euskal Astera joateko dirua biltzeko asmoz, ‘Chancho movil’ bat prestatu zuten euskal etxeko dantzariek, helduek lagundurik.

Gehiago irakurri...


Mende erdia familiaren eskuetan egon eta gero, Sparks-eko Nugget kasinoa saldu egin dute Ascuagatarrek

2013/10/15

John Ascuaga, Nugget kasinoko orain arteko jabea, kasinoaren barnean dagoen Orozko jatetxearen margo bat erakusten (argazkia EuskalKultura.com) John Ascuaga euskal amerikarrak eta bere familiak Sparks-eko Nugget kasinoa saldu egin dute, 58 urte luzez sendiaren zuzendaritzapean izan ostean. Epe horretan, kasinoa hiriko ekonomiaren motore bihurtu da eta eraikinaren 29 solairudun bi dorreak Sparks-eko irudi ezagunenetako bat bilakatu dira. Orain, beste zenbait kasino kudeatzen dituen enpresa baten esku geldituko da Nugget-a; sendiaren esanetan, hori baita kasinoaren etorkizuna ziurtatzeko bidea. John Ascuaga eta haren familia Sparks-eko kide oso ezagunak eta maitatuak dira, gizarte arloan oso aktiboak izan baitira. Reno Gazette Journal (RGJ) egunkariak plazaratu duen artikulutik ekarri dugu berria.

Gehiago irakurri...


Hiriko euskal ondarea ezagutarazteko Argazki Lehiaketa antolatu du Coronel Pringleseko Eusko Biltzar EEak

2013/10/15

Coronel Pringleseko Euskal Etxearen logoa Lehiaketak bi kategoria izango ditu, Argazki Zaharrak eta Berriak, eta irudiak Coronel Pringles hirian edota inguruan ateratakoak behar dute izan. Lanak bidaltzeko epea azaroaren 15ean bukatuko da eta irabazleen izenak abenduaren 3an ezagutaraziko dira, Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunean. Beste alde batetik, Pringleseko euskal etxeak, irailean izandako bisitaren berri ere konpartitu nahi du. Irailaren 21ean eta lehendabiziko aldiz, FEVAko agintariak Eusko Biltzarren egoitzan elkartu ziren, Federazioaren zuzendaritza nazionalaren hileroko bilera burutzeko.

Gehiago irakurri...


Datorren astean 2013ko 'Balda' eta 'del Río' Xare Txapelketak jokatuko dira Buenos Airesen eta La Platan

2013/10/15

Txapelketaren afixa Urteak antolatu gabe egon eta gero, datorren astean, urriaren 21etik 25era, gazteentzako (22) 'Basilio Balda' eta Lehenengo Kategoriako 'Vicente del Río' Xare Txapelketak burutuko dira Argentinan. Kirol ekitaldia Buenos Aireseko Laurak Bat eta Gure Echea, eta La Platako Euzko Etxea elkarteek antolatu dute eta Argentinako Pilota Federazioaren eta Pilota Federazio Metropolitarraren babesa du. Europa eta Hego Amerikako 25 klubeko ordezkari biltzeaz gain, lehiaketaren baitan Euskal Pilota hobeto ezagutzeko ekintzen programa oparo bat ere burutuko da.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia