euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Argentinar Astea 2013: euskal ospakizun asteburu trinkoa bukatuta, argazkiak (I)

2013/11/11

Igande eguerdian, 1.250 pertsona bildu zirtuen bazkari herrikoi batek ekarri zion amaiera ofiziala 2013ko Argentinako Euskal Aste Nazionalari, Villa Marian (argazkia EuskalKultura.com) Ostiralean idatzi eta argitaratu genuen aurten 2013ko Euskal Argentinar Aste Nazionalaren egoitza izan den Villa Mariatik, Cordoba probintzian, bidalitako lehenengo kronika. Atzo igandea, programaren azkeneko ekintza izan zen Senidetasun Bazkaria, Argentina osotik eta ondoko herrialdeetatik bildu zituen bere 1250 partaideekin, bukatu ondoren, lekukotasunen hurrengo zatiari ekingo diogu gaur. Euskal Astearen irudi-kronika (I).

Gehiago irakurri...


Jon Kortazar euskal literaturaz ariko da asteon Veneziako Ca'Foscari unibertsitatean

2013/11/11

Veneziako Ca'Foscari unibertsitatean datozen asteotan egingo diren kultur jardunaldien afitxa Veneziako Ca'Foscari unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurletzak azaroan zehar egingo diren kultur jardunaldiak antolatu ditu, "Hiru.3.Tre" izenburuarekin. Bihar bertan abiatuko dira ekitaldiok, Jon Kortazar literatur kritikari eta EHUko katedradunarekin. Kortazarrek bi hitzaldi emango ditu Venezian: aurrena bihar, Bilbok euskal literaturan duen irudiari buruzkoa; eta bigarrena, etzi, euskal eleberria eta gerra zibilaren arteko harremana aztertuz. Azaroaren 29an osatuko dira jardunaldiak, Ilargi Olaiz Soto arte irakasleak emango duen hitzaldiarekin. Gaia, arte produkzioa Euskal Herrian.

Gehiago irakurri...


Hirurehun bat lagunek ospatu zuten Comodoro Rivadavian hiriko Euskal Etxea-ren 90. urteurrena

2013/11/11

Comodoro Rivadaviako Euskal Echeak bere 90. urtemuga ospatu du ia hirurehun bazkide eta lagun urrian bilduz (argazkiaEE) Chubut probintzia argentinarreko Comodoro Rivadaviako Euskal Echea elkartea bere 90. urtemugara iritsi da eta jai handi bat antolatu du data biribil hori ospatzeko. Dantzariak eta erakundean berrogeita hamar urte baino gehiago daramatzaten kideak izan ziren jaiko protagonistak. Izan ere, euskal etxeko adin guztietako dantzariak pasatu ziren tauletatik eta instituzioko kide helduenek diploma bana jaso zuten omenaldi gisa. Urtero bezala, jaiaren ondorengo astean, dantzariak eta batzordekideak euskal etxean bildu ziren honez geroz klasikoa bilakatu den baratxuri salda partekatzeko.

Gehiago irakurri...


Euskal poema antologia batek eman zion atzo bidea Villa Marian asteburu osoan ospatuko den Euskal Asteari

2013/11/08

'Abrazando esa tierra-Lurralde hori besarkatuz' du izena atzo Argentinako Villa Maria hirian, bertako euskal etxearen egoitzan aurkeztu zen euskal poesia antologiak (argazkia EuskalKultura.com) Villa Mariako Paco Urondo literatura taldeak prestatutako euskal poema antologia elebidunaren aurkezpenak modu berezi batez ipini zuen atzo Cordoba probintzia argentinarreko hiri honetan iganderaino ospatuko den Euskal Argentinar Aste Nazionala bere ekitaldi nagusiak abiatzeko puntuan. Gaur ostirala goizeko bederatzietatik aurrera OSDE aretoan egingo den Hego Ameriketako Euskal Gizataldeen Bilkurak ekitaldi askoko egitaraua abiatuko du, tartean erakusketak, hitzaldiak, dantza erakustaldiak, FEVA bilera, erromeriak, aurkezpenak, jokoak, danborrada, kalejirak eta abar. On egin! Datozen egunetan, argazki kronika.

Gehiago irakurri...


Pariseko Eskual Etxeak festa handia egingo du 15tik 23ra Saint Oueneko egoitzaren 10 urteak ospatzeko

2013/11/08

Igotz Ziarreta argazkilariak egin du Saint Ouengo egoitzaren 10. urteurreneko jaiaren afitxa Hamar urte egin ditu Pariseko Eskual Etxeak Saint Oueneko egoitzan eta pozik dira elkarteko kideak bertan duten giroarekin. Horrenbestez, festa handia antolatu dute egoitzaren hamargarren urteurrena ospatzeko. Ekitaldiak datorren ostiralean abiatuko dira, "Gartxot" animazioa filmaren emanaldiarekin. Ondotik, eta datorren azaroaren 23a bitartean, jarduera andana prestatu du elkarteak: ihauterietako mozorro lantegia, Berri Good taldearen kontzertua, "Gazta zati bat" dokumentala, Jon Maiaren bertso saioa eta Igotz Ziarreta argazkilariaren erakusketa, besteak beste.

Gehiago irakurri...


San Nicolaseko Sukaldariak-ek bere ekarri onena egin zion Juningo Arbola Bat-en 14. urteurrenari

2013/11/08

Artxiboko irudian, mahaiak prest Sukaldariak taldeak San Nicolasen, bere Etxe Nasaia programaren 10 urteurrena kari elikatu zituen mila haurretgik gora errezibitzeko (argazkia Maru Maiztegui) Sukalderako duten trebeziak, adierazi ohi duten jarrera baiezkorrarekin batera, euren fama harrotu du eta gero eta euskal etxe gehiagok eskatzen die lankidetza, hala nola Juningo Arbola Bat Euskal Etxeak joan den igandean, elkartearen egoitzaren 14. urteurrena ospatzeko San Nicolaseko Sukaldariak taldeko kideen laguntasuna galdegin baitzuen paella presta zezaten, emaitzak ohi bezala ongi satisfatu zituelarik sabelik aseezinenak.

Gehiago irakurri...


Euskal Kultur Egunak abiatuko dira gaur Hungarian, Szeged-eko euskara irakurletzak antolatuta

2013/11/07

Budapesten trikipoteoa egingo da bihar, Euskal Kultur Egunak jardunaldien baitan (argazkia Kulturtapas) Szeged hiriko unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurletzak "Baszk Kulturalis Napok" izeneko jardunaldiak egingo ditu gaur hasi eta larunbata bitartean. Egitarauak musika, dantza, zinea eta gastronomia uztartzen ditu eta bi hiritara zabalduko da: Budapest eta Szeged-era. Gaur euskal eta hungariar dantza plaza egingo da Szeged-en; ekitaldi irekia, nahi duenak parte har dezan. Bihar, Budapest-en, trikipoteoak eta euskal kulturari buruzko hitzaldiek giro ederra jarriko dute eta etzi "Gazta zati bat" dokumentalaren emanaldia egingo da Hungariako hiriburuan.

Gehiago irakurri...


Hirugarren urtez jarraian Paranako Urrundik EEa, 'José Echeverria' Xake Txapelketaren egoitza izan da

2013/11/07

'José Echeverria' Xake Txapelketa azaroaren 2an jokatu zen Urrundik euskal etxean (argazkiaEE) Lehiaketa arrakasta handiz burutu zen joan den asteburuan eta hiriko jokalariak ez ezik inguruko herrietakoak ere bildu zituen. Baina lehiaketetan irabazle bakarra baino ezin egon eta txapelduna, aurten, Crespo herriko Jeremias Martinez izan da. 'José Echeverria' Xake ekimena Paranako Urrundik euskal etxeak abiatu zuen 2011an eta bere hirugarren ediziora iritsi da aurten. Kari horretara, antolatzaileek eta Jose Jorge Echeverria zenaren senideek ekintzaren jarraipena bermatzeko konpromisoa hartu dute.

Gehiago irakurri...


Frantzia izan da garaile Puerto Varasen jokatu den Euskal Gizataldeen XXXVI. Mus Txapelketan

2013/11/06

2013 honetan Patagonia Txiletarrean, X. Erregioan, Lakuen Erregioa deitua den horretan kokatutako Puerto Varasen egin den nazioarteko mus txapelketan parte hartu duten muslariak (argazkia SantiagoEE) Sumendi, gailur elurtu eta mus partida artean, horrela iragan berri da Euskal Gizataldeen 2013ko Nazioarteko Mus Txapelketa. Patagonia txiletarreko Puerto Varas hiria izan da lehiaren gunea, Santiagoko Euzko Etxeak antolatutako egitarauari esker. Biziki gozatu zuten inguru hauen edertasunaz bertara bildu ziren jokalariek: 14 bikote guztira, 12 herrialdetakoak (Argentina, Australia, Canada, Espainia, Euskadi, Mexiko, Frantzia, Peru, Uruguai, AEB, Venezuela eta Txile. Azkenean, garailea Frantziako bikoa izan zen, Ramuntxo Ondart eta Thierry Olaizola, Bordeleko Eskual Etxeko kideak. Zorionak!

Gehiago irakurri...


Euskal proposamen artistiko eta gastronomikoak gailen, Barilocheko Gizataldeen Jaian

2013/11/06

Barilocheko Europar-Argentinar Gizataldeen Festa azaroaren 2 eta 3an eta 9 eta 19ean burutuko da aurten (argazkia Ignacio Ezquerra) Barilocheko Europar-Argentinar Gizataldeen Festa joan den asteburuan hasi eta datorrenean bukatuko da. 34. edizio hau, ohi bezala, Dina Huapi Klub Daniarraren instalazioetan ari da burutzen eta hiriko kolektibitate multzo polita biltzen du, bakoitza bere kultur adierazpen ikusgarrienen edo ezagunenen erakusle. Barilocheko Mendiko Euzko Etxeak jaso du aurten ere 2013ko jaialdian euskaldunak ordezkatzeko ardura, stand-etik zein eta tauletatik, bere sukaldari eta dantza taldeei esker, hurrenez hurren. “Oso ondo hasi da jaia eta halaxe segituko duelakoan gaude datorren asteburuan ere. Nobedade batzuekin, gainera, gure txoko gastronomikoan”, iragarri du euskal etxetik Hector Grañak.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia