NABOk web gunea berritu du, heldu den udarako ekintzak iragarriz
29/04/2003
PUBLICIDAD
NABOk zenbait berrikuntza egin ditu bere web gunean. Diseinu aldekoekin batera, informazio alorra indartu eta datorren udan garatuko dituzten ekintzak ere iragarri ditu...Web gunea berritu du NABOk (Ipar Ameriketako euskal elkarteen federazioak) joan den asteburuan, argiagoa eta kutsu informatibo handiagokoa utziz, aldi berean hizkien tamaina apalduz. Gure erredakziora igorritako ohar batean azpimarratu duenez, aurreko www.naboinc.com helbidea oraindik hilabete batzuetan indarrean egongo bada ere, www.basqueclubs.com da erakunde euskal amerikarrak indartu eta zabaldu nahi duen behin-betiko helbidea.
Web gunearen lehenengo orrialde berrian ikus daitekeenez, ezkerreko zutabe batek NABOren izaera, ezaugarri eta ekintzak zerrendatzen ditu, Euskal Herriari eta euskal iharduerei buruzko zenbait jakingarriekin batera, guztiak gisa klikagarrian. Zutabe horretanxe eta beherago biltzen dira NABO osatzen duten 35 elkarteak, bakoitza bere estekarekin, aurkitzeko lehen baino modu errazagoan beraz.
Berrikuntza da, baita ere, erdialdean zenbait gai eta berri aldagarriei eskaintzen zaien tokia, eskura oso. Hor atxeman daitezke, esaterako, aurtengo uztailean Nevadako Elkon egingo den NABOren Biltzar Nagusiaren berri, euskal kulturaz aurten bigarrenez eratzen ari den helduentzako Ikasi programaren berri, euskal-iparamerikarren historiaren panorama zabal bat, aurten San Franciscon egingo duten Udaleku haur programari buruzko informazioa eta uda honetan Europako Euskal Herrian obratuko diren Gaztemundu gazteentzako ihardunaldiak zein horren segidan Gasteizen gauzatuko den Euskal Etxeen Mundu-Biltzarra, ahaztu gabe Egunkariaren itxierari eskainitako atal berezi bat.