Euskararen normalkuntzaren aldeko Abbadia sarien 2005 ediziorako hautagaiak aurkezteko epea, zabalik
07/09/2005
Tinko Euskara Elkarteak jaso zuen 2004ko Abbadia Saria, 'Euskara Zine Aretoetara' programarengatik
PUBLICIDAD
1996az geroztik Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen aldeko lanean nabarmendu diren pertsona eta elkarteak omendu ditu Abbadia Sariaren bidez. Iaz Tinko Euskara Elkarteak jaso zuen saria eta berarekin datozen 12.100 euroak, Euskal Herriko zinema aretoetan filmak euskaraz ikusi ahal izatearen alde egindako lanagatik. Aurtengo sarietara hautagaiak aurkezteko epea ireki du orain Aldundi gipuzkoarrak, eta urriaren 15era arte bidali daitezke proposamenak. Hautagaiek bi erakunde edo elkarteen babesa izan behar dute proposamena aurkeztu ahal izateko. Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen normalkuntza bultzatu eta euskararen erabilera eta zabalkundean nabarmentzen diren pertsonak, hala nola elkarteak, omendu asmoz egiten du urtero Abbadia sarietarako deialdia. Anton Abbadia Thompson (1810-1897) zuberotar zientzialari eta euskaltzale ezagunaren izena daramaten sariok ezaugarri berezia dute, hautagaiak aurkezteko aukera baitago.
Aurtengo deialdia 2005eko irailaren 6ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu da eta hautagai proposamenak aurkezteko epea urriaren 15era arte egongo da zabalik. Gipuzkoako Foru Aldundiaz eta epaimahaikideez gain, gutxienez bi erakunde edo elkarteek batera hautagai bakarra babestu eta aurkez dezakete.
Beranduenez azaroaren 4an jakingo da aurtengo omendua nor den, eta saria bera abenduaren 1ean emango dute, ekitaldi ofizialean. Saridunak Xabier Laka zizelkariak sortutako oroigarria eta 12.100 euroko diru kopurua jasoko du.