euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Euskaltzaindiak aurten burutuko dituen mendeurren, ospakizun, jardunaldi eta batzarren berri eman du

14/01/2005

Euskaltzaindiaren 2005 hitzorduen aurkezpen ekitaldia
Euskaltzaindiaren 2005 hitzorduen aurkezpen ekitaldia

PUBLICIDAD

Abenduan bere zuzendaritza batzordea berritu eta Andres Urrutia euskaltzainburu aukeratu ondoren, Euskaltzaindiak 2005 urtean egingo dituen ekintzen egutegia eman du jakitera aste honetan. Ohiko batzarrez gain hainbat hitzordu izango ditu, mendeurren, ospakizun, hitzaldi eta jardunaldi ugari egingo baititu. Horien artean, Francisco Laphitz, Argentina eta Uruguayn misiolari ibilitako idazle baztandarraren heriotzaren mendeurrena, Joan Perez de Lazarraga jauntxo poetaren heriotzaren laugarren mendeurrena, Jean-Pierre Arbelbide erlijioso eta idazlearen heriotzaren mendeurrena eta Estepan Urkiaga, 'Lauaxeta'ren jaiotzearen mendeurrena.
Euskaltzaindiak aurten burutuko dituen ekitaldien egitaraua aurkeztu zuen asteazkenean egindako prentsaurrean. Egutegia apirilaren 22an hasiko da, Araban egingo dituzten XIV. Barne Jardunaldiekin.

Araban izango da baita ere hurrengo ekitaldia, apirilaren 23an Joan Perez de Lazarragaren heriotzaren IV. mendeurrena ospatuko baitute. Joan Perez de Lazarraga (1550 – 1605), Larrea Dorretxeko jauna zena, iazko ezuste literarioaren protagonista bihurtu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiak harek euskaraz idatzitako bertso, kanta eta maitasun-kontuen eskuizkribu baten berri eman baitzuen.

Ekainaren 24an Euskaltzaindiak Adolfo Arejita euskaltzain-oso berriaren sarrera-hitzaldia entzungo du, Bilbon. Uztailaren 22an Jean-Pierre Arbelbide (1841-1905) eta Francisco Laphitz (1832-1905) elizgizon eta idazleen heriotzen mendeurren ospakizunak egingo dira. Francisco Laphitz Arizkunen jaio zen eta urte luzeak eman zituen Argentinan eta Uruguayn betharramiten ordeneko misiolari, La Plata hirian hil zen artean.

Duela lau urte hasitako ohiturari jarraiki, aurten ere Euskaltzaindiak Nafarroa Oinezen, Nafarroako ikastolen jaian, parte hartuko du. Horretarako, irailaren 23an egingo du Altsasun hile horretako batzarra eta, Nafarroa Oinez dela eta egingo duen ageriko bilkuran, Juan Goikoetxea, euskaltzain urgazlearen jaiotzaren mendeurrena ospatuko du (1905-1973).

Urriaren 21ean Esteban Urkiaga 'Lauaxeta'ren jaiotze mendeurrena ospatuko du. Beste hainbat ekitaldiren artean, Euskaltzaindiaren batzarra Mungian, Lauaxeta (1905-1937) bizi izan zen herrian, egingo dute.

Azaroaren 25ean VIII. Herri Literatura Jardunaldiak egingo dituzte Donostian, 'herri-prosa' aztergai izango dutelarik. Abenduaren 16ean Bilbon ospatuko dira IX. Jagon Jardunaldiak, Bilboko Elizbarrutiak euskarari eman dion trataera aztertzeko.


Esteka interesgarriak

Euskaltzaindiaren webgunea
Euskaltzaindia.net

Euskaltzaindiaren 2005eko hitzorduen berri
Erabili.com webgunean (baliabide polita euskara kontuez jakiteko)

Francisco Laphitz, Argentinan eta Uruguayn ibilitako idazlea
Joxemiel Bidadorren artikulua


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia