euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Dantzan.com, munduko dantzari euskaldunen topagune zibernetikoa, goitik behera berrituta dator

03/05/2006

Dantzan.com webgune berriaren irudi bat
Dantzan.com webgune berriaren irudi bat

PUBLICIDAD

Euskal dantza, dantza garaikidea, klasikoa..., denek dute lekua dantzan.com webgunean. 2001. urtean Eibarko Kezka Dantza Taldearen webgune bezala sortu zen ekimenak erabiltzaile eta lagun gehiago bildu ditu urte hauetan zehar, mundu osoko euskal dantzariei zuzenduriko informazio gune bihurtu den arte. Aurten gainera, Dantzari Egunarekin batera, webguneak bere diseinu berria aurkeztu du, atal berriekin.
Dantzan.com webgunea 2001az geroztik munduko hainbat dantzarirentzako bilgune birtual eta erreferentzia bihurtu da, dantzaren inguruko berriak eta baliabideak eskainiz. Bere ibilbide arrakastatsuaren ispilu, 2003 urtean kultura alorreko Buber saria eskuratu zuen dantzarien guneak. Orain Dantzan.com-ek webgunearen berritze eta hobetzeari ekin dio eta joan den larunbatean diseinu eta atal berriekin agertu zen ziberespaziora, Nazioarteko Dantzari Egunarekin batera. Webgunearen diseinu berria-- edo Dantzan 2.0, webguneko kideek dioten bezala-- Code Syntax enpresaren eskutik etorri da.

Webguneak bere ezaugarri diren koloreak --gorria eta zuria-- eta oro har aurretik zituen osagai berak mantentzen ditu, hala nola albisteak, hemeroteka, argitalpenak, foroa, loturak, dantza testuen gordailua eta agenda, besteak beste, horiei hainbat atal berri erantsiz, eta arduradunen esanetan gehiago ere jarriko dituzte datozen hilabeteetan. Jadanik erabilgarri diren berrikuntzen artean, bilatzailea, argazki bildumak eta hainbat dantzariri eskainitako 'dantzariak' atala dira.

Dantzan.com webgunearen bilatzailea indartsuagoa da orain, eta webgunearen barruan bilaketak egiterakoan zehatzagoa. Gainera, bilaketa zehatz bati lotutako RSS jarioetara ere harpidetu daiteke erabiltzailea diseinu berriari esker. Argazkiei dagokienez, euskal dantza tradizionalaren alorreko 3.000 argazki jarri ditu sarean dantzan.com-ek izen bereko atalean.

Diasporako dantzari eta taldeak

'Dantzariak' izeneko atalean euskal balet dantzarien diaspora ezagutzeko aukera ematen du webguneak. Webguneko arduradunen esanetan 'Frankfurt-etik Wiesbaden-ra, eta Londrestik Copenhage-ra hainbat dira beren dantzari ibilbidea Europako konpainietan egiten ari diren euskal dantzariak', eta horien ibilbidea jarraitzeko aukera ematen du atal berriak. Berrogei bat dantzariren izenak, biografiak eta prentsa albiste eta elkarrizketak biltzen ditu webguneak.

Hainbat atalen artean dantzan.com-ek euskal diasporako dantza taldeei eskainitako tarte berezia ere eskaintzen du, 'Loturak' atalean. Bertan Paris, La Plata (Argentina), Newscastle (Inglaterra), Boise, Ontario eta Renoko (AEB) dantza taldeak agertzen dira oraingoz. Webguneak atal honetan lotura berriak jarri edo daudenak eguneratzeko aukera ematen du, eta diasporatik zerrenda honen parte izan nahi duten taldeek 'Lotura bat gehitu' edo 'Lotura bat eguneratu' leloetan klikatu eta webguneak ematen dituen azalpenak jarraitu baino ez dute egin behar.




Lotura interesgarriak

Dantzan.com webgune berritua
www.dantzan.com

Diasporako dantza talde batzuk:

Iparralde Dantzari Taldea, Buenos Aires, Argentina
www.iparraldedantzaritaldea.8m.com

Oinkari Basque Dancers, Boise, AEB
www.oinkari.org

Zenbat Gara Dantzari Taldea, Reno, AEB
www.dantzariak.net

Gernika Dantza Taldea, Paris, Frantzia
http://membres.lycos.fr/gernikataldea

Basque Dancing Society at New Castle UniversityErresuma Batua
www.societies.ncl.ac.uk/basque.dancing


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia