GipuzkoaEuskara.net webgunea zabaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak, euskararekin zerikusia daukaten albisteen hedabide
26/02/2004
PUBLICIDAD
Euskal eta erdal bertsioduna, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararen Normalkuntzarako Zuzendaritzak zabaldua da gipuzkoaeuskara.net eta lurralde horretan euskarari buruz sortzen diren era guztietako albiste, jarduera, laguntza, deialdi eta abarren isla ematea dauka helburu. Lehenengo egunotan eskaini dituen albisteen artean, euskara sustatzeko dirulaguntzen aurkezpena, Lazarragaren eskuizkribuaren berria edo webgunearen beraren sorrera daude. Tokiaren diseinua eta egituratzea Eibarko CodeSyntax enpresak egin du, Zope software libre eta kode irekikoa erabilita.EUSKAL KULTURA. Gipuzkoa eta euskara lotzen dituzten berriak eta bereziki euskara alorrean Foru Administrazioarekin zerikusia daukatenak bilduko ditu duela egun gutxi ofizialki zabaldu den webguneak, irizpide zabalez ordea.
Internet toki berriak jorratuko dituen gaien adibide, euskalgintzan diharduten hainbat elkarte, hedabide, enpresa eta oro har jardunak euskaraz garatzen dituzten konpainia, ekimen eta lagunentzako interes handikoa izan daitekeen euskara sustatzeko diru laguntzen deialdi berriaren epe-zabaltzea da informazio hau idazterakoan webguneak titularretan daukan albistea. Aurretik eskaini ditu Lazarragaren eskuizkribu ospetsuaren aurkezpena eta webgunea bera abiatu izanaren isla.
Berrien alorraz aparte, webguneak 'jarduerak', 'laguntzak' eta 'egutegia' sailak ere biltzen ditu, beti ere euskararen alor orokorrari lotuak.