Euskal Diasporari buruzko ikastaroa eskainiko du uztailaren 5etik 9ra UEUk Biarritzen, '...ta ibili munduan! Euskal Diaspora gaur egun' izenburupean
25/06/2004
PUBLICIDAD
'Geroz eta gehiago komunitate
transnazionalez mintzo garen garaian, migrazioek geroz eta pisu
handiagoa duten honetan, egungo euskal diasporaren nondik norakoak
aztertzea' proposatu eta halaxe hartu du helburutzat UEUko Antropologia sailak uztailaren bostetik bederatzira arte Biarritzen egingo duen ikastaroak. Aitzpea Leizaolak eta Araitz Rodriguezek koordinaturik, jardunaldiok Diasporaren gaia aztertu eta Zortzigarren Probintzia deitu izan den horren eskarmentu zuzena duten hainbat irakasle eta ikerleren lekukotasuna bilduko dute.EUSKAL KULTURA. Ikastaroak UEUko webgunean egiten duen aurkezpenean dioenez, "Txapela buruan ta ibili munduan", horra euskaldunok hitzetik hortzera
darabilgun esapidea. Euskaldunak munduan barrena barreiaturik bizi gara,
zenbaitzuetan aspaldidanik finkatutako komunitateak osatuz sorterritik
urrun: Ameriketan, Ipar zein Hego, Australia, zein Europan barrena topa
ditzakegu ibilbide luze edo laburragoko euskal etxeak. Sakabanatuago bizi
direnak ere badira, bai eta etengabeko joan-etorrian direnak ere. Ibilbide
desberdinak izan arren, guztiek osatzen dute euskal diaspora, egoera eta
herrialde desberdinetara egokituz. Geroz eta gehiago komunitate
transnazionalez mintzo garen garaian, migrazioek geroz eta pisu
handiagoa duten honetan, egungo euskal diasporaren nondik norakoak
aztertzea dugu helburu.
Ikastaroaren xede hurbilei dagokienez, hauek Diaspora eta migrazio fenomenoak aztertu eta euren dinamikak hobeto
ulertzea dira, eta horrekin batera euskaldunon hurbileko historiari erreparatuz, euskal diasporaren egungo
aldaerak aztertzea, ikerketa metodologia aldetik, ahozko historia eta bizi-istorioen garrantziaz ohartaraziz'.
Ikastaroa Biarritzen izango da, uztailaren 5etik 9ra bitartean, eta 22 ordu iraungo ditu, hogeita hamar ikasle onartuko ditu gehienez eta 120 euroko prezioa izango du. Parte hartuko duten hizlari eta irakasleen artean, Txomin Peillen, Benan Oregi, Argitxu Camus-Etchecopar, Begoña Pecharroman, Mielanjel Elustondo, Oskar Alvarez Gila, Nekane Otarbide, Imanol Galfarsoro eta Aitzpea Leizaola bera daude, besteak beste.
Esteka osagarriak
Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) webgunea www.ueu.org