euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Eskualdeen Munduko Foroa inauguratu du Lehendakariak Gasteizen (Irekian)

2017/11/27

Orain dela hamar urte adostutako konpromiso fundazionaletan berretsi da, eta mundu global honetan eskualdeen ahotsa entzunaraztea da horietako bat

Lotura: Irekia.euskadi.eus

Eskualdeen Munduko Foroa inauguratu du Iñigo Urkullu Lehendakariak, gaur eta bihar Gasteizko Europa jauregian izango dena Eskualde Batuen Erakundearen (ORU Fogar) urteko batzarraren esparruan. Erakunde honen hamargarren urteurrena denean bere helburuen artean dago bitarteko gobernuen ahotsa nazioartean entzunaraztea eta garapen orekatuaren eta lurralde-kohesioaren politika global bat bultzatzea. Hala, Lehendakariak aukera izan du topaketa honetan Euskadiren nazioarteko bokazioa eta konpromisoa aldarrikatzeko.

Foro honetan Europako, Asiako, Afrikako eta Amerikako estatu azpiko gobernuetako ehun ordezkari baino gehiago bilduko dira egunotan, eskualdeetako elkarteez gain. Gaur goizean izan den inaugurazioan, Lehendakariaz gain parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzetarako idazkari Marian Elorzak, ORU Fogar erakundeko lehendakari eta, aldi berean, Rabat-Zalé-Zemour eskualdeko lehendakari Abdessamad Sekkalek, ORU Fogar-eko bigarren lehendakariorde Leyre Madariagak, eta bertako idazkari nagusi Carlos Llorensek.

Urte hauetan guztietan foroak egindako lana aztertzeko, Marseillako bere deklarazio fundazionalean bildu ziren helburuak berresteko eta etorkizunari begira jartuteko ardatz berriak azaltzeko ere balio izango du hamargarren urteurren honek. Egunotan Gasteizen izango diren eztabaidetatik eratorritako azken ondorioak ORU Fogar-en estrategiarentzako oinarria izango dira datozen urteetarako.

Lehendakaria pozik agertu da hamar urte hauetan egindako bidearekin eta “aurrera egiten jarraitzeko” ilusioa adierazi du. Gainera, konpromiso fundazionalak ere nabarmendu ditu, horien artean globalizazioan eskualdeen ahotsa entzunaraztea, estatukoak ez diren mailak barnean hartuko dituzten gobernantza estrategikoko arauak antolatzea eta parte hartzen duten eskualdeen arteko elkarlana bultzatzea. “Guztiok dakigu elkarrekin lanean jarraitu behar dugula gero eta irekiagoa eta globalagoa den mundu honetan gure zereginaren garrantzia nabarmentzeko”, gaineratu du.

Hala, Lehendakariak aukera izan du topaketa honetan Euskadiren nazioarteko bokazioa eta konpromisoa aldarrikatzeko. Gogorarazi duenez, berariazko presentzia du Euskadik munduko 76 herrialdetan, nazioarteko 75 saretan parte hartzen du eta nazioarteko 7 bazkide estrategiko ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritza une honetan aurrera eramaten ari den jardueren artean, hauek nabarmendu ditu: Basque Country 2020 Euskal Estrategia eguneratzea, “Euskal ikuspegia Europar Batasunaren etorkizunari buruz” dokumentua lantzea eta Nazio Batuen Agenda 2030eko Garapen Iraunkorraren 17 helburuak gauzatzea. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia