euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

AEBetako aktibo nagusiak lantzera: Gure Esku Dago ere Boiseko Jaialdin izango da, Ibarretxe lankide (Berrian)

2015/07/26

Gure Esku Dago-k erabakitzeko eskubideari buruzko jardunaldi batean parte hartuko du ostegunean Boisen. Balizko prozesu baterako harremanak jorratu nahi ditu,

Lotura: Berria

Enekoitz Esnaola. Gure Esku Dago dinamika ere izango da Boiseko (Idaho, AEB), Jaialdian. Han ere, euskal herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Eta, batik bat, harremanak egiteko. «Guk ere inoiz Eskozian bezala erreferendum bat egin nahi badugu, AEBetako euskal jatorriko lagunekin kontatu beharko dugu. Munduan, AEBetan ditugu aktibo nagusiak». Hala adierazi dio dinamikako bozeramaile Angel Oiarbidek Berriari Boisera joan aurretik.


Etzi abiatuko da alde hartara, Jon Camio kidearekin eta beste batzuekin batera. Datorren ostegunean Camiok erabakitzeko eskubideari buruzko jardunaldi batean hartuko du parte Boisen; Gure Esku Dago-ren ibilbidearen eta etorkizunerako dituen erronken inguruko hitzaldia emango du, Future. Decision. Together (Etorkizuna. Erabakia. Elkarrekin) izenekoa. AEBetako euskal diaspora ondo ezagutzen du Kamiok, 25en bat urte egin baititu Kalifornian bizitzen —duela zazpi urtetik Euskal Herrian da atzera berriz—.

David Bieter Boiseko alkate euskaldunak emango dio sarrera hilaren 30eko ekitaldiari, eta, Camiorekin batera, Joshua Fisher Columbia Unibertsitateko AC4-zentroko zuzendaria eta Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi eta Agirre Lehendakaria Centerreko burua ariko dira. Euskal iritzi publikoaz mintzatuko da Fisher, eta Ibarretxek, elkarrekin aritzeari emango dio garrantzia. Grove hotelean izango da saioa, hango arratsaldeko bostetan hasita, ordu eta erdikoa.

«AEBetako euskal jatorriko jende askori bidali diogu jardunaldiko gonbita, gure ustez eraginkortasun bat duenari. Haiekin egon nahi dugu, haiek behar ditugulako», dio Oiarbidek. Besteak beste, John Garamendi Kaliforniako senatari eta Alderdi Demokratako kideari helarazi diote Boisen egoteko proposamena. «Garamendi oso politikari garrantzitsua da AEBetan, ez Kalifornian bakarrik, eta guk horrelako aktiboak behar ditugu euskal prozesu baterako». Mike Bidart Los Angelesko abokatua edota Mark Bieter Washingtongo jurista ere Gure Esku Dago-ren gonbitaren jakinaren gainean dira. «Boiseko alkatearen anaia da Mark, Gure Esku Dago-ren gizona AEBetan».

Oiarbidek onartzen du lan asko dutela egiteko munduak Euskal Herria badela jakin dezan, eta euskal herritarrek ere erabakitzeko eskubidea dutela aitor dezaten. AEBetako hedabideen jarraipenik eza jartzen du adibide modura: «Guk Euskal Herriko eta gure dinamikaren berri New York Times-i eta halakoei ere bidaltzen diegu. Badakigu zein kazetarik jorratu izan dituzten Eskoziako erreferenduma-eta, baina gure albisterik ez dute argitaratzen». ETAk jarduera armatua bukatu izana bai, atera zuten; euskal herritarren etorkizun politikoaz, informazio ale gutxi munduan. «Euskal Herrian gatazka politiko bat aspalditik dago, eta tartean 50 urte pasatxoko gatazka armatu bat ere izan da. Utzi du ETAk, baina munduan askok Euskal Herria oraindik ere konfrontazio batekin lotzen dute. Boiseko Jaialdian, esate batera, ez dituzte gustuko Euskal Herriko liskar politikoak jorratzea, saihestu egiten dute. Eta logikoa da, haiek nahikoa lan badutelako euskarari eta euskal kulturari eusten. Guk haiei erakutsi nahi diegu demokraziari buruz ari garela eta adostasunak lantzea dugula helburu. Kanpora begira ere, ordea, badugu egitekorik».

Baina baikor da Oiarbide. Esaten du euskal herritarrek Barack Obama AEBetako presidentearenganaino heltzeko modua badutela, adibidez. «Begira David Bieterri, joan den otsailean Washingtondik Idahora Obamarekin batera joan zen hegazkinean. Bieterrek esan zuen hitz egin zutela pixka bat Euskal Herriari buruz». Dena dela, Bieterrek berak kazetari honi azaldu zion Obamaren hegazkineko bidaian eta AEBetako presidenteak Boisen egindako egonaldian ez zutela Euskal Herriko bake prozesuaz hitz egin. Obamaren presidentetza garaian —2009an hartu zuen kargua—, Etxe Zuria mintzatu izan da Euskal Herriko egoera politikoaz: 2011ko urriaren 21ean, aurreko egunean ETAk jarduera armatua behin betiko bukatu zuela jakinarazi zuela medio; ohar bat atera zuen, eta rakunde armatuaren erabakia «pauso historikotzat» jo. Mami politikoaz, ordea, sekula ez da mintzatu jendaurrean.

Potentzialitatea

Gure Esku Dago-ko bozeramaileak azpimarratzen du munduan euskal jatorriko milioika lagun daudela —«Argentinan %10ek dute euskal jatorria»—, euskal diasporaren multzo handi bat antolatuta dagoela euskal etxeen bidez-eta, eta hau dela garaia hori guztia baliatzeko. «Jendeak ez dezala pentsa betiko izango dugunik euskal diaspora hau. Hori jaitsiz joango da, normala denez. Beraz, aldi historiko bat bizitzen ari garenez Euskal Herrian, landu dezagun diaspora ere. Potentzialitate handia dago. Hor dugu oraintxe arte Uruguaiko presidentea izan dena, Pepe Mugica, eta ikusi nola bizi duen Euskal Herria». Oiarbidek uste du Euskal Herriak orain arte haiei ez diela ondo erantzun.

Haren arabera, gaur egun Euskal Herrian eta munduko beste herri askotan jende asko ari da «sintonia berean lanean», besteak beste erabakitzeko eskubidea eta herritarren protagonismoa ardatz hartuta, eta baikor izateko osagaitzat du hori guztia. Oraingoz, Boiseko irteeran, harremanak lantzen segituko du Gure Esku Dago-k.


IRAIL BUKAERAN BATZARRA, GEROA MARRAZTUZ JOATEKO

Bost aste igaro dira Gure Esku Dago-k estadioetako-eta ekitaldiak antolatu zituela. San Mames, Anoeta eta Iruñeko zezen plaza erdizka bete zituen, eta dinamikak aitortu zuen aurrerantzean gogotik egin beharko duela lan «aulki hutsak» betetzeko. Segitu dute lanean, Angel Oiarbidek dioen bezala, eta irailaren 26an batzar nagusi bat egingo dute, hurrengo urteetako plangintza bat adosteko. Oiarbidek dio plangintza bat taxutzen ari direla 80ren bat lagun, eta oinarri gisa aurkeztuko dutela irail bukaeran. «Hemendik hiruzpalau urteko egoera nolakoa izatea nahi dugun marraztu nahi dugu, ez urtebete barrukoa soilik». Herrialdeka ari dira beharrean. Duela hilabete pasako ekitaldietan, ia 250 batzorde zeuzkan Gure Esku Dago-k.


JAURLARITZA, BASQUE COUNTRY ESTRATEGIAREKIN

Maddi Ane Txoperena Iribarren. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta gobernuko bertze hainbat ordezkari ere Boisen (Idaho, AEB) izanen dira heldu den astean, eta hango Jaialdia Jaurlaritzaren Basque Country estrategia zabaltzen segitzeko baliatu nahi dute. Hainbat bilera instituzional, politiko, ekonomiko eta kultural eginen dituzte. «Euskal diasporaren eta Euskadiren arteko harremana» ere indartu nahiko lukete bidaiarekin.

Lehendakariarekin batera joanen dira Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Marian Elortza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Asier Vallejo kanpoko euskal komunitatearen zuzendaria. Asteartean abiatuko dira, eta abuztuaren 2ra arte egonen dira, Jaialdiak irauten duen denboran. Hango politikariekin elkartzeko aukera izanen dute; bertzeak bertze, Butch Otter Idahoko gobernadorea eta David Bieter Boiseko alkatearekin elkartuko dira. AEBetako «goi mailako teknologiako» hogei bat enpresarekin ere ezarria dute hitzordua. Elortzaren hitzetan, Idahorekin duten harreman ekonomikoa «areagotzea» da Jaurlaritzaren helburua.

Boise State unibertsitatearekin ere sartuko dira harremanetan, halaber. Euskal ikasketei lotutako adar bat du erakunde horrek, eta, hain justu, EAEko gobernuaren eta unibertsitatearen artean lankidetza hitzarmen bat izenpetuko dute datozen egunetan.

Bisita diasporari

Erakundeez gain, diasporako euskaldunak eta leku esanguratsuak bisitatzeko aukera ere izanen du Urkulluk. Basque Block kalea izanen da haietako bat: Euzkaldunak euskal etxea —horko kideek antolatzen dute Boiseko Jaialdia—, Euskal Museoa eta Anduiza pilotalekua daude han. Boiseko ikastolara —eraikin propioa ireki berri du— eta Morris Hill hilerrira ere joanen dira Jaurlaritzakoak. Ameriketara artzain joandako euskaldun andana bat dago ehortzita hilerri hartan.

Ipar Amerikako Euskal Elkarteen NABO erakundearekin ere elkartuko da Jaurlaritzako lehendakaria. Izan ere, urteko bilera Boiseko Jaialdian eginen du taldeak, eta han hartuko du parte Urkulluk ere.


IBARRETXEREKIN,«HARREMAN ZENA KONPLIZITATE BIHURTU DUGU» 

Enekoitz Esnaola. Boiseko Jaialdiak euskal diasporan daukan garrantziaren jakitun izanik, aurten han egoteko asmoa aspalditik zeukan Gure Esku Dago-k, eta, jakin zuenean antolatzaileek stand-ak eskaini zizkietela elkarteei-eta, haietako bat eskatu zuten. Ezezkoa jaso zuten, euren harrigarri. Antolatzaileek azaldu zieten politikarekin lotutako posturik ez zutela nahi. «Beraz, gu mugimendu politiko gisa ikusten gaituzte han», dio Angel Oiarbide Gure Esku Dago herritar dinamikako eledunak. «Guk Euskal Herrian beti diogu erabakitzeko eskubidearen inguruan demokraten arteko batasuna lortu nahi dugula, hau ez dela abertzaleen arteko batasun baten bila jotzea. Uste dugu ari garela ideia hori txertatzen euskal gizartean, baina Boisen oraindik ez dute, nonbait, horrela ikusten».

Agirre Lehendakaria Centerrera jo zuten orduan Gure Esku Dago-koek, Boisen egote aldera. Harremanetan jarri ziren haren buru Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiarekin. Berriz ere bi parteak hartu-emanean, Oiarbidek azpimarratu duenez. «Ibarretxek Columbia Unibertsitatearekin badu harremana, eta, halaxe, Boisen erabakitzeko eskubideaz-eta aritzeko jardunaldi bat antolatu dugu hiru eragileon artean».

Oiarbidek garrantzia ematen dio Ibarretxerekin duten hartu-emanari. «Badira urte batzuk elkarren berri badugula, eta lankidetzan aritu izan gara, dela mahai inguru bat antolatzeko, dela hark gure bi dokumentaletan parte hartzeko... Beraz, Ibarretxeren eta Gure Esku Dago-ren arteko hau jadanik ez da harreman hutsa; harreman zena konplizitate bihurtu dugu».

Xabier Irujo Nevadako (AEB) Unibertsitateko euskal ikerguneko zuzendari Ibarretxek giza garapen iraunkorreko euskal esperientziaren inguruko ikerkuntza liburua ingelesera itzuli berri du, eta jardunaldia baliatuko dute horri buruz ere aritzeko.

Jaurlaritzako lehendakari ohia aste honetan ere mintzatu da erabakitzeko eskubideaz, ETBn emandako elkarrizketa batean. Argi utzi nahi izan du bere alderdi EAJrentzat ardatz «estrategikoa eta egiturazkoa» dela erabakitzeko eskubidea. «Inor ez dadila nahastu EAJrekin. Argi dugu herri bat garela eta gure etorkizunaz erabakitzeko eskubidea dugula».

Ibarretxek 2009an utzi zituen ardura politikoak, lehendakaritzan haren partez Patxi Lopez sozialista jarri zenean, baina orain, «akademiko gisa, gauza bera egiten» segitzen du, aitortu duenez: «Gure herria, Euskal Herria, Euskadi, Vasconia, munduko plazan kokatzeko lanean». Uste du «gauzak pixkanaka mugitu» egingo direla, Eskozian-eta mugitu direlako, baina, oroz gain, irizten dio euskal herritarren esku dagoela etorkizuna eraikitzea: «Nik dagoeneko ez dut aitzakiarik onartzen: Madrilek ez dit uzten, Parisek, Bruselak… Gaur egun, ezerk ezin du gelditu borondate demokratikoa. Geure esku dago, eta, nahi badugu, lortuko dugu». Adierazi du «gizartean batzuetan» badagoela «garai berrien aukerak aprobetxatzen ez diren sentsazio bat». Indar abertzaleen arteko lankidetza nahiko lukeela esan du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia